Athleticzaleek poster berri bat dute haien logelak atontzeko. Aurki eskegiko dute lo hartu aurretik ikusi eta gurtuko duten argazki berria. Dani, Zubizarreta, Endika eta enparauei atsedena emateko iritsi da; hemendik aurrera Williamstarrak, Sancet eta Muniain izango dira Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herria osoko milaka pertsonaren ametsen zaindari. Aurpegiak berriak izango dira, baina eszenaratzea duela berrogei urteko bera izango da: Athleticeko jokalariak gabarran saltoka eta milioi bat pertsona itsasadarrean pilatuta.
Eszenaratzea berdina izango da, baina paisaia ezberdina. Duela berrogei urte ugerra eta industria nagusi ziren ibai bazterretan egun titaniozko idoloak baitaude. Titaniozkoak eta hezur haragizkoak, Athleticeko lehen taldeko jokalariek eromena eraman baitute itsasadarrera. Getxotik Bilbora arteko ibilbideko zentimetro guztiak estali dituzte, eta pozez gainezka egin du Ibaizabalek.
Bilbo ezin da ulertu itsasadarrik gabe. Bizi, aberastasun, tristura eta poz iturri izan baita. Uholde txarrak ezagutu ditu uriak, baina zoriona eta poza iritsi da, gaur, ibaian gora. Egun osoan sumatu da poza, ospakizunak hiria kolapsatu baitu goizeko lehen ordutik. Kaleetan barrena mugitzea oso zaila izan da, are gehiago eguerditik aurrera, udalak hainbat zubi itxi ondoren. Zale gehienak garraio publikoz gerturatu dira, eta metro zein tren geltokiek etengabeko jende jarioa izan dute egun osoan.
Eguneko protagonista, baina, gabarra zen. Arratsaldera arteko orduak urduri eta luzeak izan dira. Zale gehienek eguzkipean pasa dituzte, baina zintzurra freskatzekorik ez zaie falta izan. Gabarra bere orduan atera da Getxoko kirol portutik, eta bidea egin ahala mundu oso batek txalotu du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguerdirako esana zuen horrelako jendetzarik inoiz bildu gabea zela ekitaldi publiko batean, eta segurtasun dispositibo berezia beharko zuela. Ehunka mila izan dira bildu direnak, eta patxadaz aztertu beharko dira irudiak milioira iritsi diren jakiteko.
Loreak San Mamesen
Segurtasun dispositibo erraldoia ezinbestekoa zen. Getxoko, Santurtziko, Erandioko, Sestaoko... kaleak ezin ziren ikusi ere egin. Hala ere, zorionez lan gutxi izan dute, jendearen jarrera txalotzekoa izan baita, eta ez zen gertakari larririk egon. Bilborako bideko une hunkigarrienetako bat San Mames parean bizi da. Jokalariek lore petaloak bota dituzte uretara azken urteetan hildako jokalari eta zaleen omenez.
Bilbora iritsi arte hiru edo lau pertsonako jende ilarak ikusi dira, behin hiriburuan, baina, kopurua handitu egin da. Olabeagatik hasi eta udaletxeraino zubi guztiak eroriko zirela zirudien. Festak udaletxera iristean jo du gaina. Gabarra hiru ordu laurden berandu iritsi da, baina inork ez die errietarik egin jokalariei. Dotore iritsi dira gainera, marra zuri-gorri oso findun alkandorekin. Duela berrogei urteko txapeldunek jantzi zituzten atorrei eginiko keinua izan da.
Iker Muniain eta Oskar De Marcos taldeko kapitainek hartu dute Espainiako Kopa gabarratik atera eta hura udaletxera eramateko ardura. Desfile osoan garagardoz blaituko trofeoak distira egin du udaletxeko eskaileretan. Festaren hasiera zen, eta eraikineko balkoi nagusian jarraitu du.
Vesgaren aitormena
Muniainek hartu du mikrofonoa lehenbizi, eta zeremonia maisu bilakatu zen. Zintzo onartu zuen titulu hau irabazi izana «zama handi bat» kentzea izan dela berarentzat, urteen poderioz ardura erraldoi bilakatu baitzen. Era berean, Athleticen filosofia goratu du: «Kopak arrazoia ematen digu, eta norabide zuzenean goazela erakutsi».
Jokalari guztiek hartu dute hitza, baina haien aurretik Jon Uriarte eta Ernesto Valverde mintzatu dira. Uriartek «anbizioa» onartu du eta guztien helburua udaletxeko balkoira itzultzea dela esan. Valverdek, aldiz, umoretik jo du, eta Athleticeko zaleak munduko onenak direla esan du, «baita ospatzen ere».
Jokalarien mintzaldietan euskara gutxi entzun da, gaztelania baino dezentez gutxiago. Asier Villalibrek, hala ere, onartu du oso gustuko duela zaleak euskaraz abesten entzutea, eta mezu bat bidali dio Athletic familia osoari: «Gazte askorengan eragina daukagu, eta ez dugu ahaztu behar euskara Athleticen oinarria dela». Mikel Vesgak ere mintzaldi osoa euskaraz egin du, eta zaleak Hertzainak taldearen Aitormena abesten jarri ditu.
Muniainek banaka aurkeztu ditu kide guztiak, eta asko zirikatu ditu. Abesti ugari entzun dira, San Mamesen ohikoak diren gehienak. Azkena, baina, partidetako usadioari jarraiki, Txoriak txori izan da. Udaletxetik ateratzean jokalariek autobusa hartu dute aldundira joateko. Bilbon, askorentzat oso luzea izango den gau baten hasiera izan da, urte askoan oroituko duten egun baten segida gozoa.