Tourrean Simon anaiak aurreko urtean lorturikoa berdindu zuen Adam Yatesek (Orica), elastiko zuria irabazita. Baina ezin izan zuen gauza bera egin, atzo, Ordiziako Klasikoan. Anaiak iaz eraso egin zuen leku berean ihes egin zuen Yatesek: Abaltzisketan gora, helmugatik 11 kilometrora. Esku-eskuan izan zuen garaipena, baina txirrindularitza ez da beti oso kirol justua, eta helmugara iristeko ehun metro falta zirela harrapatu zuten. Hamahiru txirrindulariren arteko esprintean, Sergei Xilov (Lokosphinx) errusiarrak jaso zituen besoak. Azkarra dela erakutsi zuen, eta hilabete honetako bigarren garaipena eskuratu, bide batez. Podiumaren bigarren eta hirugarren postura, berriz, Benjamin Prades (UKYO) eta Dimitry Strakhov (Lokosphinc) igo ziren. Egun biribila Lokosphincentzat, klasikoa irabazteaz gain, talde horretako hiru txirrindulari sailkatu baitziren lehen hamarren artean.
Azken urteotako ibilbide ia bera zuen 94. Ordiziako Klasikoak: 166 kilometro, Ordizian hasi eta bukatu. Altzoko eta Abaltzisketako gainak ziren eguneko igoerak, eta bakoitza bost aldiz igaro behar zuten txirrindulariek. Igoera gogorretan ondo ibiltzen direnak ziren faborito, baita mendate txikiak ondo igarotzen dituzten txirrindulari azkarrak ere. Han ziren, aurrez aipatutako Adam Yatesez gain, Gorka Izagirre (Movistar) 2010ean, 2012ean eta 2014an garaile izan zen, Simon Gerrans (Orica) eta Angel Madrazo (Caja Rural)aurreko urteko bigarren sailkatua, esaterako.
Abaltzisketa lehen aldiz igotzen hastean agertu ziren lasterketako lehen mugimenduak, eta hogeita hiru laguneko ihesaldia eratu zen. Horien artean zegoen Simon Gerrans australiarra ere. Eskarmentu handia du Gerransek, eta klasikoetan oso zaildutakoa, gainera. Urte askoan izan da klasiko onenetako faborito. 2.30 ingururen aldea gorde zuten iheslariek. Ondo eutsi zioten tropelari. Helmugarako 70 kilometro falta zirenean hasi zen Movistar tropelari tiraka. Talde indartsuena zirela argi utzi zuten, eta, zirkuituaren azken itzulira iritsi orduko, tartea asko moztu zuten.
Azken itzulian murgilduta, eguneko ihesaldia tropelak harrapatuko zuela argi zegoen. Orduan bueltatu ziren erasoak. Urrutitik ahalegindu ziren Magnus Cort Nielsen (Orica) eta Juan Felipe Osorio (Manzana). Iheskideak atzean utzi, eta biak bakarrik helmugaratzeko asmotan egin zuten aurrera, helmugarako berrogei kilometro falta zirenean. Hogeiko pankartara iritsi baino lehen utzi zuen atzean Osorio Oricako txirrindulariak. Oso segundo gutxiren aldea zuen tropelarekin, eta harrapatu egin zuten, azkenean.
Ihesaldia harrapatu bezain laster iritsi ziren faboritoen erasoak. Anaiak non eraso egin esan izan balio bezala, Abaltzisketako mendateko azken aldapa baliatu zuen Yatesek ihes egiteko. Haren atzetik abiatu ziren Gorka Izagirre eta Julien Loubet (Armée des Terre). Eraso egin, eta tropela atzean uztea lortu zuten arren, ez ziren behin ere Britainia Handiko txirrindulariaren parera iritsi. Helmugatik bost kilometrora hogei segundoren tartea zegoen lasterketa buruaren eta bikotearen artean.
Yatesek irabaziko zuela zirudien, azken kilometroan bakar-bakarrik sartu baitzen. Baina, ordurako, beste txirrindulari talde bat zeukan atzetik, ziztu bizian zetorrena, gainera. Helmugara iritsi aurretik albotik nola pasatu zitzaizkion ikusi behar izan zuen Yatesek. Ezin izan zen lehiatuatzetik iritsi zirenen aurkako esprintean, eta bederatzigarren bukatu zuen.
Adamek ezin Simonena berdindu
Adam Yatesek eskuan izan du garaipena Ordiziako Klasikoan, baina ez du irabaztea lortu. Xilov errusiarra izan da esprintean garaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu