Kanboko (Lapurdi) Arnaga jauregian da topaketa, goizeko bederatzietan. Han egingo du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV) Batzar Nagusia. «Aspaldi dago zehaztuta zer gai jorratuko diren batzarrean. Euskal selekzioarena? Ez dugu baloraziorik egiten akordio politikoen inguruan», esan dio Xavier Kazaubon Nazioarteko Federazioko jarduneko presidenteak Arnagako jauregian zain zegoen BERRIAko kazetariari —beste lau urterako hautatu dute Kazaubon—. Kito. Hor amaitu da solasaldia.
Kazaubon izan da aurrenetakoa iristen. Ondoren ailegatu dira Nazioarteko Federazioko makina bat ordezkari. Galdera bera egin die kazetariak guztiei: «Zer iritzi duzu EAJk eta PSOEk Kirol Legearen barruan euskal selekzioaren inguruan hartutako erabakiaz?». Erantzuna bera izan da: «Ez dakigu ezer zehatzik gaiaz. Beraz, ez dugu hitz egingo».
Halako batean iritsi dira Nazioarteko Federazioko abokatuak. Galdera bera egin die kazetariak: «Luze joango da gai hori», erantzun dio batek. Berehala galdetu dio kazetariari nongoa den. Euskal komunikabide batekoa dela esan bezain pronto, zera bota dio: «Bada, toki aproposean zaude. Albistea egongo da».
Handik gutxira, auto bat iritsi da, eta bertatik jaitsi da Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultur, Euskara eta Kirol diputatua. Kazetaria hurbildu zaio, eta galdetu dio ea nolatan zegoen han. Irribarre egin du, eta berehala kontatu dio arrazoia. «Bizkaiak hautagaitza aurkeztuko du 2030eko Munduko Txapelketa antolatzeko. Argentinak 2026ko ekitaldia antolatuko du, eta, beste norbait tartean sartu aurretik, guk aurkeztu nahi izan dugu gure hautagaitza. Itxaropentsu gaude. Nekez egon daiteke hautagaitza hobeagorik», esan du.
Lehen aldia litzateke Bizkaian, eta hamargarrena Euskal Herrian. Ikusteko dago selekzioak jokatu ahal izango duen. «Ez dakigu azken berriek mesede edo kalte egingo diguten», aitortu du. Zalantzak zalantza, Nazioarteko Federazioak babesa eman dio 2030eko Munduko Txapelketa antolatzeko. Bilbon eta Gernika-Lumon (Bizkaia) egingo da.
Pilota. Miarritzeko Munduko Txapelketa
Adierazpenik ez, eta ezusteko bat
Nazioarteko Pilota Federazioko ordezkariek ez dute hitz egin nahi izan euskal selekzioaz. Batzarra egin dute Kanbon, eta bertan aukeratu dute Bizkaiko hautagaitza 2030eko Munduko Txapelketa antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu