Realak 42 partida behar izan zituen inoiz utzi behar izan ez zuen tokira itzultzeko. Sufrimenduz jositako 3.780 minutu luze, luzapenak kontuan hartu gabe. Beste 37 partida jokatu ditu Lehen Mailan, eta behin ere ez da jaitsiera postuetan egon. 3.330 minutu gogor horietan, gabeziak utzi ditu agerian, baina erakutsi du tokia merezi duela goi mailan. Zoritxarrez, helburua ez du bete, eta zirt edo zart egin beharko du gaur. Marka da, honaino iritsita, dena 90 minututan erabakitzea; baina halakoa da kirola. Zeruak eta infernuak, arrakastak eta porrotak, bat egiten dute oso denbora gutxian. Norgehiagoka bakarra, mundu bat. Etorkizuna, ordu eta erdira.
Psikologikoki, erronka latza da gaurkoa. Jokalarientzat, eta zaleentzat. Dantzan dabiltza bihotzak, eta borborka dabiltza zalantzak. Izan ere, neurketa bakarrean, denetarik gerta daiteke. Norbere eskuen kontrolpetik ihes egiten duten gauza ugari. Gerta daiteke epaileak bere erabakietan huts egitea, edo norbere erremateak zentimetro gutxigatik ez sartzea. Gerta daiteke ere kontrarioak sekulako jokaldi bat egitea, defendaezinak diren horietakoa: izkinean kokatutako falta jaurtiketaren bat, buruz burukoren bat… Erregulartasuna saritzen du Ligak, baina, honaino iritsita, aurreko guztiak ez du ezertarako balio, eta ez da erraza hori onartzea.
Bi modu daude gaurko partidari aurre egiteko. Norbere buruaz errukitzea da bat. Larritasun hori saihesteko taldeak galdu dituen aukera ugariez gogoratzea, eta beste zelaietan, urtero bezala, izan daitezkeen emaitzez eta jukutriez kexatzea. Baina negarrek ez dute ezertarako balio. Badago beste bide bat, zuzenagoa eta eraginkorrakoa: Realak etorkizuna bere esku duela barneratzea. Pentsatzea etxean jokatzen duela, 30.000 jokalari izango dituela, eta gauzak behar bezala eginez gero Lehen Mailan jarraitzeko eskubidea irabaziko duela. Hori asko da, gehienek denboraldi hasieran taldeari ematen zizkioten aukerak kontuan hartuta.
Ez da hori Realak duen abantaila bakarra. Berdinketa nahikoa izateak lasaitasuna eman beharko lioke, baina oreka zaila topatu beharko dute entrenatzaileak eta jokalariek. Ausardia puntu egokiarekin aritu beharko dute garaipenaren bila. Asko arriskatu gabe, baina baita puntuarekin espekulatu gabe ere. Izan ere, taldea ez da ondo moldatzen horretan. Arazoak ditu defentsan, Ligan gol gehien jaso dituena da, eta, espekulatu ahal izateko, malezia eta zorroztasun taktikoa falta zaizkio. Gorputz eta arima aritzen denean ematen du onena. Etxean azken aldian erakusten ari den intentsitateari eutsi beharko dio gaurkoan ere, 90 minututan.
Min hartutako jokalaririk ez zegoen, eta Estrada, Labaka, Sarpong eta Llorente gelditu dira deialditik kanpo. Hamaikakoan ere, ustekabe handirik ez da espero, Martin Lasartek ia beti berdinekin jokatu dituelako partida garrantzitsuenak. «Antsietatea kontrolatzen saiatu gara aste osoan, eta lortu dugula uste dut. Getaferekiko errespetu guztiarekin, badakigu zer dagoen jokoan eta zer egin gure helburua lortzeko. Etxean eman dugu onena, eta berdin jarraitu nahi dugu». Golen bat azkar sartzearen garrantzia aipatu zuen, «tentsioa kentzeko», eta ez zuen itxaropen handirik agertu beste emaitzetan: «Espero dut oker egotea, baina badakigu zer gertatuko den».
Getaferentzat berdinketa balekoa izan liteke aurkari zuzenek ez badute irabazten, baina madrildarrak ere ez dira beste zelaietan gerta daitekeenaz fio, eta hil ala bizi etorriko dira: «Borroka latza izango da». Realaren antzera ibili dira gauza askotan: goitik behera egin dute denboraldi honetan, arazo handiak dituzte defentsan, eta etxetik kanpo ez dute partidarik irabazi bigarren itzulian —bi berdindu dituzte, txuri-urdinek ez bezala—. Hala ere, mugikortasun eta teknika handiko erdilariak dauzkate, eta baita hauspoa ere, Boatengekin. Geldikako jokaldietan talde arriskutsua da.
90 minutu, mundu bat
Getaferen aurka irabazi edo berdindu beharra dauka gaur Realak, Lehen Mailan jarraituko duela ziurtatzekoLasartek ohartarazi du maila galduko duen taldea Anoetako partidatik irtengo dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu