«Abelardok eskaturikoa gehiegi zen»

Alaveseko entrenatzaileak ekainean kargua utziko duela baieztatu du Josean Kerejetak. Denboraldia ez zaio «hain ona» iruditu

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gauza jakina zen Abelardo Fernandezek ez zuela jarraituko Alaveseko entrenatzaile karguan. Herenegun zabaldu zen Gasteizko hedabideetan, eta Josean Kerejeta taldeko akziodun nagusiak atzo baieztatu zuen, Espainiako Onda Cero irratian emaniko elkarrizketan: «Berak eskatu digun soldata Alavesen ahalmen ekonomikotik haratago doa. Gehiegi zen. Egun irabazten duena halako bi baino gehiago eskatu zigun. Guk egun irabazten duenaren gainetik dagoen eskaintza bat egin genion, eta ez zuen onartu. Alavesen sasoi honetan lorturikoa berdintzea oso zaila iruditzen zitzaiola esan zigun, eta horregatik ez zuela jarraituko».

Kerejetak auziaren bere bertsioa eman zuen. Akziodun nagusia minduta mintzatu zen, besteak beste erabakia isilpean gordetzea adostu zutelako. «Bilera hartan lau pertsona egon ginen: Abelardo, haren ordezkaria, Segio Fernandez Alaveseko kirol zuzendaria eta ni. Sasoia bukatu baino lehen inork ez zuela aireratuko adostu genuen. Fernandezek eta nik ez dugu ezer esan; beraz, filtrazioa beste aldetik iritsi da».

Herenegun albistea jakin zenean, Abelardo taldearen kirol erabakiekin pozik ez zegoela zabaldu zuten entrenatzailearen inguruko iturriek. Batetik, ez zitzaizkion gustatu neguan harturiko erabakiak —Ibai Gomez etaRuben Sobrinoren irteera—, eta, bestetik, inbertsio handiagoa nahi zuen Ibaiako kirol instalazioetan. Kerejetak, baina, arlo ekonomikora murriztu zuen erabakia. Onartu zuenez, teknikariak taldean jarraitzea nahi zuen, baina ez dirudi Abelardoren ezezkoak atsekabe handirik sortu dionik, sasoia ez zaiolako «hain ona» iruditu. «Lehen itzulia oso ona izan zen, eta egia da oraindik ere Europan sartzeko lehian gaudela. Baina taldeak azken asteetan hartu duen norabidearekin, zail ikusten dut. Bigarren itzuliko puntuak bakarrik kontuan hartuko bagenitu, jaitsiera postuetan geundeke». Hori ez da egia, hamasei puntu lortu ditu hamalau partidatan, eta bost dira puntu kopuru txikia bildu duten taldeak.

Alaves azken asteetan ez dabil fin. Abelardoren lana, baina, bikaina izan da Gasteizera iritsi zenetik. Iragan sasoian jaitsiera postuetan hartu zuen, eta liga amaiera lasaia izan zuen bigarren itzuli ikusgarri baten ondoren. Sasoi honetan, segida eman zion lan horri, eta laugarren postuan bukatu zuen lehen itzulian. Egun, zazpigarren postuan dago, jardunaldi honetako emaitza guztien zain. Gasteizera iritsi zenetik, Abelardok ligako 58 partida zuzendu ditu; 25 irabazi, eta hamabi berdindu. Alaveseko entrenatzaile batek Lehen Mailan inoiz izan duen garaipen batezbesteko handiena da. Kerejetaren kritika, baina, ez zen hor bukatu, ordezkoaz mintzatzean ere dardoa bota baitzion. «Ziur nago Alavesen filosofiara egokitzen den entrenatzaile bat aurkituko dugula, eta Alaves zer den badakiena». Zurrumurruetan irten diren lehen izenen artean Asier Garitano dago. Kerejeta 2011n urtean bihurtu zen akizodun nagusi, eta, harrezkero,11 entrenatzaile izan ditu taldeak.

Estadio berria, astiro

Kerejeta Mendizorrotza estadioa berritzeko lanei buruz ere mintzatu zen, eta atsekabetuta agertu zen lanen hasiera uste baino gehiago atzeratzen ari delako. «Erakundeen burokrazia motelegia izaten ari da», azaldu zuen. Alavesek eta erakunde publikoek —Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak— iazko abenduan sinatu zuten lanak finantzatzeko akordioa, eta, akziodun nagusiak orduan esan zuenez, lanak udan hastea espero zuen. Kerejetaren hitzetan, balizko atzerapen horrek ez du zer ikusirik udal eta foru hauteskundeekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.