Abelen azken errestoak

Jokin Altunarekin batera jokatuko duen binakako txapelketaren ostean, Abel Barriolak agur esango dio pilotari. «Dena eman dit pilotak», esan du

Abel Barriola, atzo, Tres Reyes hotelean. Alboan izan zituen Altuna, Irujo, Ezkurdia, Retegi Bi, Zabaleta... I. URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Kantxatik kanpo eta barruan, jauna izan da». Agerraldia amaituta, biziki hunkituta, zale batek atzo hitzok egin zizkion Abel Barriolari. Motz, ezin hobeki deskribatu zuen Aspeko pilotariak hemeretzi urtez utzi duen arrastoaren tamaina. Izan ere, atzo Abel Barriolak iragarri zuen pilota utzi egingo duela binakako txapelketaren ondoren. Partidaz partida azken errestoak izango ditu. Atzo, Aspeko arduradunez eta adiskideez inguratuta, esker on hitzak izan zituen denentzat. Hunkituta, hitz bereziak izan zituen lagun pilotarientzat: «Pertsona bat dena da lanagatik eta inguruan dituenengatik. Hori horrela bada, munduko pertsonarik zoriontsuena sentitzen naiz, pertsona bikainak eta eredugarriak zaretelako».

Barriolaren hitzetan, bere onenean dago oraindik, baina, hain justu, horregatik hartu du erabakia: «Gorputza eta arima eman ez dezakedan egun hori iritsi baino lehenago uztea iruditzen zait egokiena. Niregatik eta pilota zaleengatik». Fernando Bidarte Aspeko buruak beste urtebeterako kontratua eskaini zion, baina Barriolak uda amaieraz geroztik buruan bueltaka zuen uztea. Enpresak binakako txapelketa jokatzeko aukera proposatu zionean ikusi zuen «garai egokia» zela hura.

Gazte belaunaldia atzetik indarrez bultzaka ikusten du Barriolak, eta haren ordezkarietako batekin —Jokin Altunarekin— jokatzeak «ilusio ikaragarria» egiten dio. Txapelketa irabaztea du helburu, eta, hartara, kirol ibilbidea ondo baino hobeto bukatzea: «Nire ametsa litzateke txapelketa bikain batekin erretiroa hartzea, eta plazer handia izango da Jokinekin jokatzea». Haren esanetan, lehen eguneko ilusio bera du, eta ez dago nekatuta ez buruz ez gorputzez. «Nola hasi ez dago norberaren eskuetan, baina erretiroa nola hartu erabakitzeko pribilegio handia dut», azpimarratu zuen Barriolak.

Aspeko pilotariak «ametsa» bete zuen duela hemeretzi urte profesionaletara iritsita. Arantza bat ere sartua du barruan: «Ni pilotari izatea zen aitaren ilusioa, eta pena dut goi-goi mailan ez ikusi izana». Kirol ibilbideko une berezi bati buruz galdetuta, banakako txapelketa irabazi zuenekoa azpimarratu zuen: «Beharbada, hura izan zen unerik hoberena. Batez ere, txikitatik askotan ohera joaten nintzelako banakako txapeldun izan nahirik».

Esker on hitzak denentzat

Hala ere, txapelen gainetik pilotari esker ezagutu duen jendea nabarmendu zuen. «Txapela irabaztea oso polita da, baina, horrekin inolako zerikusirik izan gabe, jende eredugarri asko ezagutu dut. Hori da bizitzaren parte polit bat, eta horrekin geratzen naiz». Zaleentzat ere izan zuen hitzik, «bizitzako arratsalderik onenak» eman dizkiotelako. «Eskertzen dut eman didaten maitasuna. Bataren edo bestearen aldeko izan, jokaldi onak berdin-berdin txalotu dituzte». Leitzaren izen ona ordezkatzea ere «ohorea» izan da, pilotariaren hitzetan. Enpresei zein komunikabideei esker ona azaldu zien. Azken finean, pilotari: «Dena eman dit».

Pilotak ere agur esateko aukera izango du, Aspek apirilaren 16an omenaldia egingo baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.