Ibai Azurmendi. Euskaltel Euskadiko txirrindularia

«Afizioa ofizio bihurtu dut, eta lasterketa bakoitza opari bat da»

Bizitzaren garraztasunak harrapatu zuen iazko abuztuan: COVID-19ak heldu zion, eta estu ibili zen. Urte erdi behar izan zuen bere onera itzultzeko. Bere lehen Itzulian, atzoko etapan, gertu izan zuen garaipena.

EUSKALTEL-EUSKADI / BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
Leitza
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Leitzakoa da Ibai Azurmendi (1995), eta haren herrian hasi zen Itzuliko atzoko etapa. Omenaldia egin zioten herrikideek, «ikaragarria» haren hitzetan, «bizitzan gutxitan tokatzen direnetakoa». Arrebak eta beste herrikide batek agurra ere dantzatu zioten. Mikel Nieve (Caja Rural) herrikidea ere omendu zuten. Gero, eguneko ihesaldian sartu zen, eta 200 kilometrotik gora egin zituen ihesean, Julen Amezketa (Caja Rural), Ander Okamika (BH Burgos) eta Ibon Ruizekin (Kern Pharma) batera. 1,5 kilometro falta zirela jan zuen tropelak Leitzako txirrindulari bizia. Lehen Itzulia da, eta lehendabizikotik hasi da protagonista izaten.

Estreinakoa duzu etxeko lasterketan, eta hasieratik zeresana eman duzu: ia garaipena etapan.

Bete-betean hasi nuen eguna. Ezagutzen ditut bazterrak, eta banekien nondik nora mugitu. Ondo ikusi nuen neure burua, eta lasai. Irabaztera jokatu nuen; azkeneko aldapan jotzea zen asmoa, baina Ken Pharmakoa azkarrago mugitu zen, eta, aldapara heltzerako, gainean geneukan tropela.

Damutzen zara zerbait oker egin izanaz?

Ez naiz ezertaz damutzen. Oso pozik nago egindako etapaz. Bila jarraitu beharko dut hemendik aurrera ere.

Zuretzat lehen Itzulia izanik, jende askori galdetu al diozu Itzulia zer den barrutik?

Honen xarma da galdetu gabe ere jakin daitekeela nolako lasterketa den, eta asko esaten du zaleez eta Itzuliaz. Ilusio handiz nago. Ametsa betetzen ari naiz lehen aldiz Itzulian parte hartuz, eta, gainera, etapa bat etxetik atera da.

Eta sasoi onean, ikusi denez.

Ongi. Altueran kontzentrazioa egin dut martxoan hogei bat egunez Sierra Nevadan, eta, handik bueltan, hemen osatu dut lana. Mailarik onena lortu dut, eta espero dut errepidean erakustea, eta taldeari laguntzea.

Itzulia, ibilbide menditsua, zu igotzailea zara... Gauza onak bakarrik atera daitezke hortik.

[Barrezka]. Badakigu nolako maila dagoen Itzulian, eta badakigu gure taldearen lekua zein den. Maillot laranja aurrean erakutsi nahi dugu, protagonistak izan, eta hasieratik saiatzen ari gara ihesaldietan-eta sartzen, geure burua erakusten, borrokan.

Zein dituzu denboraldiko helburuak?

Lasterketaz lasterketa joatea. Une txar-txarra pasatu nuen iazko abuztutik, eta orain pozik nabil, nire maila emateko gai naizelako berriz. Horri esker lortu ahal izan dut lekua Itzulian, eta hemen daukat burua. Ahalik eta onena egin nahi dut, eta gero gerokoak.

Iazko abuztuan COVID-19a harrapatu zenuen, eta gogor erasan zizun. Ahaztua duzu, ala oraindik presente?

Presente daukat, baina onerako. Begiak ireki zizkidan. Gaizki pasatu nuen psikologikoki; animoz oso urri egon nintzen. Orain, beste begi batzuekin ikusten dut txirrindularitza. Gertuko gauzei balio handiagoa ematen diet. Adibidez, taldearen jarrera txalotzekoa izan zen: laguntza handia eman zidaten. Etxekoak eta lagunak ere hor dauzkat. Hau opari bat da; afizioa ofizioa bihurtu dut, eta lasterketa bakoitza opari bat da niretzat.

Txarrak ere baduela onetik, azkenean.

Hori da. Gauza txarrak gertatzea ez dago gure esku, baina gure baitan dago txar horiek baliatzea gure etorkizuna hobetzeko.

2018tik zabiltza profesionaletan. Iristea eta jarraitzea gauza handia izanik, zer gehiago nahiko zenuke?

Irabazi. Horretarako prestatzen gara azkenean. Bi urtean ezin izan dut aurreratu, baina ari naiz aurreraka; taldean egonkortuago nago. Aurrerapauso onak ari naiz ematen, sendoak, eta onera noa. Oso gustura nago taldean. Eguneroko motibazioa dut pauso horiek ematea eta, ondorioz, gauza politak lortu ahal izatea egunen batean. Beste aldarte batekin iristen naiz lasterketetara, burua lasaiago eta arinago, gauzak ondo egiteko gogoz, baina neure burua estutu gabe. Errendimendu hobea izaten laguntzen dit.

Izarren artean ari zara Itzulian. Norbaiti propio erreparatzen ari zara?

Neure burua zaintzearekin badut nahikoa. Gure taldearen lana da besteei aurrea hartzea, ihesaldietan sartuz. Polita da munduko onenekin batera lehiatzea, baina behin irteera eman orduko, bakoitza berera joaten da.

Zein duzu Itzuliko lehen oroitzapena?

Anaiarekin joan nintzen Ibardingo igoera bat ikustera, eta orain, urte batzuk geroago, ni lasterketan izatea ez nuen pentsatuko orduan. Igor Antonekin atera nuen argazkia, eta orain zuzendari dudan Jorge Azanza ikusten egon nintzen. Orain hura aritzen da ni animatzen autotik. Zenbat buelta ematen dituen bizitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.