Eta bat-batean gola. Hirugarrena. Eztanda. Agirretxerena. Anoetarena. Usurbildarra tente geratu zen besoak zabal-zabalik Victor Valdesen atearen atzean zeuden zaleei begira, garaipena eskaini nahian. Ospakizunera iristen lehena izan zen Carlos Martinez (Lodosa, Nafarroa, 1986), korrika segitzeko indartsu oraindik. Ezin zitekeen beste era batera izan. Agirretxek bikain amaitu zuen nafarraren oinetatik sortutako jokaldia, bere-berea.
Fedea eta grina, inork ezingo dio inoiz Carlos Martinezen jokoari ezaugarri horien falta leporatu. Erdiraketa horretan, gainera, kalitatea ere erakutsi zuen, ukitu fin batekin jaurti baitzuen baloia. Zehatza. Mascherano, Puyol eta Valdes ikusle arrunt bilakatu zituen, Agirretxeri begira hirurak, baloia urruntzeko aukerarik gabe.
Futbolaria maiz eraldatu egiten da zelaian, lotsak erantziko balitu moduan. Azken bultzada horrek, ordea, Carlos Martinezen izaeraren erradiografia egiteko balio lezake. Gutxik ezagutzen dute atzelari nafarra Iosu Esnaolak bezain ongi (Orio, Gipuzkoa, 1986). Adin berekoak, formazio aroko urterik gehientsuenetan batera aritu ziren Zubietan. Biak iritsi ziren lehen taldera, nahiz baloiaren patuak banaketa eragin. «Mutil jator asko ezagutzeko aukera izan dut aldagela barruan, baina bera bezalako pertsona zintzorik ez. Carlosi buruz gaizki esaka aritu denik ez duzu inon aurkituko. Entrenatzaileak barne. Edozeinek eramango luke berekin. Jokatzen duenean badakizu aldez aurretik indarrez hustu egingo dela zelaian, edozer eska diezaiokezula. Zelaian ez dagoenean, aldiz, ez dizu behin ere aurpegi txarrik jarriko», dio Esnaolak. Kantabria aldean ari da egun eltzetik babak ateratzen, Bigarren B Mailako Noja taldean.
Lodosatik Lizarrara ordu erdiko errepideko bidea dago autoz. Hara joaten zen futbolean jokatzera Carlos Martinez. Ramon aitak eramaten zuen. Martineztarren autoak kilometro gehiago egingo zuen aurrerago, 13 urteko mutil luze eta indartsu batek Realeko begiraleen arreta bereganatzerakoan. Haur kategorian ari zen artean, eta astean bi egunez entrenatzen zen Zubietan. «Astakilo hutsa zen, jokaldi bakoitzean barruak uzten zituen horietakoa. Zeukan indarragatik nabarmentzen zen, eta zelai erdian aritzen zen gora eta behera».
Esnaolak zaharberritutako argazkia ongi gordea dauka gogoan Mikel Etxarri Euskal Selekzioko hautatzaileak. Realeko kirol zuzendaria zen garai hartan, Zubietako ondarearen arduradun nagusia. «Harrobiko lanak koordinatzen zituena Juan Mari Lasa zen, Javier Expositok lehentxeago hartu baitzuen erretiroa, eta haren aldian iritsi zen Zubietara Carlos. Zango luzea eta bihoztuna zen, benetan indartsua. Horri eskerrak egin zuen bidean aurrera. Ez da inoiz trebea izan, eta atzelariei min egiteko tokia behar zuen, bizkarra harrapatu behar zien korrikaldian».
Ahalmen fisiko handia
Egun, haren taldekide eta lehiakide Dani Estrada ekarri du gogora Etxarrik. «Gogoan dut Lotinarekin izandako hizketaldia bere garaian. Xabi Prietoren ordezko baten bila zebilen eta Estradagatik galdetu zidan, beheko taldean dozena bat gol sartu zituelako. Atzetik iritsita sartu zituenez gehienak, argi esan nion atzean jokatuz emango zuela berea, ez zela eskuin hegaleko peto-petoa. Ahalmen fisiko handikoak izan dira biak ala biak».
