Mendia

20 eta 25 metro bitarteko haitz handi bat erori da Aizkorriko Naparraitz tontorretik

Joan den ostiraletik larunbatera erori zen. Litekeena da inguru horretan izan zen ekaitzaren tximista batek jota erori izana. Naparraitz eskalatzeko zeuden hiru bideei eragin die

Naparraitz, 20 eta 25 metro bitarteko altuera zuen haitza erori ondoren. BERRIA
jon ordonez garmendia
2023ko irailaren 13a
12:57
Entzun

Goierriko Hitza-k atzo jakinarazi zuenez, haitz handi bat erori da Aratz-Aizkorriko parke naturaleko Garagartza gunean (Gipuzkoa). Bi tontor handi daude leku horretan: Bikunaitz eta Naparraitz. Bigarren horretan erori da haitza, hego-mendebaldean, Olazti aldera (Nafarroa). 20 eta 25 metro bitarteko altuera zuen, eta, Iker Zubeldia Zegamako (Gipuzkoa) alkateak BERRIAri adierazi dionez, txiki-txiki geratu da: «Hautsa da». Horregatik uste du ez zela besterik gabe erori, eta ostiralean inguru horretan izan zen ekaitzaren tximista batek jo eta bota zuela.

«Eranskin itxura zuen haitz puska da erori dena», gaineratu du Zubeldiak. Ostiralean pasatu zen bera inguru horretatik, eta erori gabe zegoen hartara. Biharamunean, baina, larunbatean, eroritako haitzaren argazkia jaso zuen. Zegamako alkateak dio bere horretan geratuko dela paraje hori orain.

(ID_17029887675295) Aizkorriko Naparraitz tontorretik erori den harkaitz zatia.
Naparraitz, lehen zegoen bezala; erori den harkatiz zatia, marra batez inguratuta. EITB

Bikunaitz eta Naparraitz kare haitzak dira, eta eskalatzeko zenbait bide daude. Naparraitzen hiru zeuden, eta hiruei eragin die haitza erortzeak. Igor Lasa Gipuzkoako Mendi Federazioko koordinatzaile teknikoak astelehen gauean izan zuen erorketaren berri. BERRIAri azaldu dio Naparraitzen zeuden hiru bideetatik bi erabat erori direla haitzarekin. Horman ezkerrekoa, Superdiedro izena duena eta Mikel Saez de Urabain eskalatzaileak ireki zuena, erdizka geratu da, Lasak azaldu duenez. «Naparraitzen zegoen gehigarri itxurako haitz horren eskuinaldea erori da».

 

Garagartza inguruak kolore horia du eskaladarako. Alegia, hegaztiak babesteko, urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra debekatuta dago hor eskalatzea. Garai honetan eskalatu daiteke, ordea. Hala ere, Lasak nabarmendu du horrelako gertaerak eguraldia muturrekoa denean gertatzen direla, ekaitzak eta uholdeak daudenean, eta normalean ez dela jenderik egoten une horietan. Gainera, esan duenez, hor jende gutxi aritzen zen eskaladan, Naparraitzeko bideen zailtasunaren ondorioz. «Guk ez ditugu kudeatzen bide horiek, eta han dagoen ekipamendua oso berezia da. Zailtasun dexente zuten». Zubeldiak ere gaineratu du kasu bakanak direla horrelakoak, eta eguraldiak eragindakoak.

(ID_17029888716115) Aizkorriko Naparraitz tontorrean zeuden eskalada bidean, harkait
Naparraitzen zeuden eskalada bideak. GIPUZKOAKO MENDIZALE FEDERAZIOA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.