ESPAINIAKO ESKUBALOI KOPA. Juanto Apezetxea. Anaitasunako entrenatzailea

«Ademarri irabaziz gero, gertu izango dugu kopa»

Bidasoa-Irunek eta Helvetia Anaitasunak Espainiako Kopari ekingo diote gaur Leonen (Espainia). Irundarrek Granollers izango dute aurkari final-laurdenetan (12:30), eta iruindarrek etxeko taldea (20:30). Urruti iritsi nahi dute biek sasoiko azken lehiaketan.  

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Anaitasuna zein Juanto Apezetxea (Bertizarana, Nafarroa, 1968) ohituta daude jadanik Espainiako Kopako azken fasera iristen. Entrenatzaileak aitortu du nahiz eta zailduak izan ilusioak «bere horretan» jarraitzen duela.

Zer moduz iritsi da taldea Kopako azken fasera?

Bada, larri samar iritsi gara. Ez Balentziagak, ez Garzak, ez Nadovezak, ezta Oswaldok ere ez dute jokatuko. Jokalari asko dira.

Kopa horren beldur jokatu izanaren ondorioa da?

Zalantzarik gabe. Ez da ulergarria liga amaitu eta bi astera jokatzea Kopako azken fasea. Jendeak ez du jada burua lehiaketan, oporretan baizik. Nire ustez, hanka sartzea da egun hauetan jokatzea, baita lehiaketaren formatua ere. Hiru eguneko lehiak jokalari asko dituzten taldeei egiten die mesede, hau da, indartsuenei.

Berandu da, ordea, ezer aldatzeko. Etortzen denari aurre egin beste aukerarik ez duzue.

Hala da, eta ez dut inondik inora aitzakiak jarri nahi. Egia da jokalariz larri gaudela, baina egia da oso ondo entrenatu garela azken egunetan. Jokalariak motibatuta daude, batez ere denboraldi honetan geure buruari ezarritako helburu guztiak bete baititugu.

Ademar izango duzue aurkari, etxeko taldea. Zaila, ezta?

Oso zaila. Bartzelona eta Ademar dira, nire ustez, faboritoak. Ademarrek oso sasoi ona egin du, eta Kopa etxean jokatuko duela baliatu nahiko du denboraldiari errematea emateko. Bere zaleen aurrean oso talde indartsua da. Sasoi honetan, adibidez, hiru partida besterik ez du galdu, bat ligan, beste bat EHF kopan eta beste bat Asobal kopan. Hori ikusita, pentsa daiteke faboritoa dela, baina hori pistan erakutsi beharra dago. Presioa izango dute, eta guk hori baliatu behar dugu.

Ligan, irabazi egin zenioten Iruñean, eta Leonen estu hartu zenuten. Itxaropentsu zaudete?

Bai, noski. Ligako bi lehiatan oso ondo jokatu genuen, baina ligak eta kopak ez dute antzik. Ligan gertatutakoak ez du balio kopan.

Non egongo da norgehiagokako gakoa?

Ademarrek oso joko bizia egiten du, eta guk saiatu behar dugu partida ez dadila bilakatu kalejira bat. Ezin diogu utzi erraz ateratzen kontraerasoan. Hori eginez gero, aukera izango dugu irabazteko.

Irabaziz gero, Logroño edo Cangas izango zenukete aurkari finalerdietan. Beraz, Bartzelona ahalguztiduna saihestuko zenukete gutxienez finaleraino. Aukera bikaina dirudi.

Bai, eta horren jakitun gaude. Ademarri irabaziz gero, gertu izango dugu kopa. Batetik, finalerdietan ez genukeelako Bartzelonaren aurka jokatu beharko. Bestetik, finalera iritsi eta Bartzelona aurrean izanez gero, ez dirudi beste batzuetan bezain ezinezkoa irabaztea. Bartzelonak kolpea jaso berri du Txapeldunen Ligan, Lauko Finalean azkena sailkatuta, eta hori suma dezake. Hala ere, horretan pentsatzen hasi aurretik, Ademarri irabazi behar diogu;nahikoa lan bada hori.

Koparekin amaituko da sasoia. Zein nota jarriko zenioke?

Oso ona. Lehiaketa guztietan bete dugu helburua. Are gehiago, guztietan egin dugu aurreko sasoian baino lan hobea.

Oraindik ez duzu berritu kontratua. Zertan da gaia?

Hasi gara hizketan, eta klubak nik jarraitzea nahi du. Hala ere, ez dut burua horretan orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.