Estradak eta Carlos Martinezek batera eman zuten azken jauzia, 2007-08 denboraldian, Realak berpiztea beste helbururik ez zuen aro ezegonkor hartan. Aitor Lopez Rekarte kapitainak taldea utzi berri zuen, eta Gerardo Garcia beteranoa geratu zen bi gazteekin lehian. Carlos Martinezek hamabost partida jokatu zituen bere estreinako sasoian, eta bi gol sartu. Hortik aurrerakoan ibilera gorabeheratsua izan du, fidagarri bilakatzeko arazoekin, batez ere erabateko konfiantzaz jokatzeko komeriekin. Bai atzean, bai behetik gorakoan.
«Inoizko sasoi onena daukat»
«Golak eta taldeari erasoan laguntzeak konfiantza handia eman didate. Inoizko sasoialdirik onena daukat». Carlos Martinezen adierazpenak Bartzelonaren aurkakoa jokatu ondotik. Duela hilabete luze Getaferi sartu zion gola izan zen Lehen Mailan sartu zuen aurrenekoa. Azken txanpan sartu ere. Adorez betetako jokaldia izan zen, haren zango luzeak arean sartu zirenean, indartsu, Alberto de la Bellaren erdiraketa atzemateko.
Sevillaren egunean egitekoak aldatu zituzten hegaletako biek, eta joan den larunbatean, berriz zutik jarri zuen Anoeta Agirretxerekin batera. Carlos Martinezen erasoan egindako ekarpena ez da sekula denboraldi honetakoa bezain emankorra izan. Ez du inoiz halako pisurik izan Realaren jokoan. Osasunaren atzetik txuri-urdinek egin dituzte erdiraketa gehien, ia 30 neurketako. Horien laurdenak Carlos Martinezenak dira, De la Bellaren gainetik. Dani Alves, Juanfran eta Andoni Iraolak, ligako eskuin hegaleko atzelarien artean hiru izen handi aipatzearren, ez dute horrelako desorekarik sortu.
Lodosarrak orain artekoan gabeziarik erakutsi badu, erdiraketa neurtuak egiterako garaian izan da. Esnaolaren esanetan, «ez da batere samurra abiadura horretan joanik baloi onak ipintzea. Hanka geldian errazagoa da. Sasoia beti izan du, zaldia da, eta gainetik trebea izango balitz, ziurrenik ez luke Realean jokatuko. 100 metroko zelaia txiki geratzen zaio. Carlosek nahiagoko luke tamaina bikoitzeko eremuan aritu inork ez liokeelako eutsiko. Inoiz izan ez duen konfiantzarekin ari da, eta, gainera, inguruak lagundu egiten dio. Harmailetan ez dago berari buruzko marmarrik, eta errazagoa da oraingo jokalariei pasea ematea bera iritsi zenean egitea baino».
Mikel Etxarriren hitzak bukatzeko. «Paco Herrera Celtako entrenatzailea etorri zen behin Anoetara Carlos Martinezengandik galdezka. Espanyoleko kirol zuzendari lanetan zebilen nafarrak jauzia eman zuenean, eta berari buruzko gauza onak entzun omen zituen. Hainbatek esan didate ez zuela lehen taldean jokatzeko gaitasunik. Gutxietsi egin zuten. Berebiziko maila ematen ari da. Horrenbeste nekeren ondoren merezi zuen».
Adorearen zango luzeak
Une gozoan da Carlos Martinez, eta haren lana erabakigarria izan da Realak Anoetan irabazi dituen azkeneko bi partidetanHaren dohainak nabarmendu dituzte Iosu Esnaolak eta Mikel Etxarrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu