32 SELEKZIOAK, BANAN-BANAN

2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
A multzoa

Boli Kosta. Hitzartutako lansariak jaso ez, eta greban izan dira jokalariak. Saskipean du heldulekua: Deon Thompson, Vafessa Fofana eta GBCn aritu Mohamed Kone.

Polonia. Lagunartekoetan ez zaio traza onik antzeman, baina, aurkarien lazeriak aintzat hartuta, sailkatu beharko luke. Mike Taylor hautatzaileak Hanburgo igo berri du.

Venezuela. Lanuzteekin ibili den bigarrena da A multzoan. Ez da igarriko: selekzio erdiak urteak eman ditu elkarrekin Guaros de Laran, Vargas anaiak barne.

Txina. Etxeko taldea saskibaloi modernoan jokatzen ari da aspaldi, pibot mugikorrak eta hiruko saiakerak uztartuz. Jarraitzeko izen bat: Abudushalamu Abudurexiti.

B multzoa

Errusia. Esaneko beharginak sobran ditu, baina talentuaren arrasto gutxi, Xved, Khvostov, Kulagin, Ukhov, Bolomboy eta Mozgov gabe. Kostako zaio sailkatzea.

Argentina. Lehen postuaren bila doa mauka bihur daitekeen multzo honetan. Saskipean Luis Scola (39 urte) baino ez duela kontuan izanda, podiumak oso urrun dirudi.

Hego Korea. Ziztu batean ariko da, bere pibot fidagarri bakarra, Guna Ra (Ricardo Ratliffe jaiotzez), 1,98 metro baino ez dena kontuan izanik. Prestakuntza txukuna osatu du.

Nigeria. Izenei so, Afrikako inoizko selekziorik ahaltsuena du. Prestatzeko funtsik eta baliabiderik gabe ibili da, ordea. Michael Eric Baskoniako pibota ikusteko parada.

C multzoa

Espainia. Ohiko ofizioa eta zentimetroak ditu, baina jaurtitzailerik gabe geratuz joan da azkenaldian. Ricky Rubio eta Sergi Llullek marraren atzetik asmatu ezean, aurkariak itxi egingo zaizkio.Autobide zabala du finalerdietaraino.

Iran. Pipertuta zebiltzan Nikkhah Bahrami eta Hamed Haddadi selekziora itzuli, eta Errusia mendean hartu zuen lagunarteko batean. Bigarren faserako sailkapen erdia du bihar jokoan Puerto Ricoren aurka.

Puerto Rico. 1986az geroztik Munduko Txapelketa guztietan izan da, aurten azken segundoan sailkatuta ere. Israelen txukun ari den Gary Browne du lider berritzat.

Tunisia. Afrikako txapelduna selekzio trinko eta zaildua da. Salah Mejriz gain, bigarren izar bat du aurten: Michael Roll, Kalifornian (AEB) jaiotako jokalaria.

D multzoa

Angola. Nigeriarekin Afrobasketa irabazitako Will Voigt hautatzaileak amarru estrategiko adimentsuak erabili ditu prestakuntzan. Eduardo Mingas (40 urte) eta Carlos Morais bosgarrenez ariko dira Munduko Txapelketan.

Filipinak. Ez da munduan saskibaloia hain modu sutsuan bizi duen beste herrialderik; 2023ko Munduko Txapelketan baieztatu ahalko da. Andray Blatche du izar.

Italia. Prestakuntza oso kaskarra egin du, eta, Nicolo Melli gabe, saskipean ez du ia ezer. Herrenka dabiltzan Danilo Gallinari eta Gigi Datome zukutzea tokatuko zaio.

Serbia. Italiarren ifrentzua: 1,95 metro baino txikiagoa den jokalaririk ez, 2,09 edo gehiagoko sei gizonkote. Pibot gehiegi dira horiek. Milos Teodosicen inspirazioa galtzearekin, defentsa estutu nahiko du.

