Adorerik ere ez du izan

Baskoniak partida oso kaskarra jokatu du Buducnosten aurka, eta 99-84 galdu du. Montenegroko taldeak 21 hiruko sartu ditu

Pedro Martinez aginduak ematen, artxiboko irudi batean. F. GALINDO / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Baskoniari gero eta maldan gorago jartzen ari zaio etorkizuna Euroligan. Alarma gorria piztu da. Atzo, bizkarreko handia jaso zuen. 99-84 galdu zuen Buducnosten aurka. Artean partidarik irabazi gabe zegoen Montenegroko taldea. Hala, bost partida galduta eta bi irabazita, dagoenekoesan daiteke aurreko sasoian bezala sufritu egin beharko duela zortzi onenen artean sailkatzeko. Gasteizko lauko finala ameskeria bat da oraintxe bertan.

Porrota bezain kezkagarria da, gainera, Pedro Martinezen taldeak emandako itxura. ACB ligan Andorraren aurka 20 puntuz galdu eta gero, pentsa zitekeen amorruz irtengo zela. Baina ez zen hala izan. Adorerik eta kemenik gabe aritu zen. Partida amaieran Pedro Martinezek berak onartu zuen egoera kezkagarria dela: «Oso gaizki jokatu dugu. Ezinezkoa dena da halako partida batean jokalari batzuek faltarik egin ez izana».

Badira bi datu atzoko norgehiagoka nolakoa izan zen erakusten dutenak. Ligaxkan puntu gutxien sartu duen taldeak 99 egin zizkion Baskoniari; tartean 21 hiruko —Euroligan marka hemeretzi hirukotan zegoen—. 6,25eko arrastotik txikitu egin zuen hasieratik Buducnostek Baskonia. Lehen lau jokaldietan lau hiruko sartu zituen.

Arabarrak ez ziren gai izanetxekoen kanpoko joko hori eragozteko. Argi dago Buducnostek asko asmatu zuela, baina neurri batean, Baskoniak erraztasun asko eman zizkiolako. Hirukoetako asko bakarrik jaurti zituzten. Erasoan, gainera, freskotasunik eta argitasunik gabe jardun zuten Pedro Martinezen jokalariek, korapilatuta.

Atsedenaldirako hamaika puntuz zegoen atzetik Baskonia: 47-38. Hirugarren laurdenean saiatu zen defentsa estutzen eta partida iraultzen. Baina ez zuen lortu, eta hemeretzi punturen aldea ere izan zuen Buducnostek: 84-65 (32. min). Egutegiak, gainera, ez du baikor izateko motiborik ematen, hurrengo bi aurkariak Milan eta Panathinaikos baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.