Parisko Olinpiar Jokoek Sena ibaiari protagonismoa emateko ahalegin berezia egin dute. Ibaiak ur baliabideak eta garraiorako bideak ez ezik, herrien eta hirien identitatearen parte dira, eta Parisko antolakuntzak probetarako bakarrik ez, Jokoak hasteko ekitaldirako ere erabili du. Lehenbiziko aldiz historian hasiera ekitaldi bat ez da estadio batean egin. Hiri osoa astebete baino gehiagoan hankaz goiti paratu behar izan dute horretarako, ibaiaren bi hegietan ekitaldiak hartu dituen sei kilometroetan gune osoak itxita izan baitituzte, eta milaka polizia eta militarrez zainduak. Horrelako ekitaldi batean aurrekaririk ez zuen segurtasun, logistika eta baliabide mobilizazio bat izan da, guzia, Senaren alde gozoa erakusteko; eta, bidenabar, Frantziako Errepublikaren senaren alde gozoa. Thomas Jolly ekitaldiko zuzendariak eta Thomas Bach NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak lo lasai egingo dute. Zer erranik ez Emanuel Macron Frantziako estatuburuak. Besta borobil atera da.
Bazen elementu bat aurreikusi zitekeena, baina polizia eta militar guziek ere ezin zutena eragotzi: euria. Egin du, baina ez ekitaldia zapuzteko adina. Aste osoan ezarri diren segurtasun neurrien ondorioz, antolatzaileek ekitaldira joan behar zuten ikusleei eskatu zieten hasi baino lau ordu lehenago agertzeko sarrera guneetara —19:30ean hastekoa zen—, eta tenore horretarako jendetza elkartuta zegoen sarreretan. Austerlitzeko geltokiaren ingurukoan, errate baterako, nabarmena zen Amerikatik etorritakoen presentzia, kamisetei eta banderei erreparatuz gero: AEBetakoak, Kolonbiakoak, Mexikokoak, Venezuelakoak, Brasilgoak...
Ontzien desfilea izan da ekitaldiaren bizkarrezurra: 160 atera dira ibaira, eta horietako 94k eraman dituzte Jokoetan parte hartuko duten 10.500 kirolariak. Ikusleak, berriz, 326.000 inguru, ibaiaren bi hegietan bilduta. Ekialdetik mendebalderako norabidea hartu du, ibilguan beheiti, Ragnar bikingoak 845ean Paris setiatzeko zuzendu zituen drakkar-ek hartu zuten kontrako norabidean. Bikingoen ondorengoek lau ontzitan desfilatu dute, baina ongi portatu dira, drakkarrak etxean utzita. Austerlitzeko zubian hasi da desfilea, eta Ienakoan bukatu; hau da, Napoleon Bonaparte enperadoreak irabazitako bataila batetik bertzera —Austerlitzeko guduarengatik (1805) eman zioten izena zubietako bati, eta Ienakoarengatik (1806) bertzeari—. Eta ekitaldia bukatzeko tokian, bertze bataila bat, baina Napoleon agintetik kendu zuten etsaiek irabazitakoa, kasu horretan: Trocadero plazan —1823ko Trocaderoko guduarengatik izena eman ziotena—. Handik gertu kokatu dituzte ehun herrialde ingurutako agintari gorenak, eta bertze ehun ingurutako ordezkariak.
Tradizioak agindu bezala, Greziako ordezkaritzak hasi du desfilea, Jokoak asmatu zituen herrialdeak, eta haren gibeletik atera da errefuxiatuen taldearen ontzia. Austerlitzeko zubiaren inguruan zegoen ikusleen aldetik, bederen, ez du bertzeen aldean harrera beroagorik izan, nahiko oharkabean igaro da. Israelgo delegazioa igaro denean, berriz, erabateko isiltasuna: ez txalorik, ezta txisturik ere. Palestinari bai, txalo xume batzuk. Harrera beroena, zalantzarik gabe, etxeko taldeak izan du. Atzerritar anitz zeuden ikusleen artean, baina etxekoak Senan nagusi egin ziren. Frantziako kultura aberatsari keinu anitz egin dizkiote ekitaldian, eta asmatu dute erreferentzia modernoekin nahasten. Euskal Herriko talde batek izan du protagonismo une bat hortan, Lapurdiko Gojira metal taldeak buruak dantzan paratu baititu, haien musika astuna lirika abeslari baten ahots azkarrarekin nahasita. Maurice Ravel ziburutarraren obra bat ere jo dute pianoarekin. Bertze keinu bat: Frantziaren historiako emakume borrokalariei: Paulette Nardal Sorbonako unibertsitatean ikasi zuen lehen emakume beltzari, Louise Michel Parisko Komunako iraultzaileari, Simone Veil abortua legeztatu zuen ministroari...
Alde gazirik ez
Izan ere, Sena historia bizia da, baina baita heriotzaren historia ere. 1961eko urriaren 17an Parisen bizi ziren milaka aljeriar protestara atera ziren haiei espezifikoki ezarri zitzaien etxeratze agindu baten kontra —Aljeria Frantziatik independizatzeko gerran zegoen orduan—. Poliziak 100 eta 200 aljeriar artean hil zituen egun horretan —ez dago kopuru ofizialik—, eta Frantziako Gobernuak 2010eko hamarkadara arte ez zuen gertakari hura aitortzeko keinurik egin. Poliziak dozenaka manifestari bart ontziek azpitik gurutzatu zituzten zubietatik bota zituen, eta itota hil ziren. Senak ez du keinurik izan haiekin, baina Aljeriako delegazioa bai, oroitu da hildakoez, eta loreak bota ditu ibaira.