ACB liga hastear (eta IV). Gaur, estreinakoa

Adabakiekin, eta ia ezkutuan

Ourenseren aferak katramilatsu bilakatu du uda ACB ligan. Atzo iragarritako telebista hitzarmen berria dela medio, zaila suertatuko da euskal taldeak segitzea.

Kamararen objektiboak eta baloiak osatutako lerroagatik Shane Lawal Bartzelonako pibotaren burua estalita dago, Kanaria Handiaren aurkakoan. JORGE ZAPATA / EFE.
Danel Agirre.
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Joan den hilean ospatutako ACBko batzarrak aurrekaririk gabeko erabaki bat hartu behar izan zuen, berak bakarrik egoskor eraikitako okerkeria nola edo hala konpondu ahal izateko. Joan den udaberrian mailaz igo zen Ourenseri ligan toki bat gordeko diola hitzeman zion ligak. Urtebete itxarotearen baldintzarekin, hori bai, bere postua hilabete lehenago Urrezko LEB ligara jaitsita behar zuen Fuenlabradari oparitu ziolako.

Kanon garesti askoak ordaindu beharrean segitzen du behetik datorren eta ACBko bazkide bihurtu nahi duen orok. Deskonturik ez da aurreikusten, eliteko klub gehienen diru euskarri bakarra direlako aipatu dirutzak. Ourenseren proiektuaren irmotasunaz fio ez, eta ezezkoa eman zion ACBk uda hasieran, eta Fuenlabradari berriz atea ireki. Galiziarrek bazituzten egoskortzeko baliabide eraginkorrak, ordea. Klubaren inguruan dabiltza hango diputazioa gobernatzen duen Baltar familia eta Alderdi Popularra. Azkar lortu zuten Espainiako Gobernuaren konplizitatea. Are gehiago, Fuenlabradako presidentea, Jose Quintana PSOEko senataria, alderdiko egituran pisu dezenteko kidea eta arerioa dela jakinda.

Fuenlabrada erortzen uzteko tentaldia iritsi baino lehen, Quintanak argi hitz egin zuen: Ourensek bezala, auzitara eraman zezakeen afera, ACBk bere kluba dagoeneko berretsita baitzuen onenen artean, atzera buelta zailarekin. Tarteko irtenbide traketsa, sasoi batez hemeretzi talderekin aritzea, ezinezko bihurtu zuen AEuroligan aritzen direnek azaldutako kolerak.

Gauzak horrela, imajinazioa zukutu eta Ourenseri urtebetez itxaroteko eskaria egin zion ACBk. Behingoagatik, ziurra dirudi talde bat behintzat jaitsiko dela aurten LEB ligara. Txarrenean, hiru izan daitezke. Marka da, baina ez da sekula jakiten bere burua munduko bigarren saskibaloi liga onen gisa aurkezten duenarekin.

Kamerak erakarri behar

Udako suteak itzaltzeaz gain, erabaki estrategikoak hartzeko parada izan zuen ACBko batzarrak. Funtsezkoena, telebista eskubideen inguruko hitzarmenarena. Atzo, lehen jardunaldia abian ipini baino 24 ordu eskas lehenago, xehatu zen zein katetan ikusi ahal izango den lehiaketa aurrerantzean. Movistarrek ia 15 bat milioi euro ordainduko ditu datorren hiru sasoiak bere plataforma itxian eskaini ahal izateko. TVErekin lehendik sinatutako tratua oraindik urtebetez indarrean dagoenez, aurten lehia bat ikusi ahal izango da oraindik astero Teledeporten (igandean, 18:00etan, printzipioz). Pentsatzekoa da datorren sasoitik aurrera esklusiba osoa izango duen Movistarrek ez dituela emanaldiak partekatu nahiko. Aurten lau partidako programazioa taxutu du: hiru igandetan 13:00etan, eta bat 19:30ean. Baskonia izango da Movistarren ikusi ahal izango den lehen euskal taldea, bihar, 13:00etan. Internetez legea hautsi gabeko aukerarik egongo den ez dago argi. ETBk Euroliga eta Eurokopa murriztuko du bere eskaintza.

Bartzelona eta Real Madrilekin astero gogaituko dituzte ikusleak Teledeporte eta Movistarrek. Valentzia eta Unicaja osasuntsu dabiltza, eta, merkatu zabalxeagoa dutenez, sarri hautatuko dituzte horiek ere. Baskonia eta Bilbo Basketek herenegun zuten ospea berreskuratuz gero, bien zaleek sarriago gozatu ahal izango dituzte etxetik kanpo aritzen direnean. Movistarri ordaintzen dion tabernan, besterik ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.