22 urteko birika

Marcelo Bielsak eskarmentu gutxi duten hiru jokalariri eman die orekaren ardura: De Marcos, Iturraspe eta HerrerariBaloia dutenean ondo moldatzen dira, baina zailtasunak dituzte defentsan

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Athleticek apustu gogorra egin zuen udan Marcelo Bielsa entrenatzailea fitxatzea erabaki zuenean. Taldea itxuraldatzea eta, era berean, hobetzea ziren entrenatzaile argentinarra fitxatzeko arrazoi nagusiak. Baina apustua arriskutsua zen. Ez zegoen argi haren filosofiak Athleticen idiosinkrasiarekin bat egingo zuen ala ez. Zorionez, hilabete gutxi batzuetan argitu da kezka. Athleticek arriskatu egin zuen Bielsarekin, eta klubak egindako hautuak zeukan adinako ausardia erakutsi du argentinarrak zenbait jokalariri aginte makila emanda. Sei hilabete eskaseko lehiaren ostean, zaleak ohitu egin dira euskarrian Iturraspe, Herrera eta De Marcos ikustera.

Baina denboraldi-aurrea hasi zenean pentsaezina zen hori. Javi Martinez eta beste jokalari bat, horixe zen jarraitzaile eta aditu gehienen apustua. Beste hori Gurpegi, Orbaiz nahiz Herrera fitxatu berria izango zirela uste zuten gehienek. Baina Atlantikoaren beste aldetik etorritako iraultzaileak bestelako asmo batzuk zituen. Makina bat bideo ikusi ostean, argi zuen zeintzuk jokalari gura zituen Athleticen birika osatzeko. Askorentzat talde bateko posturik garrantzitsuena dena osatzeko, alegia. Zelai erdian aritzen direnek baitute taldeari oreka emateko ardura. Erasoan zein defentsan dute erantzunkizun handia.

Postu horretan jokatzeko aukeratzen diren futbolarien ezaugarrien araberakoa izaten da taldeak egiten duen jokoa. Bielsak, beldur gabe, 22 urteko hiru gazteri eman die ardura. Eta bistan da benetako apustua dela. Sendoa. Zer egiten duen argi duen entrenatzaile baten apustua. Eta gazte horiek erantzuten ari dira. Oraina eta etorkizuna bermatuta dauzka Athleticek.

1. Iturraspe, langile

Azken urteetako Lezamako apustu nagusietako bat egin dute Ander Iturrasperekin. Athleticeko teknikari guztiek beti pentsatu izan dute jokalari garrantzitsua izateko dohainak dituela abadiñarrak. Joaquin Caparrosek 19 urterekin eman zion Lehen Mailan debuta egiteko aukera. Beren belaunaldiko jokalarien aurretik doazen futbolarien pausoak eman zituen euskarri bizkaitarrak gorengo mailara ailegatu arte.

Baina onenen artean egin duen bidea ez da samurra izan. Caparrosek aukera gutxi eman zizkion, eta jokatzeko aukera eman zionean ere ez zuen aparteko jokorik egin. Jokalari «bigunaren» fama hartu zuen, eta jakina da zelai erdiari sendotasunik emateko gai ez den futbolari batek nekez gida dezakeela talde bat. Zuri-gorrien aurreko entrenatzaileak alboratu egin zuen, eta kolokan jarri haren etorkizuna. Lehen Mailan lehiatzeko behar zuen eskarmentua beste talde batean pilatu beharko zuela zirudien, Athleticek utzita edo loturarik gabe.

Bielsa Bilbon lurreratu aurreko kontuak ziren horiek. Iturraspek jokatu ahal izateko, Javi Martinezen postua aldatzeraino prest agertu da entrenatzailea, eta hark ukiezina zirudien. Hasieran, inork ez zuen ulertu erabakia. Baina, orain, ia inork ez du ezbaian jartzen apustua. Iturraspek egindako jokoak eta Aiegikoak atzelari gisa egindako ekarpenak lagundu dute larregi handitzeko arriskua zuen sutea itzaltzen. Iturraspe zelai erdian agintzen eta defendatzen ari da ikasten.

Baloia oinetan duenean ondo moldatzen da; lanerako gaitasunik ere ez zaio falta, baina beharrerako jarrera egokia izateak ez du esan gura ondo defendatzeko gai denik. Hiru euskarrien artean bera dago atzelariengandik gertuen, eta, beraz, defentsako lan horretan berak lagundu behar du gehien. «Jokatzen ari naizen postuak defendatzeko eskatzen du. Taldeko hirugarren erdiko atzelaria naizela esan daiteke», esan berri du Iturraspek. Ikasten ari da. Eta Bielsak behar adinako pazientzia izango du jokalariarekin, egoki ari delako bere lan berria barneratzen. Partida bat izan ezik, gainerako guztiak jokatu ditu.

2. Herrera, sortzaile

Euskarri postuan Athleticek osatzen duen eskaileran Herrera da bigarrena. Defentsan laguntzea eta baloiaren irteera erraztea da Iturrasperen betebehar nagusia, eta Herrerak zuri-gorrien erasoko joko guztia antolatu behar izaten du. Zaragozatik fitxatutako jokalariak dauka zelai erdiko jokoa josteko ardura. Inguruan dituen futbolari guztientzat da erreferentzia. Hamabi milioi euro inguru kostatu den futbolariak ilusio handia sortu du Athleticen: teknika ona dauka, areaz kanpotik ondo jaurtizen du, eta izaera gogorrekoa da. Ez da kikiltzen.

Baina zer hobetua ere badauka. Baloia duenean oso ondo moldatzen da, baina zer gertatzen da jokoaren ekimena aurkariak duenean? Bada, lekua zaintzea egokitzen zaionean, kosta egiten zaio maila on horri eustea. Ez da eroso aritzen baloiaren atzetik dabilenean. Desagertu egiten da. Eta gabezia horrek kalte handia egiten dio taldeari. Gehiago ahalegindu behar du. Bielsarentzat ez dauka ordezkorik, hala ere.

3. De Marcos, nekaezin

Euskarrien artean aurreratuena da arabarra. Erasokorrena. Hiruretan ezberdinena. Eta berak eman du ligako ezusteko nagusietako bat. Iturraspe eta De Marcos antzeko egoeran izan dira azken denboraldiotan. Aurreko sasoi bietan oso protagonismo gutxi izan zuen arabarrak, eta oran beste talde batean ariko balitz, inor ez litzateke harrituko. Lehen Mailan jokatzeko gaitasunik ba ote zuen ezbaian jarri izan da behin baino gehiagotan.

De Marcos aurrera begira jokatzen zuen hegaleko jokalari bat izan zen joan den sasoira arte. Caparrosen ustez, ez zen postu horretan jokatzeko bezain ona. Hortaz, atzelari izateko prestatu gura izan zuen. Ikusmolde aldaketa horrek lagundu egin dio futbolariari. Postu askotan jokatzeko gai dela sinetsi du, besteak beste. Bielsarekin ezker eta eskuin atzelari gisa jokatu du taldeak premia izan duenean —Lokomotiven aurka ezker hegalean ariko dela dirudi—. Baina inork ez zuen espero euskarri aurreratu gisa ematen ari den itxura emateko gai izango zenik.

Atzetik sartu eta aurkarien atzeko lerroan zuloak egitea da gaur egun duen ardura. Indartsua da, eta indar hori baliatzen du etengabe gora eta behera ibiltzeko. Sekulako erritmoa ematen dio jokaldi bakoitzari. Larregi, batzuetan. Bai paseak ematerakoan eta bai ate aurrean, patxada apur bat falta zaio. Barruan daukan indarra kontrolatzea lortzen badu, oso futbolari ona izango da, golak sartzeko gaitasuna ere badaukalako. Bost sartu ditu jada sasoi honetan. Bielsaren ustez, Espainiako selekzioan jokatuko duen hurrengo lehoia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.