Esanahi handiko irudi bat ageri da Ados Pilota klubak laugarrenez antolatu duen Binakako Txapelketaren euskarri guztietan: Naroa Elizalde Etxekolonea klubeko pilotari zubietarra ageri da pilota jotzen. Maitasunez betetako keinua da, beste bat, hainbat eta hainbat egin baitizkiote azkenaldian. Gaixo dago, eta Ados klubeko kideek edozein aukera aprobetxatzen dute hari indarra eta adorea emateko. Mezuak eta pankartak, edozerk balio du lagunari garai zail honetan gertutasuna, maitasuna eta babesa adierazteko.
Halaxe egin dute gaur ere, binakakoaren aurkezpenean. Etxekolonea ez da egon Iruñeko Ziudadelako Armen aretoan, baina oso presente izan da. «Familia bat gara Adosen. Hori dela eta, kolpe oso gogorra izan da Naroari gertatutakoa. Oso presente dugu beti, eta txapelketa hau aprobetxatu nahi dugu hura omentzeko», esan du Iera Agirre Adoseko pilotari eta ordezkariak.
Etxekolonearen gaixotasunarena ez da izan Adoseko kideek azkenaldian izan duten zorigaiztoko gertakari bakarra. Andrea Aldaregia pilotariak auto istripu larria izan zuen irailean, eta oraindik osatzen ari da. Hura ere askotan izan dute gogoan, baita gaur ere.
Osasun arazoak direla-eta, ez Etxekoloneak, ez Aldaregiak ez dute jokatuko binakakoa. Ezta Olatz Ruiz de Larramendik ere. Atzerrian ari da ikasten, Erasmus beka batekin. Hiru pilotari gutxiago dira, eta horrek eragina izan du. Aurreko ekitaldian, 11 bikotek jokatu zuten txapelketa: zazpik Lehen Mailan, eta lauk Promozio Mailan. Orain, berriz, hamar ariko dira, hau da, bat gutxiago: sei lehiatuko dira maila nagusian, eta lau, berriz, koska bat beheragokoan. Horren ondorioz, partida gutxiago jokatuko dituzte: 46, azken ekitaldian baino hamabi gutxiago —58 jokatu zituzten—.
Hiru hilabete pasatxoko lehia
Hogei pilotari ariko dira hiru hilabete luzez: hilaren 21ean jokatuko dute txapelketako lehen partida, Olaberrian (Gipuzkoa), eta martxoaren 29an izango da finala, Iruñean, Labriten.
Hauek dira parte hartuko duten hamar bikoteak. Lehen Mailan sei hauek arituko dira: Barrokal-Arrastia, Oskoz-Agirre, Ruiz de Infante-Orbegozo, Arrieta-Leire Galeano, Aranburu-Mujika eta Iturriaga-Mendiburu. Hiru pilotarik lehen aldiz jokatuko dute maila nagusiko txapelketan: Arrastiak, Oskozek eta Aranburuk.
Promozio Mailan, berriz, lau bikote hauek arituko dira: Iriarte-Sotil, Insausti-Bertiz, Lamadrid-Perez eta Gomez-Sagardui. Zortzi pilotarietatik bostek lehen aldiz jokatuko dute binakakoa: Iriartek, Insaustik, Lamadridek, Gomezek eta Sagarduik. Sotil, Bertiz eta Perez Adosen txapelketa nagusia jokatutakoak dira.
«Oso presente dugu beti [Elizalde], eta txapelketa hau aprobetxatu nahi dugu hura omentzeko»
IERA AGIRREAdos klubeko pilotaria eta ordezkaria
Lehiaketa sistema, berriz, ez da aldatu. Lehen Mailako sei bikoteek bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen lau bikote sailkatuak finalerdietan ariko dira: ligaxkako lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarren sailkatuak, hirugarrenaren aurka.
Martxoaren 22an jokatuko dute lehen finalerdia, Donostian, eta hurrengo egunean, 23an bigarrena, Miarritzen (Lapurdi). Promozio Mailan, berriz, bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du, eta lehen bi sailkatuak finalean ariko dira.
Beste behin, Euskal Herriko makina bat frontoitan jokatuko dituzte partidak; zehazki, 26tan. Antolatzaileak «oso pozik» daude, udalek «oso ondo» erantzun baitute. Babesleen laguntza ere eskertu dute. BERRIA dago babesle horien artean. Berriro ere, egunkariak txapelketa babestu, eta haren berri emango du. Baita Hamaika telebistak ere. Partida guztiak Adosen Youtube kanalean ikusi ahal izango dira zuzenean, eta Hamaikak astelehenean emango ditu, Joko Zelaia saioan. Finalerdiak eta finala, berriz, zuzenean ikusi ahal izango dira Hamaikan.
Txapelketako frontoiak
- Gipuzkoa. Olaberria, Zestoa, Azpeitia, Antzuola, Azkoitia, Segura, Tolosa, Zumarraga, Aizarnazabal, Getaria, Beasain eta Donostian.
- Nafarroa. Sunbilla, Bera, Lekunberri, Irurtzun, Arroitze, Lizarra, Agoitz, Altsasu eta Iruñea.
- Bizkaia. Sopuerta, Otxandio, Mallabia eta Lekeitio.
- Lapurdi. Miarritze.