Abenduaren 27an, presidente berria

Josu Urrutiak baieztatu du ez dela hirugarrenez aurkeztuko Athleticeko presidente izateko. Ibaiganen luzaroen egon diren presidenteetatik hirugarrena izango da: zortzi urte

Josu Urrutia Athleticeko presidentea, atzo San Mamesen egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Hurrengo hauteskundeetara ez naizela aurkeztuko jakinarazi nien joan den astean zuzendaritzako gainerako kideei. Behin hori argituta, hauteskunde eguna abenduaren 27an jartzea adostu genuen». Horrela hasi zuen Josu Urrutiak atzo San Mamesen egin zuen agerraldia. Ez zen ezustekoa izan. Athleticeko presidente hautatu zutenetik nola jokatu duen eta zein erabaki hartu dituen aztertzea nahikoa da atzo jakinarazi zuenak inor jokoz kanpo harrapa ez zezan. Duela hamabost egun, bazkide konpromisarioen batzarreko hitzaldian, bere bi agintaldien errepasoa egin zuen; eskerrak eman zizkien ondoan izan dituenei, eta esan zuen Athletic zuzentzea «plazera» izan dela. Orduan aditzera eman zuena baieztatu zuen atzo, ez baita egun batetik bestera hartutako erabakia izan.

Urrutiak sakon hausnartu izan du edozein pauso eman aurretik. Asmatu edo ez, ondo pentsatuta egin ditu urrats guztiak. «Lau urteko agintaldia ondo dago, hamabi urte gehiegi da, eta zortzi egon beharra dago». Irizpide hori hartu du oinarri Urrutiak hirugarrenez ez aurkezteko. Azken hilabeteetan buruan izan du kontrakoa ere, baina azkenean argi izan du. «Buruak eta bihotzak gauza bera eskatu didate. Athleticentzako eta niretzako onena ez aurkeztea da». Hauteskunde eguna jartzean ere, klubaren interesak lehenetsi dituzte. «Ez dago sasoi onik hauteskundeak egiteko».

Bazkide eserlekura bueltatu aurretik, San Mameseko besaulkian egindako ibilbidearen balantzea egin zuen. Uste du onetik txarretik baino gehiago egon dela. «Ez diot notarik jarri nahi agintaldiari. Sasoi onak asko izan dira, baina baita une latzak ere.Nabarmenduko nuke garai txarretan gure jokabidea ez dela aldatu. Hurrengoak guk izan ditugun lorpenak berdintzea ontzat emango nuke». Halaber, gaineratu zuen agintean denbora asko daramaten arren bazkideek berengan sinesten jarraitzen dutela.

Athleticen historian Ibaiganen gehien iraun duten presidenteen artean hirugarrena da Urrutia. Enrique Guzmanek eta Pedro Aurtenetxek agindu dute denbora luzeagoan. Baina, hilabete eta erdi barru, beste aro bat hasiko da Ibaiganen. Ez dira falta Urrutiaren lekukoa hartzeko gertu dauden bazkideak. Baina edonork ezingo du pausoa eman. Hurrengo lau urteetan klub zuri-gorrian agindu gura dutenek 18 milioi euroko diru bermea jarri beharko dute. Salbuespen bakarra dago: egun zuzendaritzan daudenek proiektuari jarraipena eman gura baldin badiote, ez dute jarri beharko. Urrutiak bere erara eman zien babesa orain arte bidaide izan dituenei. «Ez dakit zer daukaten buruan gure zuzendaritzako gainerako kideek. Niri ondo erantzun didate, eta hasi ginenean baino gaitasun handiagoarekin ikusten ditut. Hala ere, Athletic hobetu dezakeen edozein bazkide aurkeztea gustatuko litzaidake».

Berizzorekin «txundituta»

Ibaiganera heltzeko lehiak ez du lagunduko kirol arloan dauden arazoak konpontzen. Presidente berria hautatu bitartean, egunero egongo dira futbolarekin zerikusirik ez duten albisteak. Agintzeko interesa dutenen arteko kritikak ere ez dira faltako. Horrek guztiak arreta behar lukeen lekutik aldentzea ekar lezake. Albiste txarrak dira taldeak babesa behar duen garaian. Urrutiak onartu zuen taldearen egungo ibilbidea ez dela ona, eta horregatik «logikoa» dela Eduardo Berizzo arduratuta egotea. «Normala da entrenatzailea kezkatuta egotea. Horrek ez du esan gura ikaratuta egon behar duenik. Zailtasunei aurre egiteko lan egin behar da».

Asko dira argentinarraren gaitasuna ezbaian jarri dutenak. Bada, Urrutiarentzat, inoiz ezagutu duen teknikaririk «baliotsuenetakoa» da. «Berizzoren inguruan oso iritzi ona daukat. Futbolari zein presidente moduan ezagutu ditudan entrenatzaile guztien artean onenetakoa da Athleticentzat». Baina ondorengoa ere erantsi zuen: «Futbolean emaitzek agintzen dute. Guk ezin dugu ezer bermatu, baina, gure lan egiteko era kontuan hartuta, erraza da jakitea nola jokatuko dugun».

Agerraldia amaitu aurretik, klubean zeresana ematen ari diren beste kontu batzuen gainean ere jardun zen Urrutia. Batetik, argi utzi zuen agintean jarraitzen duten bitartean klubarentzat «onak» diren erabakiak hartzen jarraituko dutela. Esan zuen Jose Mari Amorrortu kirol zuzendariak denboraldia amaitu arte jarraituko duela, eta ondoren utzi egingo duela Athletic.

Bestalde San Mamesen dagoen giro epelaren gainean galdetuta, adierazi zuen «guztien ardura» dela arazo horri buelta ematea. «Ez da zelai berria dugulako bakarrik. San Mames zaharretik datorren arazoa da». Ereserkia aldatzeko aukeraz, berriz, hitzak aldatzea baino garrantzitsuagoak iruditu zaizkio agintaldian parekotasunaren alde eman dituzten pausoak. Cabacas auziaren gainean ere jardun zen. Gertutik erreparatu diote, eta presidenteak «justizia egitea» gura du: «Gizarte guztiak eskatzen duen moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.