ACB LIGAKO FINALA. Zorrak kitatzeko garaia

Bartzelonak eta Tau Baskoniak ACB Ligako finaleko lehen partida jokatuko dute gaur Palaun. Faboritorik gabeko finala da aurtengoa.

2008ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelonak eta Tau Baskoniak ACB Ligako finala ekingo diote gaur. Ligako talderik onena nor den zehaztuko dute finaleko partidek. Katalanentzat zein gasteiztarrentzat denboraldiari buelta emateko aukera izango da finala. Izan ere, talde biek, espero zena baino maila eskasagoa eman dute denboraldian honetan. Bi taldeetako jokalariek eta prestatzaileek hainbat kritika jaso dituzte emandako itxura kaskarragatik. Bartzelonari dagokionez, kritika horiek Dusko Ivanovic entrenatzailearen kaleratzea eragin zuten. Bere ordezkoak, Xavi Pascualek, taldearen lema zuzendu du, eta, egun, sasoirik gozoenean dira bere aginduetara dauden jokalariak. Pascualentzat lehenengo finala izango da. Harentzat bezala, Neven Spahijarentzat ACB Ligako lehen finala da. Gauzak horrela, txapela irabazten duena, estreinako denboraldian Liga irabazten duen laugarren entrenatzailea izango da -aurretik Luis Casimirok, Slatislav Pesicek eta Joan Plazak irabazi dute-.

Lehen aldiz, ACB Ligako final batean elkarren aurka aritzen diren arren, titulurako kanporaketetan hainbat partidatan izan dira aurrez aurre Bartzelona eta Tau Baskonia. Partida horietan, partziala gasteiztarren aldekoa da (13-9). Aipatu 22 partida horiek, sei kanporaketari dagozkio, eta talde bakoitzak, hiruna bider egin du aurrera txapelketan. Halaber, sei kanporaketa horietatik bost finalerdiak izan ziren (1997-1998, 1999-2000, 2001-2002, 2005-2006 eta 2006-2007 denboraldietan). Iragan sasoian, Bartzelonak bereganatu zuten finalerako txartela eta txapeldunorde izan zen gero, finalean Real Madrilen aurka galdu eta gero.

Bartzelonako eta Tau Baskoniako jokalariek ez dute hitzordu garrantzisuetan esperientzia faltarik. Bi taldeetako zenbait jokalarik eskarmentu handia pilatzen dute bai finalean, bai eta titulua lortzeko kanporaketetan. Tau Baskoniako Vidal, Splitter eta Prigioni dira, zalantzarik gabe, ACB Ligako final batean partida gehien pilatzen duten jokalariak. Hiruren artean 24 norgehiagoka jokatu dituzte. Vidal, bederatzi partidarekin, esperientziarik handiena duen jokalaria da, Tauk jokaturiko final gehienetan izan baita. Splitter du atzetik, zortzi partidarekin, eta gero Prigioni zazpi partidarekin. Gasteizko taldeko beste jokalari guztientzat, ordea, Ligako lehenengo finala izango da, klubak urtero egiten dituen jokalarien aldaketen adierazle. Baina hori ez da kezkatzeko datua. Izan ere, jokalari horiek beste herrialde batzuetako ligetan edo bestelako txapelketetan eskarmentua baitute. Sasoi honetan ere esperientzia bereganatzeko parada izan dute. Gaur abiatuko den finala, Tau Baskoniak jokatuko duen laugarrena da. Taldeari kritikak handik eta hemendik heldu zaizkion arren, lehian izan dituen final guztietara heldu da Tau Baskonia. Hori ez da datu makala. Taldeak hainbat zalantza zabaldu dituen arren, etekinak biltzeko gaitasuna izan du.



GASTEIZTARREN ILUSIOA. Bartzelonan, berriz, jokalari gehiagoren artean banatzen da finaletako presentzia. Grimau da partida gehien jokatu duena, bederatzirekin. Atzetik Vazquez dago, zazpi partidarekin. Ondoren lau partida dituzten lau jokalariren multzo bat dago (Lakovic, Trias, Basile eta Marconato). Aipatu jokalari guztiek, gainera, Bartzelonarekin jokatu dituzte finalak. Kataluniako hiriburuan elkarrekin urte batzuk jokatzen daraman talde multzo finkoa dagoela adierazten du horrek.

Historia alboratu eta sasoi honetako zenbakiei erreparatuta, zenbakiek Bartzelonaren alde egiten dute. Ligan jokaturiko bi partidak irabazi dituzte katalanek (77-81 eta 89-85). Partida horiek jokatu ziren unean, gainera, Bartzelonak ez zuen egungo sendotasunik. Baina Tau Baskonia ere gora egin du. Orain arte jokaturiko finalak galdu ostean, titulu bat bereganatzeko azken aukeraren aurrean, amorrazioak jota daude gasteiztarrak.

