Leire Etxaniz. Pilotaria

«30 partida jokatu nituen udan; jendea harrituta utzi genuen»

Binakako Master Kopa irabazi zuen udaberrian, eta, gaur, lau eta erdiko txapela janzten saiatuko da. Maider Mendizabal beteranoa izango du aurkari. Etxaniz da faboritoa, baina ez da fio; final gogorra espero du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Umetan eskuz jokatzen zuen, baina, ehunka emakumeren antzera, nerabezaroan utzi egin behar izan zuen Leire Etxanizek (Etxebarria, Bizkaia, 1990). Futbolean hasi zen, eta Superligan ere jokatu zuen, Eibarrekin, 2009-10eko eta 2010-11ko sasoietan, eta, gero, berriz ere pilotalekura itzuli zen, pala hartuta. Erremintarekin bide luzea egin du, eta, orain, eskua gehitu dio.

Gaur duzu lau eta erdiko finala. Zer moduz zaude? Ikusminera-eta ohituta?

Azkenean ohitu gabe gaude elkarrizketetara-eta, baina emakumeen kirola zabaltzeko baliagarriak direla iruditzen zait.

Sekreturik gabeko finala da. Palarekin askotan jokatu duzu Mendizabalen aurka.

Irabazi nahi duenak bere maila eman beharko du; nik uste dut partida gogorra izango dela. Mendizabal ni frontisetik ahalik eta urrunena mantentzen saiatuko da; ni, alderantziz, ahal dudanean tantoa bukatzen saiatu behar dut. Lagunak gara, lehia sanoa dugu.

Palarekin maila handia du Mendizabalek, eta eskuz?

Bietara da oso ona.

Halere, eta txapelketa ikusita, badirudi zu zarela faboritoa?

Ez dut neure burua faborito ikusten. Finalak ezberdinak dira beti. Hark ni joko nau faborito, indarrez gehiago naizelako; baina, ez nago ados: nik parean ikusten dut.

Gustura emaniko mailarekin?

Bai, emaitza onak izan dira. Halere, finalerdiko emaitza ikusten baduzu, erraza izan zela dirudi, baina pilotakada asko jo behar izan genituen. Mendizabalek, berriz, partidak laburragoak jokatu ditu, eta eskarmentuari esker irabazi ditu. Ofizio handia du, eta horrek asko egiten du finaletan.

Nola prestatu duzu txapelketa?

Txapelketa zela jakitean, entrenamendu batzuk egin nituen. Nik beti atzean jokatu dut, eta gehien landu dudana sakea izan da. Bakarrik entrenatu nintzen hasieran, Etxebarrin, eta txapelketa honi esker ezagutu dut jendea entrenatzeko. Azpeitiko pilotariekin entrenatu izan naiz. Nagore Aramendi, Oihana Orbegozo, Oihana Unanue... Beti eskertzen da multzotxo bat edukitzea, eta ea hala jarraitu dezakegun.

Nolako maila egon da?

Lehen Mailan aritu diren pilotari asko ez nituen ezagutzen, eta maila onekoak ziren. Batzuk Elite Mailan arazorik gabe jokatzeko moduan ikusi ditut. Ea hurrengo urtean jende gehiago animatzen den Elite Mailan izena ematen.

Pilotari berririk ibili al da?

Bai, binakakoa jokatu ez zuten askok eman dute izena, eta nik uste dut aurtengo binakakoan are gehiago ibiliko direla. Beste batekin jokatzea errazagoa da, eta gu ohituago gaude binaka jokatzen. Badaude emakume taldeak: Larrabetzun tropeltxo bat dago, Azpeiti inguruan ere bai... Nik uste dut honek guztiak mugituko duela emakumea pilotara. Txapelketak badaude, jendea motibatu egiten da. Txapelketa bat bukatu eta gero beste bat baduzu, entrenatzen jarraitzeko motibazio bat da. Etena baldin badago, motibazioa galdu egiten da.

Zer du txapelketak hobetzeko?

Antolaketa ondo dago. Ez dakit zer esan, denbora laburrean jokatzen dela? Baina, bestela, antolatzaileen lana oso ona iruditu zait.

Iaz binakako txapeldun izan zinen. Gero, udan jokatzeko aukera izan zenuen?

Bai, partida dezente, gehienak Nafarroan. Txapelketaren ondoren, jendeak emakumeak eskatzen zituen. 30 partida jokatu nituen. Ez nuen halakorik espero. Behin herri batean jokatu, gero bestetik deitu... Deitzen duten bitartean, gustura hartzen duzu.

Harrera ona izan zen herrietan?

Oso ona. Jendea harrituta gelditu da gure mailarekin. Balio izan du jendeak ikus dezan emakumeek ere pilota egin dezakegula. Neskek ikusi gaituzte, eta hori garrantzitsua da. Partida oso politak izan dira.

Orain zer nahiago duzu, eskuz edo palaz jokatzea?

Biak ditut gustuko, eta, bietan egin ahal badut, bietan jarraituko dut. Palaz betiko txapelketak jokatzen ditut: Euskal Liga, Bizkaikoa, Eurkal Herrikoa, GRAVNI...

Umetan eskuz jokatu zenuen?

Mutilekin jokatu nuen 15 urte bete arte. Orduan haiek indar handiagoa hartu zuten, eta utzi behar izan genuen. Markinako klubean nengoen, Andoni Aretxabaleta eta enparauekin.

Aretxabaleta Asegarcekoaren aurka jokaturikoa al zara?

Markinako klubak antolatzen duen txapelketako finala irabazi nion. Ni eta beste mutil bat, Egoitz eta Andoniren aurka. Ez naiz emaitzarekin oroitzen. Haur mailan izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.