Philippe Bidabe. Miarritzeko jokalari ohia

«2002ko tituluaz hitz egiteak oraindik oilo ipurdia jartzen dit»

Urria bukatzearekin batera bukatu da Philippe Bidaberen errugbilari ibilbide profesionala. Bere jarduneko oroitzapenez mintzatu da, eta 2002ko Top14ko tituluaz bereziki.

Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Miarritzek Agilerako estadioan duen ostatuan elkartu da BERRIA Philippe Bidaberekin (Kanbo, Lapurdi, 1978). Hango zale guztiak izen txikiz ezagutzen ditu, eta denak banan-banan agurtu ditu. Kazetariarekin solasean ari dela, Miarritzeko hainbat jokalari hurbildu zaizkio, bere berri izateko. Lagun ona eta atsegina da Bidabe. Bere oroitzapen kutunenak gogoratzean nostalgia ere antzematen zaio.

Egun gutxi dira errugbia utzi duzunetik. Nola doa bizitza berria?

Oso ongi. Fresko-freskoa da oraindik, eta, egia erran, aski zeregin izan dut. Herriko Etxean harrera ofiziala egin zidaten herriko domina emateko,gero klubak ere omenaldia egin dit, orain zurekin nago... Ikusiko da hemendik aste batzuetara. Baina, egia erran, oso pozik nago.

Gauzak ongi pasatu dira, eta uztea zure erabakia izan den aldetik, gauzak errazten ditu, ezta?

Bai, ez dut batere kexarik. Nik ez nuen nahi batzuek bezala kontraturik lortu ezinik egon eta ezinbestean utzi. Gauzak adostu genituen taldearekin, eta neure burua prestatu nuen horretarako. Taldeak oso jarrera ona izan du lehen unetik, jokalariek ordulari bat oparitu didate, zaleek goxo hartu naute... Ez dut kexatzeko arrazoirik.

Espero zenuen horrelako harrera goxorik?

Egia erran, ez nuen espero. Asko poztu nau harrera honek. Nire bigarren familia da klub hau.

Ez da gutxiagorako: hamazazpi urte egin dituzu Miarritzen...

Anitz da! Lehen ikusi ditugun zaleak jadanik hor zeuden 17 urterekin lehen taldean hasi nintzenean. Orain nire lagunak dira. Badakit zein futbol talderen alde diren, zein zaletasun dituzten...

Nola gogoratzen dituzu zure hastapenak?

1996an izan zen, eta A2 mailan jokatzen genuen orduan [Bigarren Maila]. Lehen partida jokatu baino lehen, junior mailan ari nintzen, eta entrenatzaileek erran zidaten maila nagusian ariko nintzela. Nik uste nuen bigarren taldean ariko nintzela; ez nuen ulertu lehen taldean ariko nintzela!

Beste garai batzuk ziren orduan, eta beste errugbi bat zen.

Amateur mundua ezagutu nuen. Beste espiritu bat zen. Lehen partidaren ondotik partidako diru saria gutun-azal batean jaso nuen. Orduan ez nuen sinesten ahal errugbian jokatzeagatik dirua eman zidatela! Bi aldiz entrenatzen ginen astean; jendeak lana zuen ondoan.

2000ko urrezko Miarritzeren historia barnetik ezagutu duzu. Aldaketa itzela hasierako A2 mailako garaietatik, ezta?

Kluba oso fite egituratu zen. Serge Blanco klubeko presidente bilakatu zen, eta sekulako lana egin zuen. Hasieran, Top14ko finalak ikustean ez genuen pentsatzen horretara iristen ahal ginenik. Baina klubak gauzak ongi egin zituen, jokalari onak ekarri zituen, eskarmentudunak. Oso dinamika ona piztu zen, eta ondorengo urteetako garaipenen oinarria izan zen.

Ondoren, hiru aldiz irabazi zenuten Top14a: 2002an, 2005ean eta 2006an.Zeinek utzi dizu oroitzapen gozoena?

Dudarik gabe, 2002koak. Pixkanaka-pixkana taldera jokalari esanguratsuak etorri ziren: Roumat, Gonzalez, Bernat-Salles, Versailles, Thomas Lievremont... Denak oso jokalari handiak ziren, gehienak 30 urtetik gorakoak, baina inork ez zuen sekula irabazi Top14a. Misio batean bezala zeuden. Irabazteko irrika, grina berezia zeukaten. Asmatu zuten gogo hori gazteoi helarazten. Oso abentura azkarra izan zen.

Oso oroitzapen ona da 2002koa, ezta?

Sekulako oroitzapena da. Gaur, oraindik horretaz hitz egitean oilo ipurdia jartzen zait. Agian, ez ginen onenak izanen, baina egiazko talde bat ginen. Denak lagunak ginen, eta horrela gara oraino ere. Igandero, partida ondotik trago bat edateko elkartzen ginen, eta ez zen sekula taldeko kide bat ere eskas izaten. Oso harreman berezia sortu zen, eta titulu ondotik ospakizunetan ere hilabete pasa genuen egunero-egunero elkarrekin festa egiten. Hurrengo sasoian jokalari batzuek hamar kilo hartu zituzten, eta prestatzaile fisikoa ezin sinetsita zegoen. Sekulakoa izan zen.

Emozio handiko partida izan zen.

Partida bukaeran aulkian nengoen, eta 19-13 galtzen ari ginen. Menieu nire ondoan zen, eta negarrez ari zen, erranez bera zela madarikazioa [Clermontekin bi aldiz galdu zuen finala lehenago]. Orduan, 19-16ra hurbildu ginen. Azken unean Roffek ostikoa jo zuen. Luzapenean Mazasek sartu zuen garaipenaren drop-a, eta denak haurrak bezala jarri ginen, saltoka. Azkenean, antolatzaileek erran behar izan ziguten koparen bila joan behar genuela.

Euskal Herrian ere arrastoa utzi zuen titulu hark.

Jean Mixel Gonzalezek erraten du titulu hori ez zela Miarritzerena, Euskal Herri osoarena baizik. Ez nuen inoiz hainbeste jende ikusi Miarritzen gure itzulera ospatzen. Egunero Euskal Herriko txoko guztietan gonbidatuak ginen tituluarekin. Oroitzen naiz nola jendea ilaran jartzen zen kopa ikusteko. Hamaika herri egin genituen, ostatuek, errugbi taldeek eta peñek gonbidatuta. Oroitzen naiz nola Miarritzeko Kavo dantzalekuak klubera deitu behar izan zuen, ospakizun baten ondotik kopa ahaztuta utzi baikenuen igerilekuan.

Beste tituluek ere zapore ona izanen zuten, baina ez lehenak bezainbestekoa, ezta?

Beste urteetan desberdina zen. Gu ginen faboritoak. Frantziako selekzioaren erdia zelaian genuen: Dusautoir, Hariñordoki, Betsen, Lievremont... talde beldurgarria zen. Alde batetik, logikoa ere bazen guk irabaztea. 2002koak beste zapore bat zuen.

Agian Heineken kopa irabazi ez izana arantza gisa gordeko duzu?

Orain bi urte Tolosaren aurka galdu genuenean, egiari zor, merezita galdu genuen. Baina egiazko arantza bat Munsterren aurka galdutakoa izanen da [2006an, 19-23]. Irlandarrek oso talde ona zuten, baina gu hobeak ginen. Irabazi behar eta azkenean galdu egin genuen. Pena izan zen, ez genuelako gu baino hobeen aurka galdu.

Miarritzen gaztetxoak entrenatzen hasi zara. Errugbiarekin lotura izaten jarraitu nahi duzu?

Nire semeak eta Mazasenak errugbian hasi nahi zutelako hasi zen hau dena. Haien adin mailarik ez zegoen klubean, eta biek sortu dugu eta entrenatzaile gisa hasi gara. Oso gustura nabil 6-7 urteko gaztetxoekin. Hala ere, oraingoz beste asmo batzuk ditut errugbian aritzea baino. Laguntzaile gisa segituko dut lanean eta, zergatik ez, klubari ahal dudan moduan laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.