Waltary Agusti. Trinket pilotaria

«2007an etorri nintzenetik desiratzen dute batzuek nik erretiroa hartzea»

Etzi buruz buruko zazpigarren txapela irabaz dezake jarraian, eta, bide batez, Manu Martiarenaren marka historikoa hobetu. Hala ere, ez du horretan pentsatu nahi; finala ondo prestatzea baino ez du buruan.

BOB EDME.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Baionako Moderneko kantxatik mintzo da Waltary Agusti (Habana, 1979). Argi hitz egiten du. Haren sakeak bezain bizi eta zorrotzak dira erantzunak.

Ondo duzu mindutako besoa?

Bai, ondo iritsiko naiz finalera. Ondo prestatu dut, eta jokatzea baino ez da gelditzen.

Kexarik ez duzu, orduan?

Gertatzen den guztia baikortasunez hartzen jakin behar da. Hala bizitzan, nola kirol ibilbidean. Gauza onak eta txarrak, baikortasunez hartu behar dira beti, eta kolpeetatik ondorio onak atera. Nik, behintzat, hala egiten dut.

Paxkal Ezkurra eta zure arteko bosgarren finala da igandekoa.

Bai, eta bera ere bost finaletara iritsi baldin bada eta aurretik txapelak irabazi izan baditu, zerbaitegatik da. Baina tira, hemen orainaldiak balio du bakarrik; etortzear dagoen finala da beti garrantzitsuena; iragana iragana da, eta jada ez du balio.

Zertan aldatu da zure jokoa Euskal Herrian eginiko urteotan?

Bilakaera fisikoaz gain, sakea nabarmenduko nuke. Sakeak aldatzen ikasi dut, batera edo bestera sakatzen aurkariaren arabera. Lehen, bizi baino ez nuen sakatzen, aurkariaren eskuak hausteko asmoz. Orain, aldiz, norabidea hobeto ematen diodala uste dut.

Manu Martiarenaren txapel marka hobetu dezakezu. Bazenuen horren berri?

Bai, ezagutzen dut markarena, hemen jende askok komentatzen du hori. Nik markari ez diot begiratzen; neure burua hori lortzera behartzea are presio handiagoa ezartzea litzateke, eta ez dut nahi. Lortzen badut, ondo, baina niretzat, orain finala da garrantzitsuena, ez marka lortzea.

Faborito garbia zara, presioa sumatzen duzu?

Faboritoak biak gara; haren zazpigarren finala ere bada, ezin da ahaztu. Faborito garbia naizela esatea kazetarien kontua da.

Ezkurra II.a sasoiko dago.

Bat nator. Txapelketa oso ona egin du. Haren multzoa ez zen erraza, eta partidak oso ondo atera ditu. Ducassou, esaterako, airean ibili zuen. Nire ustez, dena den, jauzi handiena duela bi urte eman zuen. Iazko finalean 33 tanto egin zizkidan, eta badakit igandean ere asko jokatu beharko dudala. Fisikoan, aldea egin du; oso ondo prestatua dago.

Zazpigarren finalean urduritasunak tarterik ba al du?

Sumatzen dut, noski. Finalen bezperan urduri egon ohi naiz. Buruz buruko final bat partida handia da, ez da nolanahiko gauza, eta aurretik sei jokatu ditudan arren, beti sumatzen dut urduritasuna. Zorionez, baina, behin kantxara irtetean, urduritasun hori kudeatzen asmatu izan dut. Ea igandean ez didan eragiten.

Sakea izango da gakoa.

Bai, pilotazaleek ezagutzen naute, eta ez da sekretua buruz burukoan nire arma nagusia sakea dela. Are gehiago Modernean, trinket oso bortitza delako. Ez naiz duela bost urteko Waltary bera; sakearekin kontrarioaren ahuluneak bilatzen ikasi dut.

Pilotekin gustura zaude?.

Bai, oso gustura. Moderneak edozein pilota on bilakatzen du. Motela denak ere bizitasuna hartzen du hemen.

33 urte dituzu. Noiz arte ikusten duzu zeure burua goi mailan?

Neure burua oso indartsu sumatzen dut, eta horretarako prestatzen naiz. Noiz arte? 2007an, 26 urterekin Euskal Herrira etorri nintzenetik desiratzen dute batzuek nik erretiroa hartzea. Orain bezala, beste lau urtez jarraitzeko moduan ikusten dut neure burua, 2017ra arte edo. Nire asmoa pilota 2017an uztea da. Pilota nire bizibidea da, nire kirola, eta asko gozatzen dut jokatzen. Horregatik diot nik erabakiko dudala noiz hartu erretiroa, eta ez pilotak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.