Laboral Kutxa emakumezkoen txirrindulari taldeak 2024. urterako World Tour mailan ibili nahi du. Horretarako, aurrekontua nabarmen handitzeaz gain, 2023an emaitza onak lortu beharko ditu errepidean. Aitor Galdos (Ermua, Bizkaia, 1979) da taldeko manager berria. Datorren urteari begira taldea ahalik eta hobekien indartzeko ahaleginetan aritu dira azken hilabeteetan, eta txirrindularien zerrenda «bideratuta» daukatela aurreratu du.
Asmo handiko egitasmoa duzu esku artean?
Anbizio handiko egitasmoa da, bai. Urrats oso garrantzitsua egingo dugu. Behar dugu erreferentziako talde bat, lasterketa garrantzitsuenetan egongo dena, eta horretan ahaleginduko gara Laboral Kutxarekin. Espero dugu taldea haztea ditugun txirrindulari batzuekin, eta kanpotik etorriko direnekin.
2029ra arte luzatu duzue hitzarmena Laboral Kutxa babeslearekin. Proiektuari egonkortasun handia emango dio hain luzarorako berritu izanak, ezta?
Laboral Kutxari epe luzerako egitasmo bat ziurtatzea eskatu genion. Ortzi muga horrekin lasai egin ditugu gauzak orain arte, eta anbizioz beteta, baina, lasaitasunarekin, lan egiten jarraitzeko aukera izango dugu. Laboral Kutxa 2018an sartu zen, eta ordutik pausoak eman ditugu. Talde apal batekin hasi ginen; hurrengo helburua taldea indartzea izan zen, eta azkena taldea erreferente bilakatzea da, World Tour mailan egonkortuz.
2024rako izan nahi duzue World Tour mailako taldea. Pauso handia da.
Lehenik eta behin, esan behar da World Tour mailako taldea izateko aurrekontua baino aldagai gehiago hartu behar direla kontuan. Alegia, sailkapen bat dago, eta lizentzia kopuru bat. Gainera, eskaria zein den jakin behar da. Horren arabera, ikusiko dugu noiz izan gaitezkeen goi mailako taldea. 2024ko helburua jarri dugu hasieran, lizentzia berriak banatuko direlako orduan. Saiatuko gara hor ibiltzen, baina ez bagara sartzen, hurrengo urteetan ere izango dugu aukera.
Beraz, 2023a ez da trantsizio urte bat?
Exijentzia handiko trantsizio urte bat izango da. Egutegiko lasterketa garrantzitsuenetan maila ona eman beharko dugu derrigor, eta, noski, puntuak lortu. Lasaitasuna izan behar dugu, helburua lortzeak edo ez lortzeak ez duelako babeslearen ekarpena aldatzen. Baina geure buruarekin exijenteak izatea nahi dut.
Taldea asko indartu beharko duzue?
Bai, egungo txirrindulari batzuek taldean jarraituko dute, baina kanpotik ere ekarri beharko ditugu. Prozesuaren parte da. Ditugun helburuak bete ahal izateko, kirol arloan oso talde indartsua egin beharko dugu. Hamabost txirrindulariko taldea egin nahi dugu.
Bideratuak dituzue fitxaketak?
Albistea duela gutxi argitaratu den arren, hilabeteak daramatzagu egitasmo honetan buru-belarri jarrita. Fitxaketa batzuk dagoeneko eginda dauzkagu, eta beste txirrindulari batzuekin negoziatzen ari gara. Ez dakigu noiz itxiko dugun taldea, baina zerrenda bideratuta daukagu. Fitxaketekin taldearen maila hobetuko dugu, baina fitxaketak ezin dira World Tour mailako punta-puntako ziklistak izan. Prozesu bat da.
Dena den, gustuko taldea atondu ahal izan duzue?
Bai. Nahiko genituzkeen fitxaketa guztiak ezingo ditugu egin, baina normala da, gu oraindik Espainiako Kopa eta Euskal Herriko lasterketetan lehiatzen garelako. Goi mailako txirrindulari horiek erakarri ahal izateko, errepidean demostratu behar da. Halere, jendea harrituta geratu zen Idoia Erasok eta Yurani Blancok Espainiako txapelketan lortutako emaitzekin.
Egutegia ere indartu beharko duzue helburua lortzeko, ezta?
Bai, noski. Kanpoan ere lasterketa gehiago korrituko beharko ditugu, eta taldea arlo guztietan hurrengo pausoa emateko prestatu beharko dugu: egutegia, txirrindulariak, talde teknikoa... Beste tamaina bateko egitasmoa izango da aurrerantzean. Prozesu honetako momentu zailena, agian, 2023. urtea izango da.
1,8 milioi eurotik gorako aurrekontua izango duzue 2024tik aurrera. Datorren urterako zer aurreikuspen duzue?
Arlo ekonomikoan ere trantsizio urtea izango da, aurrekontua 2024tik aurrera indartuko dugulako bereziki. Hori horrela, datorren urtean txirrindulariak fitxatzeko muga batzuk ere izan ditugu.
Aurrekontu horrek bermatuko du taldeko txirrindulari guztien dedikazioa erabatekoa izatea?
Hori espero dugu. World Tourrean sartuz gero, gutxieneko soldata bat dago, eta sartzea lortuko ez bagenu ere, ahaleginduko ginateke neskei soldata bat ematen, apustu bat egiteko. Gero, norberak erabaki behar du bizikleta beste zerbaitekin uztartu nahi duen edo ez, baina guk aukera hori eman nahi diegu.
Harrobia indartzea nahitaezkoa izango da egitasmoak oinarri sendoak izan ditzan?
Bai, gure egitasmoak aukera edo aldagai hori aztertuta dauka. Edonola ere, datorren urtean gauzak nola doazen ikusi arte, itxaron behar dugu. Asmoa da harrobiko talde bat izatea, edo behintzat neska batzuekin goi mailakoa ez den egutegia egitea, pixkanaka haziz joan daitezen. Erabakiak pixkanaka-pixkanaka hartuko ditugu.
Aitor Galdos. Laboral Kutxa taldeko managerra
«2023a exijentzia handiko trantsizio urte bat izango da»
«Erreferentziako» talde bat izan nahi du Laboral Kutxak. Luzaroko egitasmoa izateak «lasaitasuna» eman arren, Galdosek dio errepidean «maila» eman beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu