Oscar de Marcos. Athleticeko jokalaria

«Abenduan, beldurtuta nengoen»

«Gustuz eta arduraz» hartu du Athleticen kapitainaren rola Oscar de Marcosek. Sasoi hasieran, «asko» sufritu zuen; baina, orain, «gozatzen» ari da. Igandean, lehen aldiz irabazi gura du Bernabeun.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Athleticen arrastoa lagatzen ari da Oscar de Marcos (Guardia, Araba, 1989). Zelaian jokalari nekaezina da. Kluba ikaragarri maite du, eta beti erakutsi du konpromiso eta atxikimendu handia. Kapitaina da. Gainera, zelaietatik kanpo arlo ugaritan ari da laguntzen premia duten pertsonei.

Rayo Vallecanoren kontrako norgehiagoka egunean 30 urte bete zenituen. Hasieratik jokatu zenuen, eta irabazi egin zenuten. Ez dago ospatzeko era hoberik ezta?

Egun biribila izan zen. 30 urte bete nituen, eta horietatik hamar Athleticen pasatu ditut. Tarte honetan bizi izan dudan ia guztia ona izan da. Pozik bete nituen urteak.

Klub zuri-gorrian daramazun hamarkadatik zer nabarmenduko zenuke?

Ez da erraza aukeratzea. Oroitzapen onak baino ez ditut. Baikorra naizelako izango da. Sasoi txarretatik ikasi, eta lehenbailehen burutik ezabatzen ahalegintzen naiz. Athleticen debuta egin nuen denboraldia oso berezia izan zen. Joaquin Caparros zen entrenatzailea. Halaber, Marcelo Bielsaren lehen sasoia ahaztezina izan zen.Ernesto Valverderen aroan ere garai oso gozoak bizi izan nituen.

Zortekoa zarela esan daiteke, Athleticek bi ligak irabazi zituenetik —1983an eta 1984an— bizi izaten ari zaren aroa baita klubaren arrakastatsuena.

Zortea izan dut. Athleticen jokatu ditudan hamar denboraldietatik zazpitan Europan jokatuko dugu. Mailari eusteko borrokan denboraldi honetako lehen zatian baino ez naiz egon. Iraolak. Gabilondok, Gurpegik eta Orbaizek kontatzen zidaten sufrikarioaren berririk ez dut izan nik. Ezin naiz kexatu.

Europan aritzeaz gain, Espainiako Kopako hiru final jokatu dituzu, EuropaLigako bat, Espainiako Superkopa irabazi duzu... Athleticeko jokalari garrantzitsu askok ez dute horrelakorik ezagutu. Zer diozu hortaz?

Talde ona izan dugu, eta, era berean, egoki egin ditugu belaunaldi aldaketak. Lezamak ondo erantzun du azken hamarkadan.

30 urte ez da adin txarra futbolari batentzat. Hala ere, zure kirol ibilbidearen zatirik handiena jokatu duzula uste duzu, edo oraindik bide luzea geratzen zaizu erretiroa hartu aurretik?

Geratzen zaidan bidea baino askoz gehiago osatu dut. Ez dut ikustenneure burua Adurizen gisara. Tratu handia hartu dut nire kirol ibilbidean. Sasoi honetan asko ari naiz jokatzen, eta hori pozgarria da. Bi urterako kontratua daukat, baina nire kirol ibilbidearen zatirik handiena eginda dago.

Argi dago Athletic azala aldatzen ari dela. Belaunaldi aldaketa begibistakoa da. Iturraspek, Ricok, Susaetak, Balentziagak edota Adurizek geroz eta gutxiago jokatzen dute. Nola ikusten duzu aldaketa hori?

Hala da. Denbora guztiontzat pasatzen da. Belaunaldi aldaketak ezin dira saihestu. Aipatu dituzun jokalariek urte asko daramatzate klubean. Aldaketa ezinbestekoa da, eta, gainera, gu ordezkatzera datozenak oso ondo ari dira erantzuten. Haztegian ondo ari dira lanean, eta zuzendaritzak fitxatu dituen futbolariak ere maila oso ona ematen ari dira.

Arestian aipatutako eskarmentu handiko futbolari horiek taldekideak izateaz gain, lagunak ere badituzu. Euren etorkizunaz arduratuta ikusten al dituzu?

Urduritasunik ez dut nabaritzen, baina jokalari eta lagunen iritziaren berri badaukat. Bakoitzak berea dauka. Barruko kontuak dira, eta gure artean geratzen dira.

Belaunaldi aldaketa era askotara islatzen da. Euretako bat zu kapitainaren besokoarekin ikustea da. Hamar urtean ia 400 partida jokatu ostean, zelai barruan ez eze, kanpoan ere ardurak hartzea egokitzenari zaizu?

Taldeetan rolak daude, eta orain guk daukagu eskarmentu txikiagoa duten taldekideei laguntzeko ardura. Taldean garrantzia duten futbolariek utzitako lekua bete behar da. Athleticeko kapitaina naiz, eta horrek zer esan nahi duen barneratu behar dut. Bilbon eta inguruetan eragina daukagu, eta arduraz jokatu behar dugu. Zelai barruan zein kanpoan eredu izan behar dugu.

Gustuko duzu errefente izatea?

Ez nago deseroso rol horretan. Saiatzen naiz gauzak ondo egiten.

Egungo gazteak zuek euren lekuan egon zinetenean baino bihurriagoak al dira?

