27.722 lasterkari, inoizko Behobia-Donostia luzeenean

Igandean jokatuko da lasterketa, eta lasterkariek 20,196 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Orain arte baino 196 metro gehiago. Parte hartzaileen %31,5 izango dira emakumezkoak: 8.716.

Behobia-Donostia lasterketaren aurkezpena, gaur, Donostiako Pio Baroja kiroldegian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Behobia-Donostia lasterketaren aurkezpena, gaur, Donostiako Pio Baroja kiroldegian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
Donostia
2024ko azaroaren 5a
16:05
Entzun

Bigarren igandea izango du aste honetan azaroak, eta, ohikoa den moduan, horrekin batera jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa herrikoia, Euskal Herrian jokatzen den jendetsuenetakoa. 59. aldia izango du aurtengoak, eta Fortuna Kirol elkarteak prest du dena. Gaur eman dituzte xehetasunak, eta, urtero moduan, badira berritasunak. Abiadura handiko trenaren lanek eraginda, ibilbidean aldaketa txiki batzuk egin behar dituzte. Hala, inoizko Behobia-Donostia luzeena izango da. 2014an egindako moldaketaren ostean, hogei kilometro zituen ibilbideak; oraingo honetan, berriz, hogei kilometro eta 196 metro izango ditu. «Lasterketa kalean egiten da, eta kalea aldatzen den neurrian guk ere egokitu behar dugu. Beraz, lehen aldiz 20. kilometroaren kartela egin behar izan dugu. Bulebarraren hasieran egongo da kokatuta», azaldu du Iñigo Olaizolak, lasterketako koordinatzaileak.

Bestalde, obrek eraginda tren zerbitzu gutxiago izango zirela jakitun, urte hasieran jada aurreratu zuten egokitu egin behar izango zutela parte hartzaile kopurua, eta 27.000an jarri zuten muga. «Azkenean, apur gehiago izango dira: 27.722. Izan ere, hasierako 27.000 dortsalak oso bizkor amaitu ziren». Parte hartzaileen %31,5 izango dira emakumezkoak: 8.716. «Pena da, hasierako izen-ematearen ostean %33 baitziren emakumezkoak, eta azken orduko dortsal trukaketekin kopuru hori jaitsi egin da. Dena den, datua ona da». Iaz parte hartzaileak 30.000 izan ziren, horietatik %29,2 emakumeak. Lasterketa patinetan egiteko izena eman dutenak 164 izan dira, eta eskuko bizikletarekin, 77.

Bada beste datu «esanguratsu bat», parte hartzaileen adin tarteari erreparatuz gero. «Orain arte adin tarte nagusia 41-45 edo 46-50 izaten zen. Aurten, lehen aldiz, ez da hala gertatuko. 26 eta 30 urte artekoa izango da adin tarte nagusia. Denbora gutxian aldaketa nabarmena eman da horretan, eta oso datu esanguratsua eta ona iruditzen zaigu, batetik korrikalari gazteak direlako, eta, bestetik, aldaketa hori emakumeen parte hartzean eman den igoeragatik izan delako».

«Pena da, hasierako izen-ematearen ostean %33 baitziren emakumezkoak, eta azken orduko dortsal trukaketekin kopuru hori jaitsi egin da. Dena den, datua ona da» IÑIGO OLAIZOLABehobia-Donostiako koordinatzailea

Ordutegiei dagokienez, aipatutako tren zerbitzuen gutxitzea tarteko, uste zuten irteera hamabost minutu aurreratu beharko zutela. Baina, azkenean, ez da beharrezkoa izango. «Zerbitzu kopurua hasiera batean espero genuena baino zertxobait handiagoa izango da, eta horrek zertxobait lasaitu gaitu. Dena den, erabiltzaileei, batez ere Renfekoei, ordutegiak kontsultatzeko gomendioa ematen diegu, azken orduan aldaketaren bat egonez gero arazorik ez izateko».

Horrenbestez, iazko ordutegiei eutsi diete. 09:30ean abiatuko dira esku bizikletaz lasterketa egingo dutenak, bost minutu geroago, 09:35ean, patinatzaileen txanda izango da, eta 09:55etatik aurrera oinezkoena. «Abiatzen lehenak elite emakumezkoak izango dira, telebista emankizunean ikusgarritasuna irabazteko. Ondoren, txandan-txandan, eta marka edo denbora tarteen arabera, multzoka irteten joango dira. Azken lasterkariak 11:35ean abiatuko dira. Senide eta lagunek, bertatik bertara ez ez ezik Runlock aplikazioaren bidez jarraitu ahal izango dute korrikalarien jarduna». 

Lehia sustatzen ez duten arren, badira lasterketa irabazteko faboritoak. Emakumezkoen artean, lau izen aipatu ditu Olaizolak: Aroa Merino, Mireia Guarner, Pilar Fernandez eta Helene Alberdi. Merinok hiru aldiz zeharkatu du lehen tokian Bulebarreko helmuga: 2016an, 2017an eta 2018an. Fernandez, berriz, hirugarren izan zen iaz, 1.14.47ko denborarekin —Laura Rodriguez izan zen garailea, 1.14.22ko denborarekin—; Alberdi, berriz, sasoi onean iritsiko da. Gizonezkoetan, irteeran izango da Chakib Lachgar. 2019an eta iaz hura gailendu zen. 59.56ko denbora egin zuen. «Baina Txinatik itzuli berri da. Maratoi bat korritu du han, eta ea nola dagoen». Duela  bi urte Nano Oliveras gailendu zen, eta iaz podiumaren azken koskara jaitsi eta gero, berriro onena izateko lehiatuko da. «Iraitz Arrospidek ere ilusio handia izaten du urtero Behobian». 

Eguraldia, freskatzera

Lasterkarien denbora baldintzatzen duten faktoreetako bat eguraldia da.« Azken egunotako beroaren ostean, zorionez joera aldaketa dator larunbatetik aurrera, Badirudi freskatu egingo duela. Hamabost gradutatik igotzen ez bada, eta haizeak itsasaldetik edo ekialdetik jotzen badu, are hobeto». Arrisku gutxiago legoke lasterkariek bero kolpeak izateko. Dena den, edozein osasun arazoren aurrean, osasun arreta eskainiko duten bost gune egongo dira. Horrekin batera, hirugarren urtez jarraian lasterkariei aukera eman zaie osasun arazo eta sintomei buruzko galdetegi bat betetzeko. Lasterkarien artean %73,06k bete dute, patinatzaileen %75,61ek eta eskuko bizikletan dabiltzanen %77,91k.

Hamazazpigarren urtez, larunbatean, Anoetako estadio txikian, Behobia Txikia ere egingo da, 4 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Guztira, 2.000 haur inguru arituko dira lasterketa, bi urteko adin tarteetan. Distantziak adinera egokituko dituzte. 15:00etan hasiko dira nagusienak, eta 16:30ean txikienen txanda izango da. «Izen-emate bakoitzeko euro bat Aspanogi elkartera bideratuko da, minbizia duten haurren familien Gipuzkoako elkartera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.