Red Bull taldeko kontrol sistemen ingeniaria

Ainhoa Begiristain: «Adrenalina da 1 Formulan gehien gustatzen zaidana»

Oso txikitatik argi zuen bere pasioa, eta Erresuma Batura joan zen batxilergoa amaitu berritan. Zuzenean egungo talde garrantzitsuenean hasi zen, Red Bullen, 2022ko urtarrilean. Kontrol sistemen ingeniaria da Sergio Perez gidariaren autoan.

Ainhoa Begiristain. ORACLE RED BULL RACING-GETTY IMAGES.
Ainhoa Begiristain. ORACLE RED BULL RACING-GETTY IMAGES.
Laurentzi Garmendia
BARTZELONA
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Munduko 1 Formula Txapelketako sari nagusia jokatu dute asteburuan Montmeloko zirkuituan, Bartzelonan. Red Bullen Energy Station eraikinean egin du elkarrizketa Ainhoa Begiristainek (Ataun, Gipuzkoa, 1994), entrenamendu saioak hasi aurretik. Red Bulleko komunikazio arduradunak aurrez galderak ingelesez eskatu baditu ere, elkarrizketa euskaraz egiteko baimena eman du.

Zer esan zizuten lagunek eta familiak kanpora zindoazela esan zenienean?

Aitak zera esan zidan: «Hori nahi baduzu, aurrera». Amak, berriz, hauxe: «Ingeniaritza egin nahi duzula? Oso ondo. Ordizian [Gipuzkoa] badago Mondragon Unibertsitatearen campusa, etxean gelditu nahi baduzu» [barrez]. Baina ez, nire plana zera zen, Ingalaterra gustuko ez banuen: Bartzelonan edo Valentzian automobilgintza ingeniaritza edo ingeniaritza aeronautikoa ikastea.

Behin esan zenuen 1 Formula urte batzuetarako ondo zegoela, baina hamar urteren ostean astunegia izan zitekeela. Zenbat aldatu da zure ikuspegia?

Egia esango dizut: ni ez naiz 24 lasterketetan ibiltzen. Nire lanpostua batzuon artean egiten dugu: lasterketa erdiak eta testak egiten ditut. Ni oso gustura nago. Hala ere, aste bukaera asko egiten ditut etxetik kanpo: gutxi gorabehera 60-70 egun egiten ditut etxetik kanpo urtean. Munduan batetik bestera ibiltzen naiz. Niretzat nahikoa da. Baina oraindik beste urte batzuetarako badaukat. Behin probatu eta gero, ezin dut ezetz esan.

Pentsatzekoa da 1 Formulaz irudi bat izango zenuela. Orain, barruan zaudela, zertan aldatu da irudi hori?

Erakutsi nahi duena soilik ikusten da. Azkenean, telebistan gauza bat ikusten da. Hemen paddock-ean gaude, eta ikusten dira pitwall-a, boxak, hortik kanpokokoak eta pistan dagoena, baina hemen sekulako muntaketa dago. Automobilgintza industriatik 1 Formularako jauzia ikaragarria da. Hobekuntzarik baldin badago edo ideiaren bat baldin badago ezer hobetzeko, berehala saiatu eta autora doa.

Hemen helburu bakarra dago: irabaztea. Motibazioa ala estresa da hori?

Motibazioa. Egia esan, sekulako zortea izan dut: nire lehen denboraldi osoa iazkoa izan zen, eta egon nintzen lasterketa guztiak irabazi genituen.

«Sekulako zortea izan dut: nire lehen denboraldi osoa iazkoa izan zen, eta egon nintzen lasterketa guztiak irabazi genituen»

Zenbatetan izan zara aurten?

Aurten, Australian eta Miamin izan nintzen [barrez]: aurrenekoa Sainzek [Ferrari] irabazi zuen, eta bigarrena Norrisek [McLaren]. Baina iaz ez nintzen Singapurren egon, eta beste lasterketa guztiak irabazi genituen. Lasterketa bakoitzak ilusioa pizten du, eta pena da irabazi ezin izana edo gure autoan zer gertatu den ez jakitea eta ezin han egotea. Talde guztiak dauka hobetzeko mentalitatea: beti aurrera, zer hobetu dezakegun... beti baitago zerbait hobetzeko.

Oso bistakoak dira estrategia, pneumatikoak, suspentsioak... Kontrol ingeniaritza ezkutuko lana al da?

Bai, guk lan gehiago egiten dugu softwarearekin. Gure errendimenduko arlo nagusiak irteerak dira. Horiek gaizki baldin badoaz, nahikoa aditu behar dugu. Irteeran postuak galduz gero... gaizki! Lan egiten dugu ostiraletan entrenamendu libreen ostean irteera parrillan irteera bat egiteko. Hori eskatzen diegu Hugh Bird edo Gianpiero Lambiase lasterketa ingeniariei, behar baitugu. Eta ondoren gidariekin hitz egiten dugu. Ez baitaukagu trakzio kontrolik, eta guztia haien eskuetan baitago; zenbat eta gehiagotan errepikatu, orduan eta hobeto. Hori egiten ari zarenean, errendimenduagatik ez bada, autoaren osasuna begiratzeko da. Bai aldagailua, enbragea, sistema hidrauliko guztia, direkzioa... bolantea ere guk programatzen dugu. Aspertu, behintzat, ez gara aspertzen!