E multzoa

Turkia. Kostako zaio ohikoegi bilakatu den desengainua saihestea, Cedi Osman eta Furkan Korkmaz nabarmendu ezean. Scottie Wilbekini herritartasuna eman dio.

Txekiar Errepublika. Ondrej Balvini eman dizkio taldearen giltzak prestakuntzan. Albiste bikaina da, Bilbo Basketek bere pibot berria konfiantza osoz behar duelako.

Estatu Batuak. Aurten All Star izandako bi ale baino ez ditu: Kemba Walker eta Khris Middleton. Aulkian eserita izango dituen bi entrenatzaileak, ordea, 11 eraztunen jabe dira —Kerren seietatik hiru jokalari moduan lortuak—.

Japonia. Rui Hachimura selekzioarekin benetan engaiatuz gero, jauzia eman dezake aurki. Julio Lamasek du bere gain rookie-a, Yuta Watanabe eta Nick Fazekas egoki gobernatzearen erantzukizuna.

F multzoa

Grezia. Giannis Antetokounmpo, Nick Calathes eta Kostas Slukas: saskibaloiaz gozatzeko era ezberdin guztiak dituen hirukotea. Tokiorako sailka daitezela, arren, elkarrekin berriz ikusteko.

Zeelanda Berria. Azken sei Munduko Txapelketetarako sailkatu izanak meritua du. Tai Websterrek Euroligarako moduko pieza dela frogatzeko beste parada bat du.

Brasil. Marcelinho Huertas, Leandro Barbosa, Anderson Varejao, Alex Garcia, Marquinhos Vieira:2011n bageunde, bosteko ikusgarria. Bruno Caboclok FIBAn nabarmentzeko dohain egokiak ditu.

Montenegro. Saskipean edonorekin liskartzeko moduko dorre sorta bildu du, Bojan Dubljevic, Nikola Vucevic eta Marko Todorovicekin. Kanpoaldean, ordea, Petar Popovic oso bakarrik dago.

G multzoa

Dominikar Errepublika. Marka da gero: Karl-Anthony Towns eta Al Horford erakartzerik lortu ez, eta talde ahula darama. Talentuaren dispertsio hori arazo endemiko du.

Frantzia. Evan Fournier, Nando de Colo, Rudy Gobert, Vincent Poirier... Ez dio axola: entrenatzailea Vincent Collet da oraindik, joko aspergarriaren ikur. Segadaz betetako bidea du podiumeraino.

Alemania. Antolatzaile (Dennis Schroeder) eta pibot (Daniel Theis, Maxi Kleber, Jo Voigtmann, Danilo Barthel) apartak ditu, hegaleko kaskarragoak. Txapelketako pronostiko zailena du akaso.

Jordania. Fenerbahceko Ahmet Duverioglu eta Argentinako ligan saskiratzaile nagusi izandako Dar Tucker ditu helduleku nagusi. Dominikar Errepublikari irabaztea da bere xede errealista bakarra.

H multzoa

Kanada. NBAko bere jokalari onenek uko egin diote: Shai Gilgeous-Alexander, Andrew Wiggins eta Kelly Olynyk. Lantalde duin askoa du, halere; baina H multzoak benetan dirudi korapilatsua.

Senegal. Tacko Fall erraldoia gabe ere, hamabi jokalaritik bederatzi ditu 2,05 baino handiagoak. Prestakuntzan ez du asmatu ahalmen fisiko hori aurkariak itotzeko baliatzen, eta ez du itxura onik eman.

Lituania. Zozketa egin zenean baino lasaiago behar du. Kanadak eta Senegalek ez bezala, errotazio askotarikoa juntatzeko gai izan da. Jonas Valanciunas onenean doa.

Australia. AEBei irabazi egin berri diete, baina baita haien aurka galdu ere. Patty Mills, Joe Ingles, Andrew Bogut eta Aron Baynesen belaunaldiak aurtengoa du dominarako azkenetako aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.