Monako

Aberastasuna

Indartsu azaldu da Monako taldea berriz ere Txapeldunen Ligan, hamahiru urte geroago. 2004an, txapeldunorde izan zen, eta bihar finalerdia jokatuko du Juventusen aurka. Frantziako Liga irabazteko aukera handia dauka, gainera.

FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Monakoko Printzerria erraz lotzen da diruarekin. Aristokraziaren habia, aberatsen opor leku eta fortuna handien ostatu. Txikia da biztanle kopuruan (36.100 biztanle), handia bestelako kontu batzuetan. Handitasuna dario. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa futbol taldea ere indartsua izatea. Bazeukan nondik jaso dirua, eta badauka orain ere. Printzerriaren babesean lehen, urte askoan, eta Errusiako aberats baten esku 2011tik. Jakina da diruaren usainean erraza dela jokalari handiak erakartzea, eta beti eduki izan ditu halakoak Monakok.

Garaipenen zerrenda, baina, ez dauka izan zezakeen bezain gizena. Ez da mehea, baina kolpeka eta boladaka ibili izan da tituluak pilatzen 1924an sortu zenetik. Printzerriko hainbat klub elkartuta sortu zen garai hartan. Frantziakoa ez izan arren, berehala eman zitzaion aukera herrialde horretako taldeekin lehiatzeko, eta 1932an jaso zuen gonbidapena Frantziako liga profesional sortu berrian jokatzeko. Handik urte askora arte, ez zuen garaipenik lortu, 1961ean irabazi baitzuen aurreneko aldiz Frantziako Liga. Bi denboraldi geroago lortu zuen bigarrena, eta, gero, hamabost urteko etena, 1978ra arte. 1980ko hamarkadan beste bi bider izan zen txapeldun, 1982an eta 1988an, eta mende zaharraren akaberan eta berriaren hasieran irabazi zituen orain arte azkenekoak dituenak: 1997an eta 2000n. Hamazazpi urte geroago dauka zortzigarren titulua litzatekeena etxera eramateko aukera paregabea. Lau partida falta zaizkio liga amaitzeko, eta hiru punturen tartea ateratzen dio PSGri —partida bat gutxiago falta zaio Unai Emeryren taldeari—, eta seirena Nizari.

Europako futbolean, hizpide da denboraldi honetan. Berriz ere. Bihar du Txapeldunen Ligako finalerdien joanekoa, Juventusen aurka, zaleen aurrean, Luis II.a estadioan. Duela hamahiru urte izan zen azkeneko aldiz koska horretan, baita bat gorago ere, finala jokatu baitzuen Jose Mourinhoren Portoren aurka. 0-3 galdu zuen orduan Didier Deschamps lapurtarrak zuzentzen zuen Monakok.

Beti izendatu behar izaten da talderen bat txapelketa guztietako ezuste moduan, eta bistan da zeinek daukan bereizgarri hori denboraldi honetako Txapeldunen Ligan.

Neurria jarri behar zaio, hala ere, ezuste izaerari, jokalari zerrenda hartu eta zenbait izen ikusita. Agian, ez delako hainbesteko ezustea Monako hain ondo aritzea. Iritsi den lekura iristeko, bi izen eta bien lana nabarmendu behar dira. Aurrenekoa, taldearen historian duen lekuaren kronologiaren arabera, Errusiako aberats bat da, 2011n taldea erosi zuen hura: Dmitri Ribolovlev enpresaria. Klubaren akzioen zati handi baten jabe egin zen, Alberto II.a printzearekin tratua egin eta gero. Agindu zuen dirua jarriko zuela taldean, Frantzian eta Europan punta-puntakoa izan zedin. Ari da emandako hitza betetzen. Nabarmentzeko beste izena entrenatzailearena da: Leonardo Jardim venezuelar-portugaldarra. 2014an fitxatu zuen Monakok. Atentzioa eman zuen izen handiko entrenatzaile bat ez aukeratu izanak hainbeste diru duen taldeak. Aurreko sasoian, 2013-2014koan, Portugalgo talde handienetakoa, Sporting Lisboa, txapeldunorde izan zen harekin, urteetan eskasago ibili eta gero.

Errusiarraren diruak Radamel Falcao kolonbiarra eraman zuen Printzerrira, 2013an. 63 milioi euro ordaindu zizkion Atletico Madrili. Ribolovleven diruak hara eraman dituen izar handi gehiago ere izan dira urte hauetan: Joao Moutinho eta Ricardo Carvalho portugaldarrak, Jeremy Toulalan frantziarra, James Rodriguez kolonbiarra eta abar. Falcaok bakarrik jarraitzen du taldean gaur egun, eta, taldekideei begiratuta, baliteke oraingo Monako hau izatea izen loria gutxien duena azken urteetan, badituen arren.

Hor azaltzen da Jardimen lana. Hirugarren denboraldia du taldean, eta, aurreko bietan, hirugarren izan zen Frantziako Ligan. Bere aurreneko sasoian, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara heldu zen, eta, hain zuzen, Juventusek kanporatu zuen, biharko aurkari berberak.

Mbappe, Henryren bidetik

Monakok ekarpen aberatsa ere egin dio futbol munduari azkenaldi honetan: pazientzia ere beharrezkoa dela erakutsi. Ribolovlev dirudunaren ekarpen handiak pixka bat alboratu ditu, eta indarra eman dio talde izaerari. Entrenatzaileari lan egiten utzi dio, presaren presaz emaitza bikainak lortzera jokatu beharrean.

Harrobiari ere begiratu dio, eta han azaldu zaio harribitxi bat: Kylian Mbappe aurrelaria, 18 urtekoa. Falcaok adina gol dauzka sartuak Txapeldunen Ligan: bost. Adin tarte horretako altxor preziatuena bilakatu da Europako talde indartsuenentzat, eta bada Printzerritik azkar alde egingo duela esaten duenik ere.

Badaki horren berri Monakok lehendik ere. Haren historian begiratu, eta, besteak beste, Thierry Henry aurrelaria azaltzen da. Haurra zela hartu zuen taldeak, eta, 1999an, Juventusek fitxatu zuen, 17 milioi euro ordainduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.