Orain hamar urte jokatu zuen lehen aldiz Patxi Puñalek (Uharte, Nafarroa, 1975) Osasunarekin Lehen Mailan. 26 urte betetzear zen. Berandu iritsi arren, gorritxoekin Lehen Mailan partida gehien jokatu duten jokalarien zerrendaren gailurretik gertu da. Eta Jose Luis Mendilibarrek konfiantza ikaragarria dauka harengan. Ekainean amaitzen zaio kontratua, eta ez daki luzatuko dioten ala ez, baina gozatzen ari da.
Minez ibili zara aste honetan. Osatu al zara?
Bai, ondo nago, ipurmasail ondoko giharra kargatuta amaitu ditut azken bi partidak. Medikuek proba bat egin zidaten, eta odolbildu txiki bat ikusi zuten. Horregatik, bi egun atseden hartzera behartu ninduten. Baina ondo nago, eta, entrenatzaileak nahi izanez gero, jokatzeko prest.
Egun gutxitan partida asko jokatzearen ondorioa da?
Ez dakit, ziztadatxo bat nabaritu nuen, ez dakit zerk eragingo zuen. Jokatzeko arazorik ez dut izan, baina partiden amaieran inguru hori kargatuta nabaritzen nuen.
Eskerrak osatu zaren, deialdia osatzeko ere lanak izango ditu Jose Luis Mendilibarrek aste honetan.
Hala dirudi, bai, baina bigarren taldeko jokalariak ere hor daude. Lesioak bolada kontuak izaten dira askotan, baina, zorionez, datorren asteburuan atsedena izango dugu, eta hurrengo norgehiagokarako prest izan daitezke min hartuta dauden jokalari asko.
Santiago Bernabeun aritzea gauza ederra da jokalarientzat, gainera.
Bai, noski, Bernabeun edo Camp Noun jokatzea ikusgarria da, eta ondo jokatzen baduzu, aurre egiten baldin badiezu eta punturen batekin itzultzen bazara, sentipen ikaragarriak bizitzen dituzu.
Ea Camp Noukoa ez den berriro gertatzen.
Asmo horrekin goaz, noski, ea amaiera arte puntuak eskuratzeko moduan izatea lortzen dugun, gutxienez. Tristea litzateke 20. minuturako partida erabakita egotea eta beraien atzetik korrika egitera kondenatuta egotea.
Iragan sasoiarekin alderatuta, hobera egin al du Real Madrilek?
Indartsu ikusten dut, azken urteetan baino indartsuago. Presioan eta lanean hobetu du batik bat, eta, azken boladan emaitza bikainak lortzen ari denez adorez gainezka izango da gainera. Fisikoki ere oso ondo ikusten ditut Real Madrileko jokalariak, azken urteetako unerik gozoenean. Hala ere, lana ondo eginez gero gure aukerak izango ditugula uste dut.
Bartzelonaren mailatik gertuago ikusten duzu Real Madril?
Gero eta gertuago ikusten dut, erraz ari da irabazten, eta, gehiago kostatzen zaionean, iragan astean Realaren aurka bezala, gogor borrokatzen da, lehen ez bezala. Bartzelonak eta Real Madrilek elkarren aurka jokatzen duten unera arte ez dago bi taldeen benetako maila zein den jakiterik.
Azken emaitza onak ikusita, zuek ere adorez gainezka iritsiko zarete.
Behar genuen puntuak hirunaka batzen hastea, eta astebetean jokoan izan diren bederatzi puntuetatik zazpi biltzea garrantzitsua izan da. Ezin dugu hor geratu, ordea. Badakigu Real Madrilen zelaian puntuak batzea ez dela erraza, baina puntuak batzen jarraitu behar dugu, Liga hasi besterik ez baita egin. Hamalau puntu ditugu, hori ez digu inork kenduko, baina lanean jarraitu behar dugu.
Real Madrilen zelaian irabaztea zer den badakizu[0-3 irabazi zuen Osasunak 2004an], eta, egun izar ugari baldin baditu ere, orduko taldean Zidane, Ronaldo, Figo, Roberto Carlos edo Raul zeudela ere ezin da ahaztu. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Oroitzapen berezirik ez daukat, guretzat egun handia izan zela soilik. Bernabeun irabaztea ahaztezina da, Bartzelona haren zelaian mendean hartu genuen eguna bezala. Gaur egun Real Madril haren zelaian ezustean harrapatzea ia ezinezkoa dela pentsa daiteke, baina orduan ere gauza bera gertatzen zen. Ez zegoen unerik gozoenean, baina partida jokatu aurretik irabaz genezakeela pentsatzea zaila zen, are gutxiago pentsatzea 0-3 are irabaziko genuenik. Ea berriro antzeko zerbait egiteko modurik badugun.
Osasuna asko aldatu da 2004az gerotik. Gero eta nafar gutxiago zaudete lehen taldean, esaterako. Kapitain eta etxeko jokalari gisa nola ikusten duzu zuk gai hori?
Bernabeun irabazi genuen talde hartan ere harrobitik kanpoko jokalari asko zegoen; golak Pablo Garciak, Valdok eta Mohak sartu zituzten, esaterako. Baina egia da gero eta nafar gutxiago gaudela lehen taldean. Niri ere Osasunan nafar gehiago izatea gustatuko litzaidake. Zaleak gehiago identifikatuko lirateke taldearekin, klubarentzat ere askoz hobea izango litzateke ekonomia aldetik, baina Taxoaren harrobia ondo lantzen jarraitu arren, bolada txarra egokitu da azken urteetan. Harrobia sasoi onean ikusten dut, baina egia da lehen taldera jokalari gutxi iritsi dela tamalez. Bolada kontua dela sinetsia naiz.
Urtetik urtera Osasunak bazkide gutxiago izateak izan al dezake loturarik horrekin?
Ez dakit, baina baliteke; jokalari nafar gehiago daudenean, Osasuna bere taldea duela sentitzea errazagoa da zenbait zalerentzat.
Urtebeterako bakarrik izan daitekeen arren, Raul Garciaren itzulera albiste ona izan da zaleentzat.
Poz ikaragarria hartu genuen albistea baieztatu zenean. Joan zenean triste jarri ginen, eta, urtebetez baldin bada ere, berriz Raulen jokoaz gozatu ahal izatea gauza pozgarria da.
Eneko Satrustegik ere debuta egin dezake. Nola ikusi duzu saioetan?
Dohain ikaragarriak ditu, Lehen Mailako ezker hegaleko atzelari batek behar dituen gaitasun guztiak dauzka. Baina gaztea da, eta jokatu beharra dauka balio duela erakutsi ahal izateko. Gaitasunak ikusten dizkiodan bezalaxe, gaztetasunak eragindako gabeziak ere baditu, eta hori hobetzeko era bakarra lehiatzea da. Iritsiko zaio unea, ea jarraitutasun apur bat ere ematen dioten. Entrenamenduetan gauzak ikusten dituzu, baina lehian ikusten da benetako jokalaria.
Bernabeun debuta egitea kaltegarria ere izan daiteke beretzat?
Ziur naiz poz ikaragarria hartuko lukeela jokatzeko aukera izanez gero.
Abuztuan hamar urte bete ziren Lehen Mailan debutatu zenuenetik,ia 26 urterekin. Orduan izan zenitzakeen asmoak bete dituzu, ezta?
Argi dago maila nagusira iristea gogorra izan zela niretzat. 25-26 urterekin helduagoa zara, eta ezin nuen imajinatu hamar urtez Lehen Mailan jokatuko nuenik. Ez da erraza.
Hamar urte, eta auskalo zenbat gehiago. Sasoia bikain hasi duzu.
Ondo nagoen bitartean futbolarekin gozatzen jarraitzea da nire asmoa, eta gero gerokoak.
Zure adinean jarraitutasuna ez izatea da kezka nagusia, baina Mendilibarrek badu konfiantza zugan.
Ezin naiz kexatu, baina, egia esan, ez dut horretan pentsatzen. Sasoiko jartzea eta gorputzak ondo erantzutea dut kezka bakarra.
Patxi Puñal. Osasunako jokalaria
«2004an ere inork ez zuen uste Bernabeun irabazi ahal genuenik»
Zaila dela aitortu arren, Osasunako kapitainak ez du baztertzen Real Madril haren zelaian ezustean harrapatzea. 36 urte bete berri izanagatik, ezinbesteko jokalaria da oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu