Kito. Amaitu da Munduko Saskibaloi Txapelketako lehenbiziko fasea. Atzo jokatu zituzten C multzoko azken partidak Barakaldoko BECen. Partida orekatua Finlandia eta Zeelanda Berriaren artekoa; ozeaniarrak ozta-ozta gailendu zitzaizkien finlandiarrei (65-67), partida osoko 10 puntu ingururen errenta azken txanpan ia-ia galduta. Finlandiak, horrenbestez, agur esan dio txapelketari. Lehen aldia izan du Munduko Txapelketan, eta garaipen bakarrarekin aurrenekoan hartu du etxerako bidea. Turkia eta Dominikar Errepublikaren arteko emaitzaren zain geratu ziren, berriz, Zeelanda Berrikoak, lehiak jarraituko zuten edo ez jakiteko —21:30ean hasi zen azken partida hori—.
Ez zen horren estu eta larri joan Ukraina eta AEBetako selekzioaren arteko lehia. Espero bezala, eta aurreko partida guztietan egin bezala, nagusitasun osoz irabazi zuen Mike Krzyzewskiren taldeak (71-95). Ukrainak, hori bai, ezin hobeto ekin zion partidari. Mike Fratelloren jokalariak aurretik iritsi ziren lehen laurdenaren amaierara (19-14), eta ez da gutxi. Baina bigarren laurdenean sartu bezain pronto galdu zuten ordura arteko errenta guztia. Indarrak gorde, eta gutxi jokatu dutenak kantxaratzeko aprobetxatu zuen Krzyzewskik, kanporaketak buruan zituela.
Saskibaloia. Munduko Txapelketa
AEBak hurrengo fasera, Ukraina aise gailenduta; etxerako bidean da Finlandia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu