Milaka emakumek hartu zituzten atzo Donostiako kaleak, Lilatoiaren 34. edizioan. Goizean goizetik jai giroa nabarmena zen Gipuzkoako hiriburuan. 6.000tik gora izan ziren lasterketan izena emandakoak, eta 4.859k hartu zuten parte azkenean, hotzari eta eguraldi bustiari aurre eginez. Maria Lasa izan zen lehena helmuga zeharkatzen. Irurarrrak 17 minutu eta hogei segundo nahikoak izan zituen bost kilometroko ibilbidea osatzeko. Handik minutu erdira heldu zen Nerea Egia, eta hirugarren tokian geratu zen Itziar Ibarbia, minutu eta erdira.
Orain arteko lasterketarik jendetsuena izan zen igandekoa. Iaz, antolatzaileek lehen aldiz gainditu zuten 6.000 laguneko langa, eta, aurten, 6.200 emakumek izena eman dute. Ordea, iaz baino gutxiagok lasterketa egin zuten —2023an, 4.991 korrikalari irten ziren—.
Banaka ez ezik, talde gisa ere askok eman zuten izena. Ordiziako Jakintza ikastola izan zen talderik handiena: 130 emakumek hartu zuten parte bertan.