Ados, «ezinbesteko babes»

Oihana Orbegozo eta Eneritz Arrieta Ados klubean dauden pilotarietako bi dira. Kluba pilotarien alde egiten ari den lana nabarmendu dute, eta gogorarazi dute «baldintza egokietan» lehiatu ahal dutela horri esker: «Kontratu batekin eta urte osoko egutegi batekin». Binakakoa jokatzen ari dira orain.

Oihana Orbegozo eta Eneritz Arrieta Ados klubeko pilotariak, lan saio bat hasi aurretik. ADOS.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Oihana Orbegozoren eta Eneritz Arrietaren zaletasuna pilota da. Zaletasun hori «modu egokian» egiteko aterpea topatu dute Ados pilota klubean. Orbegozok azaldu du zer eman dien Adosek: «Batetik, lagunarte bat; eta, bestetik, pilotan baldintza duin batzuetan aritzeko aukera: lan kontratuarekin eta urte osoko egutegi batekin».

Bat dator horrekin Eneritz Arrieta. «Ilusio bera dugu: pilotan jokatzea. Horrek batzen gaitu. Gainera, denek dugu konpromisoa proiektuarekin: udalekin hitz egin, kamisetak prestatu, pegatinak egin... Dena egiten dugu auzolanean».

Orbegozok 37 urte ditu, eta umetan hasi zen pilotan jokatzen. Baina 14 urte zituenetik 31 urtera arte ez zuen jokatu. Duela sei urte berriz hasi zen, eta Adosek bidea egiten lagundu dio. «Hasi ginenean, gure helburua lehiatzea zen. Horrekin bakarrik aurrerapauso bat ematen genuela iruditzen zitzaigun. Gero eta emakume gehiago elkartzen ginela ikusi genuenean, ordea, beste urrats bat egitea pentsatu genuen, batez ere baldintzei dagokionez. Hala, Ieraren [Agirre] eta Maiteren [Ruiz de Larramendi] eskutik Ados sortzeko pausoa eman genuen».

Ados klubari esker, jokalariek lan kontratu bat dute txapelketek irauten duten bitartean. «Horrek, besteak beste, babes bat ematen digu lesioren bat edukiz gero. Guretzat hori funtsezkoa da. Lasaitasuna ematen digu, batez ere jada lanean gaudenoi. Kotizazioaren kontua ere hor dago. Beharrezko zerbait da».

Kontraturik gabe, min hartuz gero zuten babes bakarra aseguru medikuarena zen, Arrietak azaldu duenez. «Horrek zure arretaren gastuak ordaintzen dizkizu, baina hortik aurrera, ezer ez».

Soldata bat ere jasotzen dute. «Gure kasuan, dugun laneko soldataren osagarri da. Baina gazteenentzat kopuru polita da. Batzuek ikasketak ordaintzeko erabiltzen dute».

Bestalde, urte osoko egutegia jarri ahal izan dute martxan, orain jokatzen ari den Binakako Txapelketarekin, udako Plazaz Plaza txapelketarekin, eta antolatzen dituzten bestelako jaialdi eta feriekin. «Pilotariontzat motibazio bat da hori, beste edozein kirolarik bezala, nahi duguna lehiatzea baita». Orain, gutxienez zazpi partida jokatu ahal izango dituzte Binakakoan. «Aspaldiko eskaria da hori. Gazteentzat batez ere oso garrantzitsua da partidak jokatzea, praka zuriak janztean egiten baita bat pilotari». Arrietak argi du: «Guretzat baino gehiago, etorkizuneko pilotarientzat da lortzen ari garen hau. Baldintza horiek izanda, ziur nago neskato gehiago erakartzea lortuko dugula, ikusiko dutelako badela etorkizun bat. Egun Adosen pilota eskolan 30 bat neskato daude, eta horiek dira etorkizuna».

Adosek teknikoki eta taktikoki hobetzeko aukera eman die. Besteak beste, astean behin Latasan (Nafarroa) elkartzen dira, elkarrekin entrenatzeko. Horri egin dio azpimarra Arrietak: «Nik horri garrantzi handia ematen diot, ez baitu zerikusirik bakarka edo taldean entrenatzea. Beste pilotari batzuekin entrenatuta, zure maila zein den argiago ikusten duzu, eta hortik aurrera hobetu beharreko gauzak lantzen dituzu». Aurkariei erreparatzeko ere balio die. «Partidei begira informazio asko jaso dezakezu».

Zaleen harrera ere beste bultzada bat da, Orbegozok azaldu duenez. «Pilotarekiko zaletasun handia dauden herrietan ez ezik, besteetan ere oso ondo hartzen gaituzte. Hasieran, harritu egiten dira, baina, gero, zoriondu egiten gaituzte. Oro har, denek esaten digute aurrera jarraitzeko, eta ederra dela gu pilotan jokatzen ikustea».

«Indarra eta konpromisoa»

Aurtengoan izan dituzte trabak Binakako Txapelketa antolatzeko. Izan ere, ETBri finala emateko eskatu zioten, baina ezezkoa esan zien. Hori dela eta, haien babesle nagusiak, Eusko Labelek, atzera egin zuen. «Egia esan, ez genuen espero ETBk ezetz esatea, eta kolpea izan da. 150 partida jokatu ditugu orain arte, eta bakarra eman digute: iazko finala. Eskerrak Hamaika hor dagoen».

Amorruz eta desilusioz hartu dute gertatutakoa, Orbegozok dioenez. «Baina aurrera egiteak gure indarra erakusten du. Zaleei eta udalei ezin genien huts egin. Are gehiago gure alde erakutsi duten konpromisoa kontuan hartuta. Gu, gainera, lehiatzeko ilusioz eta irrikaz gaude».

Horri lotuta, Olatu berdea izeneko kanpaina jarri dute martxan. Kanpaina horretan, hainbat aurpegi ezagunek babesa azaltzen diete. «Guretzat ere hori bultzada bat izan da, eta oso eskertuta gaude».

Txapelketak berak ere ematen die hauspoa. «Bikote guztien artean parekotasun handia dago, eta horrek are erakargarriago egiten du», nabarmendu dute bi pilotariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.