Maiatzean sortu zen Ados, emakume pilotarien lehen klub profesionala. Hori eginda, mugarri bat ezarri zuten pilotariek. Hiru helburu nagusirekin sortu zuten: txapelketa gehiago jokatzea, lan baldintzak hobetzea eta euren buruaren jabe izatea. Asmo hirukoitz hori oinarri hartuta, beste pauso bat eman dute, eta estreinakoz binakako txapelketa egingo dute. Igandean abiatuko da, Latasan (Nafarroa), eta Azkoitian (Gipuzkoa) jokatuko dira finalak, otsailaren 27an. Igandeko jaialdian Lehen Mailako bi partida hauek izango dira: Etxeberria-Iraeta Iturriaga-Egañaren aurka, eta Kortazar-Ezeiza Iantzi-Etxenikeren kontra. «Latasan hasi nahi izan dugu txapelketa, hango udalak aspalditik egin duelako apustu emakumeen pilotaren alde».
Bi txapelketa jokatuko dira: Lehen Mailakoa eta Promozio Mailakoa. Txapelketa nagusian zazpi bikote ariko dira. Lehenbizi ligaxka bat jokatu dute. Denek denen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta sailkapeneko lehen bi bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira. Azkena kanpoan geratuko da. Beste lau bikoteek, berriz, partida bat jokatu beharko dute finalerdietan egoteko. Hirugarren sailkatuak seigarrenaren kontra jokatuko du, eta laugarrenak, bosgarrenaren kontra.
Promozio mailakoa lau bikotek jokatuko dute. Kasu honetan ere ligaxka moduan egingo dute. Lehen postuan amaitzen duena zuzenean sailkatuko da finalerako. Azkena txapelketatik at geratuko da, eta bigarrenak eta hirugarrenak kale edo bale egiteko partida bat jokatuko dute finalean egoteko.
Maite Ruiz de Larramendi Mujika Ados Pilotako ordezkariak nabarmendu du «lan handia» dela halako txapelketa bat antolatzea. «Gu geu arduratzen gara dena egiteaz. Oso pozik gaude pilotariek eman diguten erantzunarekin. Merezi du».
Ados Pilota sortu eta gutxira, Plazaz Plaza txapelketa antolatu zuten, baina txapelketa hau «harago» doala nabarmendu du. «Beti aipatu izan dugu guk ahalik eta txapelketa gehien jokatu nahi ditugula, eta gizonezkoek bezala asteburuero frontoian lehiatu. Bide horretan beste urrats bat da hau. Izan ere, ligaxkarekin, bikote bakoitzak ziurtatua du partida kopuru bat». Asteburuero bi jaialdi eta lau partida jokatuko dira, otsail amaiera bitarte.
Kasu honetan, gainera, eta pilotarien lan baldintzak hobetze aldera, beste urrats bat egingo dute. «Txapelketak iraun bitartean, pilotarieksoldata bat jasoko dute».
Bestalde, pilotariek euren amak ere omendu nahi izan dituzte. Horrenbestez, elastikoan eta kartelean amaren abizena eramango dute, eta txapelketa honetan izen horrekin jokatuko dute. «Bide zail honetan asko lagundu gaituzte».
Promozio txapelketa ere antolatu nahi izan dute. «Harrobia bultzatzea ere bada gure nahia. Txapelketa honi esker, gazteenekaukera izango dute euren lurraldekoak ez diren pilotarien aurka jokatzeko, eta haiekin harremana izateko. Bai lehiari eta bai harreman sare bat sortzeari begira, funtsezkoa iruditu zaigu. Zertxobait urduri daude, baina ilusioz».
BERRIA babesle
Ruiz de Larramendik oso esker ona adierazi die txapelketaren babesleei. Tartean dago BERRIA.Euskarazko egunkari nazionalak feminismoaren eta berdintasunaren alde egindako apustuaren barruan, babesleetako batizango da, eta akordioa sinatu du Ados Pilotarekin. BERRIAk luze eta zabal eman du txapelketaren berri, eta haren marka presente egongo da.
Ados Pilotak binakakoa egingo du lehen aldiz
Igandean hasiko da, eta lehen mailakoa eta promoziokoa jokatuko dira. Zazpi bikote izango dira maila nagusian, eta lau promoziokoan. Finalak otsailaren 27an jokatuko dira, Azkoitian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu