Eskubaloia

Abiatu du denboraldia Bera Berak

Gaur egin dute denboraldiko lehen entrenamendua Jose Antonio Gaska kiroldegian. Donostiarrek bost fitxaketa egin dituzte, eta zazpi jokalarik utzi dute taldea. Maitane Etxeberria ez da izan entrenamenduan, Olinpiar Jokoetan arituko baita.

Bera Berako jokalariak lehen entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Bera Berako jokalariak lehen entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 23a
19:05
Entzun

Amaitu du oporraldia Bera Bera eskubaloi taldeak. Donostiarren aurreko denboraldia ikusgarria izan zen: Espainiako Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituen Imanol Alvarezen taldeak. Goi mailako kirolak, ordea, tarte gutxi uzten du atseden hartzeko. Bi hilabete ere ez dira igaro Elxen ligako garaikurra altxatu zutenetik, eta gaur lanean hasi dira jada. Aldaketa ugarirekin egin dute lehen entrenamendua. Donostiarrek bost fitxaketa egin dituzte, eta zazpi jokalarik esan diote agur taldeari. Horiek horrela, beste aro bat hasi du Bera Berak.

Aurpegi berriak izan dira lehen eguneko albiste nagusia. Elba Alvarez erdikoa, Tamara Kostic eta Lucia Prades atezainak, eta Francisca Araujo Joao eta Eszter Ogonovszky hegalekoak dira donostiarrek egin dituzten bost fitxaketak. Bestalde, zazpi jokalari joan zaizkio Alvarez teknikariari. Maddi Aalla, June Loidi, Malena Cavo, Alice Silva, Lydia Blanco, Emma Boada eta Marianne Fernandes oso jokalari garrantzitsuak izan ziren iazko lorpenetan. Eta ez horretan bakarrik, askok urte dezente egin baitituzte Donostian.

Bera Berak egindako bost fitxaketak. GORKA RUBIO / FOKU
Bera Berak egindako bost fitxaketak. GORKA RUBIO / FOKU

Maitane Etxeberria ere ez da egon Gaskan. Gipuzkoarra Parisko Olinpiar Jokoetan arituko da, Espainiako selekzioarekin —lehen aldiz jokatuko du txapelketa horretan—, eta horregatik, Jokoak eta haien osteko oporraldia amaitu bitartean ez da itzuliko Donostiako taldearen entrenamenduetara. Hutsune hori bigarren taldeko jokalariek beteko dute, denboraldiaurrean behintzat. Haizea Urretabizkaiak, Elene Vazquezek eta Eider Tapiak —Aiala Zarautzetik iritsi berria da—.

Klubak bost lagunarteko jokatuko ditu prestaketa prozesuan. Abuztuaren 9an jokatuko dute lehenengoa, Granollersen aurka. Horren ondoren, udako txapelketa bat jokatuko dute Valladolidekin, Guardesekin eta beste talde batekin. Egiako Torneoa ere jokatuko du Bera Berak, baina oraindik ez dute jakinarazi aurkaria zein izango den, eta, azkenik, Zuazoren aurka ariko dira Elgoibarren, abuztuaren 23an. Hori izango da udako azken lagunarteko partida.

Sasoi hasiera gogorra

Lehiaketa ofiziala Espainiako Ohorezko Ligarekin abiatuko dute donostiarrek, abuztuaren 31n. Ez dute nolanahiko hasiera izango, derbia izango baita lehen jardunaldian. Atarrabian arituko dira, Beti Onak-en aurka. Hurrengo asteburuan Superkopa jokatuko dute donostiarrek, irailaren 7an eta 8an. Iaz egin bezala, garaikurra etxera eramaten ahaleginduko da Alvarezen taldea.

Espainiako lehiaketetan ez ezik, Europan ere arituko dira aurten gipuzkoarrak. Europa Ligarako sailkatzeko kanporaketak jokatuko dituzte, eta Benfica izango dute lehen aurkaria. Urriaren 5ean edo 6an jokatuko dute joanekoa, Portugalen, eta urriaren 12an itzulerakoa, Donostian. Aurkari ezaguna dute Benfica, Iberiar Superkopan elkarren aurka jokatu baitzuten iaz. Baliteke aurten ere indarrak neurtzea lehiaketa horretan, finalean edo hirugarren eta laugarren postuak eskuratzeko partidan. Hala ere, Benficaren aurkako Europako kanporaketa igaroz gero, Alvarezen taldeak beste kanporaketa bat jokatu beharko du Europa Ligako multzoen fasean egon nahi badu. Poloniako talde bat izango luke aurkari azken kanporaketa horretara ailegatuz gero: MKS FunFloor Lublin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.