1 Formulan ez zaudenean zer egitea gustatzen zaizu gehien?

Bada, euskaldun ona naizenez gero, mendian ibiltzea. Mendi askorik ez daukagu Erresuma Batuan, nahiko laua baita, baina laku dexente badago orain bizi garen Milton Keynes inguruan. Eguraldiak askorik laguntzen ez badu ere, ibiltzea gustuko dut. Udan, Lake District lakura goaz oporretan, pixka bat naturarekin erlazionatzera. Hemen, autoekin eta hegazkinekin batetik bestera ibiltzen gara, eta beste modu batera atseden hartzeko beharra izaten dugu.

Zer moduzko bizitza daramazu? Posible al da deskonektatzea?

Lan guztietan bezala, beste lan batzuen aldean, desberdintasuna da niri gustatu egiten zaidala. Eta zerbaitean egun batean beranduxeago gelditu behar badut zerbait lotuta uzteko, edo simulazio bat egiten ari baldin banaiz, gelditu egiten naiz. Zerbait baldin badago, saiatu egiten zara. Bestela, deskonektatzea posible da. Hala ere, hemen zirkuituan ez banago, lasterketa guztiak ikusiko ditut lantegian.

«Lan hau ezin dut egin Euskal Herrian. 1 Formulako talde bat sortzen badugu, garai batean Epsilon-Euskadi izan zen bezala, ezezkorik ez dut esango»

Gustuko dituzun bi gauza eta gutxien gustatzen zaizkizun biak.

Gehien gustatzen zaidana adrenalina da; lasterketa hasten denean daukazuna... hori ezin da adierazi. Eta munduan zehar ibiltzeko aukera ere bai, asko gustatzen zait. Gutxiena, berriz, [asko pentsatu du], ez dakit esaten, benetan.

Beste modu batera galdetuta, zer aldatuko zenuke?

Aldatu... Nik uste dut aldaketa zikloan gaudela, batez ere aniztasunari dagokionez. Aniztasun handiagoa dago, alde guztietako nazioarteko jende gehiago, eta gutxiengoetako jende gehiago ere bai. Uste dut hori behar dugula, ez dela lehengoa. 1 Formulan beti izan dira izen eta gizonezko ingelesak edo italiarrak. Hori aldatzen ari da, eta pozgarria da. Ni ere hementxe nago.

Jabetzen zara aldaketa horren eragile zarela, eta zure ereduak emakume gehiago animatu ditzakeela?

Bai, bai, anima daitezela. Batez ere, ingeniaritzaren gisako karrera bat ikastera; oso ondo dator. Ate asko irekitzen dizkizu, baita 1 Formulan ere, lan oso espezializatua egiteko. Baina bestelako arlo askotan balio du. Matematika eta fisika gustatuz gero, aukerak daude. Ez da guztia medikuntza edo bestelako zientzia batzuk.

Inoiz Euskal Herrira bueltatzeko asmoa al duzu?

Aurtengo Gabonetan hamabi urte izango dira kanpoan nagoela, eta Gabonetan itzultzen naiz beti. Hortik aurrera, lan hau ezin dut egin Euskal Herrian. 1 Formulako talde bat sortzen badugu, garai batean Epsilon-Euskadi izan zen bezala, ezezkorik ez dut esango, baina lan hau egin nahi dudan bitartean...

Zer lasterketaz duzu oroitzapenik onena?

Parte hartu nuen lehen lasterketarena; 2022an, Monzan izan nintzen [Italia]. Lehenengo lasterketa, guztia ikusi nuen lehenengo aldia... Erabat harrituta gelditu nintzen: gidari asko zigortu zituzten, eta Maxek [Verstappen] komentario bat egin zuen. Ez genekien zazpigarren edo laugarren atera beharko genuen, zigorren arabera. «Zazpigarren edo laugarren, baina irabazteko asmoz». Eta irabazi egin zuen. Mentalitate hori agian lantegian ez duzu ikusten.

Zer gidari duzu gustukoen?

Txiki-txikitatik Kimi Raikkonenen zalea izan naiz.

Zer moduzkoa da Sergio Perezekin lan egitea?

Oso jatorra da, eta oso mentalitate positiboa dauka, nahiz eta gauzak gaizki joan. Beti nola hobetu jakiteko abilezia dauka, eta gauza txarrak atzean uztekoa. Beti ari da pentsatzen nola hobetu gauzak. Gure lana da hark berriz ere aurrera egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.