Spahijak zuzentzen dituen jokalariek, finalari begira, sasoi osoan erakutsi ez duten ilusioa helarazten ari dira. Unicajaren kontrako garaipen epikoak konfiantza berreskuratzeko balio izan du. Taldeak, egoera estuetan ere, garaipena lortzeko gaitasuna duela ikusi du, eta batere konplexurik gabe begiratzen dio Bartzelonaren kontrako finalari. Aurrerapauso moral hori emateko, funtsezkoa izan da talde guztiaren parte hartzea. Batetik, Planinicen eta Racocevicen arazo fisikoak atzean geratu dira, eta biak sasoi betean daude. Bestetik, aulkitik ateratzen diren jokalarien emanak gora egin du. Egun, Mickeal eta Splitter dira taldeari tira egiten dioten jokalariak. baina eguna ez badute, laguntza emango duen beste jokalariren bat gertu izango da. Horrela, Pascualek, Bartzelonaren entrenatzaileak, ezin izango dio Tau Baskoniako jokalari bakarri arreta berezia eskaini. Kataluniako entrenatzaileak prestaturiko amarruek, beraz, talde guztiari erreparatu beharko diote, eta ezingo dute jokalari zehatz batzuetara mugatu. Hori egiten ez badu, gasteiztarrek aukera ona izango dute Bartzelonari min egiteko. Iritsi da ordua, benetako ordua.



«Aukera paregabea dugu titulua irabazteko, eta ezin digu ihes egin. Dugun guztia emango dugu»

pete mickeal
tau baskoniako jokalaria




«Ez dago faboritorik, baina guk, noski, titulua nahi dugu. Hori lortzeko ordua iritsi zaigula uste dut»

zoran planinic
tau baskoniako jokalaria




«Etxeko partidak irabaztea izango da finala irabazteko gakoa. Gogoz gaude, txapela lortzeko prest»

pablo prigioni
tau baskoniako jokalaria




Aurpegi biko taldea

Bartzelonak denboraldi kaskarra egin du, baina une hauetan sasoi guztiko unerik gozoenean dago
U. g.

Gasteiz

Gaur egungo Bartzelonak ez du antzik orain hilabeteko taldearekin. Bigarren aldiz, Ivanovicen proiektuak ez zuen fruiturik eman denboraldi hasieratik. Bartzelonako agintariak, zaleak, eta batez ere jokalariak, ez ziren montenegroarraren lanarekin gustura. Azkenean, otsailean, prestatzailea kaleratzeko erabakia hartu zuen Kataluniako taldeak. Taldea zuzentzeko ardura Ivanovicen laguntzailearen eskuetan geratu zen. Xavi Pascualek taldea aurrera ateratzeko gaitasunik izango ez zuela zirudien, esperientziarik gabeko prestatzailea baitzen. Bartzelonak elitean aukera eman arte, saskibaloia eta ingeniaritza lanak tartekatzen zituen. Baina taldeak izan duen garapenak zalantza guztiak uxatu ditu, azken asteetan, nabarmen hobetu baita taldearen jokoa.

Bartzelonak emandako aurrerapausoa izen eta abizen argiak dauzka. Kanporaketetan, Alex Ackerrek eta Ersan Ilyasovak funtsezko lana egin dute kanporaketetan. Bi jokalariek apenas jokatu zuten Ivanovicekin, eta sasoi hasieran ez zuten benetan zuten mailarik erakutsi. Pascualek agintea hartzearekin, ordea, barruko kalitate guztia eztandarazi dute. Ackerrek taldearen zuzendaritza hartu du erasoan. Joventuti 40 puntu sartu zizkion jokaturiko bi partidatan. Lehenago, 30 puntu egin zizkion Iurbentia Bilbo Basketi final-laurdenetako partidaerabakigarran (34 puntuko balorazioa osatu zuen). Atzean egiten duen lana ere, ez da makala. Behingoz, Bartzelonak fitxatu izana justifikatzen ari da, eta garai bateko maila berreskuratu du. Bere kalitateak, Langdonen tankerako jokalaria egiten du, CSKAko hegalekoaren talenturik ez duen arren. Aitzitik, Ackerrek Langdonek baino indar fisiko handiagoa dauka.

Ilyasovaren susperraldia are eta pozgarriagoa izan da Bartzelonako zaleentzat. Sasoian zehar desagertuta egon eta gero, zenbaki ikusgarriak egin ditu Ligako kanporaketetan. Joventuten aurrean, 16 puntu eta 14 errebote lortu zituen lehen partidan. Marka hori bigarren partidan hobetzea lortu zuen, 15 puntu eta 18 errebote lortuta. Hobekuntzaren arrazoia topatzea ez da batere zaila. Ivanovicekin, hegaleko gisa aritzen zen turkiarra. Pascualek, berriz, hegal-pibot moduan jartzen du, eta posizio horretan, erosoago ari da jokalaria. Zenbakiei begiratu baino ez dago.

Beste jokalari guztiak ere apartekoak dira, baina denen artean, Jaka Lakovic joko-antolatzailea azpimarratu behar da. Edozein momentutan partida bat hausteko gaitasuna duen jokalaria da. Taldea zuzentzen ere badaki. Berak agintzen du talde jokoan nabarmen hobeto aritzen den Bartzelona berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.