PILOTA. Astearte buruzuri bat izan arren, Labrit Iruñeko pilotalekua ia goraino bete egin zen atzo Abel Barriolari agur esateko. Leitzarrak Nafarroan jokatuko duen azken partida izan zen eta ezin izan zuen garaipenik ospatu. Barriolak Iker Irribarria izan zuen lagun, eta 22-16 galdu zuen Jokin Altuna eta David Merinoren aurka.
Omenduak so hunkituta bukatu zuen partida.«Une batez berezia sentitzen zara halako egunetan. Pilotalekua bete egin da gainera, eta hori oso zaila da gaur egun. Pilotazaleei oso eskertua natzaie». Atzelariak Iruñean jokatu nahi zuen bere azken partida, baina sarrera eskaera hain izan da handia, Aspek Donostiara aldatu behar izan duela agurrekoa.
Barriolak txalo artean igaro zuen partida osoa, aurretik zein ondoren. Partidaren aurretik hitza hartu eta zaleak hunkitu zituen. Ondoren Nafarroako Pilota Federazioak eta Nafarroako Gobernuak omenaldia egin zioten —Uxue Barkos Nafarroako presidenteak bota zuen txapa airera partidaren aurretik—. Behin jaialdia bukatuta, hainbeste izan ziren agurtzera gerturatu ziren zaleak Barriolak ia ordubete behar izan zuen dutxa hartzeko. Ikustekoa, halaber, bigarren pisuko harmailatik Eskerrik asko Abel txapeldun zioen pankarta erraldoia.
Barriolari hiru partida falta zaizkio. Igandean Gasteizen jokatuko du, maiatzaren 1ean Bilbon, eta azkenekoa maiatzaren 7an jokatuko du, Donostian.
Abel Barriolak 22-16 galdu du Nafarroako azken partidan
Labrit pilotalekua ia goraino bete da leitzarrari agur esateko, eta Nafarroako Gobernuak omenaldia egin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu