Markel Susaeta. Athleticeko jokalaria

«90 minutu denbora asko da, eta aukera txiki bat izango dugu»

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Baikortasuna darie haren hitzei. Zabaldu beharreko mezua dela badaki Markel Susaetak (Eibar, Gipuzkoa, 1987). Ez da ezinezkoa, baina bai oso zaila, are gehiago Camp Nouko aurrekariak ikusita. Joaneko partidan hasieratik aritu zen; gaur, ikusi egin beharko da.

Camp Nou zelaia, joaneko partidako 1-2koa aurka eta berriz ere azken urteetako Bartzelona handi hau aurkari.

Bai, berriz ere Bartzelonaren aurka. Etxeko partidako emaitzaren ondorioz badakigu kanporaketa oso zaila dela. Ez dakit sailkatzeko zenbat aukera ditugun, baina gure maila ematen badugu... 90 minutu denbora asko da, eta aukera txiki bat izango dugu.

Errealistak izanda, finalerdietarako sailkatzeko aukerak dituzuela erdi ametsa da?

Amets egitea librea da, eta ziur nago guk gure aukerak izango ditugula. Baina, tira, badakigu aurrean izango duguna munduko talderik onena ez bada onenetarikoa dela eta lantegi oso zaila dela.

Zer probabilitate dago?

Ez dut kopuru bat emango, baina gure onena ematen badugu kanporaketan sartuta egongo gara.

Joaneko partida amaieran ondo bukatu zenuten; Eibarren kontra ere ondo igandean. Gorputzaldi ona duzue behintzat.

Ondo sentitzen gara, hori egia da. Eibarren aurka partida serioa egin genuen, eta horrek konfiantza eman digu.

Camp Nourako azken bisitak ez dira gozoak izan. Urte asko dira han partidarik irabazi gabe.

Camp Noura joatea normalean ez da bisita gozoa izaten, baina azkenetako bat edo beste gozoa izan da —Superkopako itzulikoa—. Esan dizut lehen: gure aukerak izango ditugu.

Halakoetan bideoa ez ikustea hobe akaso?

Ez, hori inoiz ez. Aurkaria beti ikusi behar da, eta ea zorte pixka bat dugun.

Athleticek Europako postuetako trena hartu du ligan. Borroka horretan murgilduta, kopa lasaiago har daiteke.

Oraindik asko falta da liga bukatzeko, bigarren itzulia hasi berri da. Baina, tira, guk badakigu gure lekuak hor goian egon behar duela, eta ondo goaz

Arlo pertsonalean, azken partidetan jokatzen ari zara, baina Valverdek hainbatetan ere aldatu zaitu.

Arazo fisiko txiki batzuk izan ditut, egia da, baina sasoi honetan jokalari asko gaude goiko postuetan jokatzeko: Iñaki Williams, Sabin Merino, Iñigo Lekue... Lehiakortasun handia dago gure artean, eta hori ona da. Edozeinek joka dezake, baina ni pozik nago, eta oraindik asko falta da, eta denok izango dugu jokatzeko aukera.

Eibarren aurka eskuinetik jokatu zenuen.

Bai aspaldiko partez, gainera; ni pozik eta eroso nago hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.