35 arrazoi amets egiteko

Athleticek ilusioa piztu du inguruan, bai denboraldiaren lehen erdialdean egin duen jokoarengatik, bai lortutako puntu kopuruagatik: 35. Sasoiaren bigarren zatian joera horri eustea da helburua, Europarako sailkatu ahal izateko

Athletic-Atletico Madril
Athleticeko jokalariak Atletico Madrili sartutako goletako bat ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
haritz gallastegi
2023ko abenduaren 27a
05:05
Entzun

«Girona azkeneraino borrokatuko da, baita Bartzelona eta Atletico Madril ere. Adi, era berean, Athletici, oso ondo jokatzen ari baita». Carlo Ancelottik halaxe esan zuen Mendizorrotzan, txapelketa irabazteko hautagaien inguruan galdetuta. Real Madrileko entrenatzailearen esanak berehala izan zuen oihartzuna jarraitzaile zuri-gorrien artean. Esanguratsua da goi mailako teknikari batek Athletic ligako talderik indartsuenen parean jartzea. Albiste ona oso. Zuri-gorriak indartsu daude, lehiakor dabiltza, eta, gaur-gaurkoz, kontuan hartzeko taldea dira. Hala ere, zuhur jokatzea komeni da. Aurreko denboraldian ere antzera zeuden lehen itzulia amaitzean, eta bigarrenean nabarmen egin zuten behera. Seigarren denboraldiz geratu ziren Europan jokatzeko aukera barik. Bada, zuri-gorriek ez dute zazpigarren denboraldiz kale egin gura.

Mentalitate aldaketa

Jokoari erreparatuz gero, aurreko sasoiko Athleticek eta egungoak antz handia dute. Ernesto Valverdek inork baino hobeto daki zer daukan esku artean. Ondo ezagutzen du kluba, baita bere aginduetara dituen futbolarien dohainak ere. Argi dauka nola jokatu behar duen taldeak: azkar eta ausart, defentsan arriskua hartuz. Aurreko sasoian ere hala egiten zuen. Jokamoldea bera da, futbolari gehienak ere bai; baina bada aldatu den gauza bat: taldearen mentalitatea: egungo Athleticek sinetsi egiten du daukan indarrean. Txapelketako talderik onenei aurre egiteko kapaz da, eta horrek arriskutsu bihurtu du. Talde irabazlea bihurtzen ari da: azken bi hilabeteetan ez du galdu. Konfiantza kontua da. Epaileak partida amaiera adierazi arte sariaren bila jarraitzen du, eta egindako ahaleginak ordaina izan du. Hiru partidatan luzapeneko minutuetan irabazi ditu puntuak, eta ez da kasualitatea: joko onak konfiantza dakar, eta fedeak, jakina, lanean jarraitzeko indarra ematen du. Guztira 35 puntu irabazi ditu, lehen itzulia amaitzeko jardunaldi baten faltan. Jada hobetu du aurreko sasoiaren lehen erdialdean egindakoa.

Joko bizi eta eraginkorra

Egun oso talde gutxi dira kapaz Athleticek jokoari jartzen dion erritmoari eusteko. Kontrarioak ito egiten ditu. Aurrean egindako presioa baliatuz, baloia berreskuratu, eta gai da aukera asko eta garbiak sortzeko. Gainera, asmatzen ari da aurkariaren ate aurrean. Eraginkortasunean dago aldea; izan ere, erasoan aritzen diren ia jokalari guztiak bikain ari dira. Iñaki Williams bere kirol ibilbideko garairik gozoenean dago, eta asko esatea da hori. Eskuin hegaletik sakontasuna ematen dio taldeari, eta golak sartzen ari da: zortzi guztira. Gainera, taldeko erreferente bihurtu da zelaitik kanpo. Gorka Guruzetaren ekarpena ere harrigarria da. Zortzi gol sartu ditu, eta jokoaren gainerako arlo guztietan ere aurrerapausoa eman du. Nico Williams eta Oihan Sancet, berriz, Athleticen oraina eta etorkizuna dira. Talentu handiko jokalariak dira, ezberdinak.

Gainerako lerroetan ere futbolari askok eman dute aurrerapausoa. Ruiz de Galarreta fitxatuta, bete-betean asmatu du klubak,  ezinbestekoa baita sormen lanean. Hark jokatu ezin izan duenean, aspaldiko Ander Herrera onena agertu da. Halaber, Aitor Paredes eta Iñigo Lekue askoz hobeto ari dira sasoi hasieratik, baita Beñat Prados ere. Bestalde, aipamen berezia merezi du Unai Simonek. Atepean puntuak ematen dituen atezain bat da, eta, Iñaki Williamsekin batera, taldeko erreferente bihurtu da. Gainera, Unai Gomez eta Mikel Jauregizar gazteak azaldu dira. Jokalari asko ari dira ondo, eta horrek mesede egin dio taldeari. Era berean, taldea ondo dagoenez, jokatzen duten guztiek ematen dute onena.

Nico Williams, lotuta

Kirol arloan asko nabaritu ez arren, Nico Williamsen kontratuaren gorabeherek zeresan handia eman dute. Jarraitzaileek gura baino gehiago luzatu zen gaia, eta klubaren egonkortasunean eragina izango zuela zirudien une batez. Azkenean bi aldeak ados jarri, eta Williams anaietan gazteenak kontratua luzatu zuen. Orain arteko bidetik jarraituz gero, laster egongo da berriz zurrumurruen erdi-erdian. Dena dela, denboraldia amaitu arte lasaitasuna egongo dela dirudi. Vesgak ere baiezkoa eman dio klubari, eta gazteak ere lotu ditu Ibaiganek: adibidez, Unai Gomez eta Adu Ares. Hala ere, Mikel Gonzalez futbol arduradunak lan ugari dauka aurretik. Jokalari askori amaituko zaie kontratua, eta berandu baino lehen lotu behar da Alex Berenguerren eta Gorka Guruzetaren berritzea. Yuri Berchiche eta Oscar de Marcos beteranoek ere badute erregaia oraindik, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den Iker Muniainekin. Athleticeko kapitain eta azken erreferenteak pisu handia galdu du denboraldion.

Eutsiko al dio?

Athleticen zoriontasuna eta baikortasuna da nagusi orain. Ia dena da positiboa. Baina zalantza bat dago aurrera begira: gai izango al da taldea orain arte erakutsitakoari eusteko sasoia amaitu arte? Ez dago argi. Aurreko sasoian kale egin zuen. Bigarren itzulian kaskar ibili zen, eta Europarako sailkatu barik geratu zen. Azken urteotan behin baino gehiagotan gertatu zaio. Beraz, ez da kasualitatea. Athleticek dituen baliabideak mugatuak direla erakusten du. Orain hamaikakoan lekurik ez duten futbolarien artean gutxi dira hasieratik jarri eta maila mantenduko luketenak. Beraz, Valverdek ondo kudeatu beharko du esku artean daukana, taldea azken jardunaldietara erregai barik iritsi ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.