Adina, zenbaki bat besterik ez

Gaur jokatuko da Udako Torneoko finala, eta bertan egongo da Enara Gaminde. Lehen urtea izanagatik ere, Binakako eta San Fermineko txapelak jantzi ditu.

Enara Gaminde, uztailaren 9an, Labriten jokatu zen San Fermin torneoko finalean. EMAKUME MASTER CUP.
pettan uralde
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Lehenengo urtea du Enara Gamindek (Laukiz, Bizkaia, 2007) pilota profesionalean; alabaina, ez da hasiberri huts bat. Gamindek bizitza osoa darama pilotan, 4 urterekin hasi zenetik, eta, nahiz eta 15 besterik ez dituen, esperientzia handiko pilotaria da. Aurten binakako txapelketa eta San Fermin torneoa irabazi ditu, eta gaur Udako Torneoko finala jokatuko du Maddalen Etxegarai oñatiarrarekin batera. Zumaiako Aitzuri pilotalekuan izango da, 20:30etan, eta Amaia Aldai eta Andre Capellan izango dituzte aurrean. Garaipena lortzeko «lan asko» egin beharko dutela dio Gamindek.

Herriko klubean egin zituen lehen urratsak Gamindek, anaiarekin batera, eta nostalgiaz ekarri ditu gogora garai haiek. «Gogoratzen dut nola joaten nintzen anaiarekin klubera, baina denbora gutxian itxi egin zen, oso jende gutxi zegoelako, eta Sopelako klubean bukatu nuen». Geroztik asko aldatu zaio bizitza Gaminderi. «Duela bi urte, neskekin hasi nintzen entrenatzen, Arteagan eta Arrigorriagako pilotalekuetan, Olatz Arrizabalagarekin eta Amaia Aldairekin batera. Orain eliteko mailan jokatzen dut, eta oso pozik nago».

Ez da ohikoa hain kirolari gazte bat elitean ikustea. Ezta pilotan ere. Bada, Gamindek 14 urterekin txapelketak irabaztea ez da oharkabean pasatu, eta txundituta utzi ditu pilotazaleak. Hark naturaltasunez darama, nahiz eta hasieran zertxobait kostatu zitzaion. «Hasieran arraroa zen, baina jada ohitu naiz. Bizitza osoa daramat pilotan jokatzen, eta ez zait hain zaila egiten helduagoen aurka jokatzea. Gainera, txikitatik mutilen aurka ere jokatu dut, eta txapel asko irabazi nituen. Horrek ere asko lagundu dit nire ibilbidean».

Nekez ahaztuko du martxoaren 27an bizitakoa: maila profesionaleko lehen txapela. Olatz Arrizabalagarekin batera irabazi zuen, bere aldean beteranoa. «Oso urduri egon nintzen. Hala ere, Olatzek asko lasaitu ninduen, eta asko gozatu nuen». Arrizabalagak berak, egindako adierazpen batzuetan, esaten zuen Gaminde atzelari onena zela. «Oso ondo ibili naiz aurten. Badakit onenetarikoa izan naizela, baina onena ez dakit, agian gehiegi esatea da. Egia da ez dagoela lehia handirik atzelarietan, baina Capellan eta Nora Mendizabal ere oso onak dira».

Onena den ala ez, kantxan ikusi duenak badaki nolako pilotaria den Gaminde. Atzeko koadroetan inor ez bezala gailentzen zaie aurkariei, bere sasoia baliatuz. «Txikitatik indar handia izan dut, eta pilotari ematen diodan abiaduragatik nabarmentzen naiz. Egunerokoan hori lantzen dut, atzeko koadroetan ahalik eta ondoen ibiltzeko».

Emakumeen pilotaren egoeraz ere mintzo da Gaminde. Pozik dago, nabari duen gorakadagatik, baina hobetzeko «asko» dagoela dio: «Nire ustez, hobeto gaude. Orain dela bi urte ez zen hainbeste ikusten, eta orain, geroz eta gehiago. Pausoak aurrerantz ematen gabiltza, eta oraindik asko geratzen da egiteko profesional moduan, baina apurka-apurka goaz». Etorkizuna nolakoa izango den ere imajinatzen du: «Telebistan agertzen garenez, agian, neska gehiago animatu daitezke, eta hori lagungarria izan daiteke. Adibidez, San Fermineko finalean, Labrit bete egin zen, eta oso pozgarria izan zen guretzat. Gauzak ondo egiten ari diren seinale da hori».

Urte amaierarako helbururik duen galdetu, eta «egunez egun» joateko asmoa duela dio. «Egun batetik bestera hobetzea da nire helburua, eta ahalik eta maila altuenean egotea txapelketa guztietan». Gaur bertan, Udako Torneoko finala du, eta irabazteko aukerez aritu da Laukizkoa: «Amaia eta Capellan oso onak dira, eta finala berdinduta egongo dela iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.