Arrauna

Abiadura biziagoa jarri nahian

Nahiz eta bigarren txandan aritzea zuen helburua, Kaiku lehendabizikoan dabil estropada gehienetan. Erregularrago izan nahi dute, eta Pello Olibanek dio horretan saiatuko direla.

Kaikuko arraunlariak, Hondarribiko Banderan. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun

Hartu zuten kolpe haren ondoren guztiz sendatuta, ilusioz hasi zuen Kaikuk aurtengo denboraldia. Eusko Label Ligatik jaitsi zen 2020an, baina igotzea lortu, eta seigarren izan zen iaz. Gogo handiz zeuden postu horretan egoteko aurten ere, mendeurrenaren urtean. Taldea eraberrituta, laster frogatu zuten ez zutela arazo handirik izango azken postuetatik urruntzeko. Horrela izan bada ere, bigarren txandako taldeen atzetik dabil Bizkaitarra, eta Pello Oliban arraunlariak (Lemoiz, Bizkaia, 1990) azaldu du zergatik gertatzen zaien hori.

Kaikuk emaitza ona eskuratu zuen larunbatean, Hondarribiko uretan. Lehen txandan irten, eta mendean hartu zituen gainontzeko hiru traineruak. Santurtzirekin izan zuen liskarrak ere ez zion galarazi txanda irabaztea. 20.34ko denbora markatu zuen, eta Isuntzaren aurretik sailkatzeko balio izan zion horrek —bigarren txandan atera ziren haiek—. Emaitza ona bigarren txandan aritu nahi duen ontzi batentzat. «Larunbatean, nahiko gustura geratu ginen gure lanarekin. Gertatu zena gertatu ondoren, agian arraunean ez zen gure estropada onena izan, baina nahiko itxuroso ibili ginen. Bederatzigarren edo seigarren ere egin dugu hainbat alditan, baina, gure maila ematen dugunean, hor ibiltzen gara, zortzigarren postuaren inguruan».

Igandean, berriz, denboraldi osoan pasatu zaien hori pasatu zitzaien berriro. Jarraian bi estropada on egin ezinik dago Jose Luis Kortaren taldea, eta 11. izan ziren Lekeitioko uretan. Olibanek dio estropada ez zela «batere ona» izan. «Itsasoan nahikotxo kostatzen ari zaigu, batez ere poparean joatean. Brankaz ez gara txarto moldatzen, baina poparean ezin asmatu gabiltza. Igandean, gainera, nahiko aldaketa egin genituen eskifaian, eta entrenatzaileak hainbat proba egin zituen zeozer desberdinaren bila. Itsasoan hobeto moldatzeko moduren bat aurkitzen saiatu zen, baina ez zen ondo atera».

Denboraldi hasieran bigarren txandako taldea izan nahi bazuten ere, azkenekoan egotera ohitu behar izan da Bizkaiko taldea. «Badirudi asteburuero estropada bat txukun egiten dugula, eta bestea eskasago. Nahiko irregular gabiltza alde horretatik. Ahal izanez gero bigarren txandan finkatzea zen gure helburua, baina, hain irregular gabiltzanez, zaila izan da. Gainera, gainetik ditugun taldeek oso gutxitan huts egiten dute, eta horrela oso zaila da sailkapenean haiengana hurbiltzea. Alde horretatik, emaitza apur bat hobeak espero genituen, baina taldea batuta dago, eta giro ona dugu gure artean». Olibanen ustez, «zail» dute zortzigarren amaitzea, baina borrokan jarraituko dutela esan du.

Zortzigarren izatea ez ezik, bederatzigarren bukatzea ere nahiko zail izango dute. Ondarroa dute atzetik, bi puntura, eta abuztua gogor hasi dute. Olibanek argi dauka ezin direla lasaitu. «Eusko Label Ligan, talde oso onak daude, eta denak prestatu dira onena emateko. Ondarroa, gainera, itsasoko taldea da. Haien entrenamendu baldintzak horiek dira, eta itsasoan ondo aritzen dira. Sailkapenean gerturatu egin zaizkigu, eta orain dugun postua mantentzeko maila ona erakutsi beharko dugu».

Bukaerarako prest

Talde gehienen antzera, abuztu bukaerara edo Kontxako banderara ahalik eta hobekien iristeko prestatu da Kaiku. «Arlo fisikoan ez da diferentzia handirik izango, baina xehetasunetan asmatzen duenak lortuko du aldea ateratzea», azpimarratu du Olibanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.