Ez nuke esango. Guztiok antzekoak izan gara. Gizartea aldatzen ari da, baina pertsonak antzekoak gara. Antzekotasun handiak ikusten ditut.

Zelaitik kanpoko lana oso garrantzitsua da, baina berdegunean erakutsi behar dira gauzak. Eskuin hegaleko atzelari zein erdilari postuan asko ari zara jokatzen denboraldi honetan. Pozik?

Bai Berizzorekin, baita Garitanorekin ere asko jokatu dut. Sasoi hasieran, atzean aritu nintzen, baina Gaizka [Garitano] etorri zenean, Caparen aldeko apustua egin zuen. Modu i kusgarrian ari da jokatzen. Beraz, hamaikakoaren beste postu batean egin didate lekua.

Oihan Sancet, Asier Villalibre, Unai Vencedor edo Iñigo Vicente lehen taldeko atea jotzen ari dira. Jokalari gazte horietatik zeinek du etorkizun onena?

Ez pentsa begi ona dudanik. Ez dut ia inoiz asmatzen. Aipatu dituzunetatik Sancet jokalari ikusgarria iruditzen zait. Bestalde, Villalibrek dohain handiak dituela iritzi diot. Jokalari batzuk denbora behar izaten dute barruan duten guztia azaleratzeko.

Begi txarra duzula aipatu duzu. Jakin daiteke zein den zuk uste baino askoz futbolari osoagoa?

Yeray Alvarez, duda barik. Ezusteko handia izan da. Erdiko atzelari oso ona da: ez da garaia, baina goiko jokoa menperatzen du; baloia ondo jokatzen du; eta futbola ikusi egiten du. Nik uste baino askoz hobea da. Berari sarri esaten diot, eta barre egiten du.

Eta Fernando Llorenteren auziaz zer iritzi daukazu?

Oso gai konplexua da. Fernandok modu txarrez utzi zuen Athletic. Behin Bilbo utzita ere, gertaera desatseginen berri izan genuen.Athleticeko zaleoi ez zitzaigun gustatu. Hala ere, laguna da.

Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenean, jaitsierako postuetan zegoen taldea. Egun, zazpigarrenak zarete, eta Europa ligarako sailkatzeko borrokan zaudete, bete-betean. Zer aldatu da taldean azken lau hilabeteetan?

Ez da erraza hitzekin azaltzea. Entrenatzailea aldatzea oso ona izan da taldearentzat. Hori esateak amorru handia ematen dit, Eduardo [Berizzo] toki txarrean uzten dudala dirudielako. Harkbere eskuetan zegoen guztia egin zuen, baina jokalariok ez ginen gai izan berak gura zuena zelaian islatzeko. Gaizkak, ordea, lehen egunetik asmatu du. Azkar eta ondo egokitu gara berak futbola ulertzeko duen erara. Hortik etorri da aldaketa.

Garitanoren ekarpena merezitako aitorpena izaten ari al da?

Garitanok egin duena handia da. Taldea hartu zuen moduan hartu, eta guztioi sinestaraztea egoera iraultzea posiblea zela, horrek meritu handia dauka. Izan ere, futbolari gehienok ez ginen sekula horrelako egoera larrian egon. Futbolaz ulertzen duenak badaki oso garrantzitsua izan dela guretzat Garitanoren etorrera.

Abenduan zer pasatu zitzaizun burutik?

Beldurra neukan. Asko sufritu nuen. Egoera berria zen. Athletic Bigarren Mailara jaisteko arriskuari aurre egitea oso gogorra egin zitzaidan. «Guk jaitsi behar al dugu Athletic lehen aldiz?». Sarri egiten nion galdera hori neure buruari. Barru-barruan daramagun kluba da hau.

Orain, berriz, bestelakoa da egoera. Europan sartzeko zenbat puntu beharko dituzuen kalkulatu al duzu?

Ez naiz horri begira egon. Liga ahalik eta ondoena amaitzea dugu xede. Astebetean jokatu behar ditugun hurrengo hiru partidetan argituko dira kontuak.

Igande honetan, Santiago Bernabeu bisitatuko duzue. Real Madril krisian dago, ez dauka ezer jokoan, etxean asko ari da kale egiten… Hala ere, oso gaitza da han punturen bat irabaztea.

Ez dut inoiz irabazi Santiago Bernabeun. Berdindu bai, baina irabazi ez. Oso zaila eta, era berean, ederra da han jokatzea. Giro bikaina egon ohi da. Athleticek irabazi zuen azken aldian, Iraola eta Del Horno izan ziren goleatzaileak. Sarri ikusi dut partidaren laburpena. Erronka bat da han jokatzea eta irabazten saiatzea.

Zelaian egiten duzun lanagatik oso baloratua zara. Lagun jator eta gertukoa ere bazara eta, gainera, gaixorik dauden haurrei laguntzen aritzen, zara besteak beste. Ez duzu gustuko kontu horien inguruan jardutea, baina ezin aipatu gabe utzi.

Ez nuen inork jakiterik gura hori egiten ari nintzela, baina behin kaleratu zutenetik modu naturalean hartu dut horretaz hitz egitea. Athleticeko jokalaria naiz, baina, beste edozeinen antzera, bere lanetik kanpo beste gauza batzuk egiten ditut. Kontua da ezagunak ez diren pertsona asko dagoela nik baino ekarpen handiagoa egiten duena eta gutxiago baloratzen duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.