«Abentura» luzatzeko asmoz

ASB Baionak finalerdietako partida jokatuko du etzi, aurkari oso gogor baten aurka: Montpellier

ASB Baionako jokalariak ariketa bat egiteko prest, entrenamendu batean. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aste berezia bizi dute ASB Baionan. Lapurdiko hiriburuko klub historikoetako ahizpa txikia da, baina iragan sasoitik Lehen Mailan ari den hiriko talde bakarra da. Aritu, eta maila onean, bere multzoan —zortzi taldeko bi multzo dira— bigarren gelditu ondoren, kanporaketetarako sailkatu baitzen, eta etzi jokatuko ditu finalerdiak (14:15), Montpellierren aurka, Auchen (Frantzia), zelai neutralean. «Historikoa da egin duguna: bigarren sasoia Lehen Mailan eta finalerdietara iritsi, inoiz ez da halakorik gertatu», nabarmendu du Maika Brust (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1994) ASBko bigarren lerrokoak.

Baionako taldea seigarren izan zen iragan sasoian, zortzi taldeko liga batean, eta aurten asko igo du langa. «Guretzat ere ezustekoa izan da. Ezusteko oso gozoa, baina ondo lehiatu gara. Gainera, kontuan hartu behar da astean bi aldiz bakarrik entrenatzen garela elkarrekin. Beste egunetan gure kasa ibiltzen gara». Eliteko errugbi talde bat astean bitan bakarrik entrenatzea oso ezohikoa da, baina jokalari guztiak amateurrak izateak horretara bultzatzen ditu. «Lana behar dugu etxean ordaindu eta jateko, eta ezin dugu utzi». Brust ariketa fisikoko irakaslea da Larzabaleko eskola batean.

Multzoko bigarren izan ondoren, ASBk final-laurdenetako partida etxean jokatzeko eskubidea lortu zuen, eta 21-15 irabazi zion Romagnati. Etziko partida, baina, zailagoa izango da, Montpellier ligako talde gogorrena baita. Zergatik? Azken sei urteetan bost aldiz izan da txapeldun, eta sasoi honetan jokaturiko hamabost partidetatik hamalau irabazi ditu, eta batean ez beste guztietan lortu du erasoko puntua. Erdi profesionalak dira, gainera. «Oso onak dira», laburbildu Brustek, baina badu itxaropena. «Aurrekoan, Frantziako hautatzaileak esan zuen irabazteko gai ginela. Guk ilusioa dugu; haiek, aldiz, presioa».

Eta nola irabazten zaio horrelako talde bati? «Ez dute beste munduko jokorik egiten, baina oso onak dira buruz buruko jokaldietan. Indartsuak dira, bizkorrak... Guk, berriz, joko orekatua dugu, defentsan zein erasoan; gure jokoan ez dago puntu beltz handirik».

ASBk, gainera, ilusioa du alde. «Oso pozik gaude; giro ona dugu taldean. Gure indarguneetako bat da». Taldearen sare sozialetan murgiltzea nahikoa da hala dela jakiteko, ez baita ospakizun eta abesti bideorik falta. Tradizioa dira. «Klubean iraganean egon ziren jokalariek idatzitako kantuak dira, eta jokalari berri guztiek ikasi behar dituzte. Taldean bospasei euskaldun daude, baina jokalari guztiek ikasi behar dituzte buruz abesti horiek: gure nortasunaren oinarria dira». Ea etzi garaipenaren kantua abesterik duten. «Gustura luzatuko dugu gure abentura beste aste batez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.