30.000 eurorainoko zigorra Espainiarekin lehiatzeari uko egiteagatik

Kirolaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak. Klubak zigortzeko aukera ere zabalik uzten du, beren kirolariak uzten ez badituzte

Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde duela egun batzuk Durangon egindako elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak onartu du Kirolaren Legea, aurreko astean batzordean eztabaidatu ostean. EAJk bultzatutako zuzenketa batek bide ematen die euskal surf eta pilota selekzioei nazioartean lehiatzeko. Baina legeak beste hainbat gauza arautzen ditu. Besteak beste, zehazten du zer zigor jarriko zaien kirolariei, Espainiako selekziora joateari uko egiteagatik. 98. artikuluan jasotzen da «arau hauste larritzat» joko dela, besteak beste, «arrazoirik gabe selekzio nazionalen deialdiei uko egiteari». Gainera, zabalik uzten du klubak edo taldeak zigortzeko aukera, horiek ez badituzte beren jokalariak selekzioen esanetara uzten. 1990eko Kirolaren Legean ez zen zigorrik jasotzen klubentzat.

Orduko lege hartan baziren erezigorrak, baina ez zegoen zehaztuta zenbatekoak izango ziren. Oraingoan bai. Arau hauste larrientzako 3.000 eta 30.000 euro arteko zigorrak jasotzen dira. Beste hainbat zigor jasotzen dira kirolari horientzat: kirol guneetara sartzeko debekua eta federaziolizentzia kentzea. Lehenbizikoa gehienez bost urtekoa izango da, eta bestea bi eta bost urte artekoa.

Aurreko astean jada EH Bilduk iragarri zuen ez zuela gustuko legea, eta atzokoan abstenitu egin zen. «Ez dugu babestuko zigor larri baten mehatxupean Espainiako selekzioarekin jokatzeko derrigortasuna ezartzen duen lege bat. Selekzio batean parte hartzea kirolarien eskubideen parte da, eta ez betebehar bat», adierazi zuen Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaileak. Aizpuruak erantsi zuen euskal selekzioaren ofizialtasunaren eskaria «transbertsala eta aspaldikoa» dela. «Euskal gizartean tinko dirau. Giltzarrapoak kenduko zituen lege bat espero genuen, eta ez da hala».

Joseba Agirretxea EAJko bozeramaileak surf eta pilota selekzioek nazioartean lehiatzeko aukerari eman zion garrantzia. «Normaltasun baten barruan onartu behar den zerbait da, are gehiago zeure burua demokratatzat hartzen baduzu. Hau ez da azken urratsa izango; ez gara horrekin konformatzen». Agirretxearentzat «penagarria» da herrialde batek bere kirolariak behartu behar izatea bere selekzioarekin lehiatzera.

EAJ eta JxCren eztabaida

Kirolaren Legearen onarpenak eztabaida eragin zuen EAJren eta Junts Per Catalunyaren artean. JxCk jeltzaleei egotzi zien Kataluniako independentistek jarritako zuzenketa eztabaidatzea galarazi izana. Horri komunikatu batekin erantzun zion EAJk: «EAJk ez du eragozpenik planteatzen, ez betorik jartzen ere, eta ez du ezer saihesten: izan ere, ezin da eragotzi, ez saihestu, gertatuko ez den zerbait». Izan ere, JxCko diputatu Pilar Calvok «Kataluniako independentismoaren ametsari betoa» jarri izana egotzi zien jeltzaleei, JxCk eta ERCk Kirolaren Legeari jarritako zuzenketa eztabaidatzearen aurka egiteagatik.

Calvok Kongresuko eztabaidan adierazi zuen EAJren jarrera «tristea» zela, eta salatu zuen lege berriak ukatu egiten diela nazioarteko federazioetako «eskubide osoko» kide izatea Kataluniari, Euskal Herriari eta Galiziari. Hala, azaldu zuen aurkeztutako zuzenketak helburu zuela «nazioarteko kirolean existitzeko eskubidea» bermatzea.

EAJk PSOErekin adostutako zuzenketaren inguruan, Calvok adierazi zuen «ona» dela, eta «lehen urratsa» dela. Era berean, ordea, «diskriminatzailea eta anbiguoa» dela ere esan zuen. Izan ere, salatu zuen mugak ezartzen dizkiola parte hartze horri. «Zer da sustrai historikoak izatea?».

EAJren arabera, ordea, JxCren proposamenak ez zuen aukerarik aurrera ateratzeko, eta «arriskuan» jar zezakeen jeltzaleek eta PSOEk adostutakoa. Hala, JxCri egotzi zion «akordio historiko» haren kontra egitea. EAJk gehitu zuen «betidanik» defendatu dituela euskal selekzioek eta Kataluniakoek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.