Aritz Adurizek Athleticen jarraituko du gutxienez beste urtebetez. Aurrelariari denboraldi honen amaieran amaituko zitzaion kontratua talde zuri-gorriarekin, baina klubak eta jokalariak akordioa lortu dute hitzarmena beste sasoi batez luzatzeko, 2019ko ekainaren 30era arte, hain zuzen. Kontratuan 40 milioi euroko etete klausula ere adostu dute.
«Oso pozik nago, eta oso eskertua Athletici, ia nire familiatzat dut. Orain, beti bezala, klubak erakutsi didan konfiantza ordaintzen saiatuko naiz. Espero dut aurrerantzean ere pozik egon daitezela nire lanarekin, orain dauden moduan», esan zuen Adurizek kontratua sinatu ondoren Athleticek klubaren webgunean jarritako mezuan.
36 urteko aurrelariak —37 beteko ditu otsailean— hamargarren sasoia du lehen taldean, azkeneko seiak jarraian. 338 partida jokatu ditu, eta 154 gol sartu. Donostiarra zortzigarren da elastiko zuri-gorriarekin gol gehien sartu dutenen sailkapenean.
Adurizi eta Beñat Etxebarriari kontratua berrituta —erdilariak 2020ra arte luzatu du—, sei jokalariri amaituko zaie kontratua denboraldi honen amaieran; Kepa Arrizabalaga, Eneko Boveda, Xabi Etxeita, Enric Saborit, Kike Sola eta Ager Aketxeri, hain zuzen ere. Klubaren lehentasuna atezainak hitzarmena luza dezan da. Ia urtebete daramatzate bi aldeak negoziatzen, baina oraingoz ez dira ados jarri. Aurki askatuko da korapiloa, urtarrilaren 1etik aurrera Kepak nahi duen taldearekin negoziatu ahalko baitu.
Adurizek beste urtebeterako berritu du kontratua, 2019ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu