«Bera ni baino zaharxeagoa da», zehaztu du Aimar Olaizolak. Ekaitz Saralegiz mintzo da, eta hala da. Urte berean jaio ziren, 1979an, baina Olaizola azaroaren 11n, eta Saralegi abuztuaren 18an. «Adarra jo izan diot horrekin noiz edo noiz; aspaldidanik ezagutzen dut eta konfiantza dago», azaldu du goizuetarrak. Atzo, baina, Saralegik jo zion adarra Olaizolari, Labriten eginiko pilota aukeraketan. Denbora asko behar izan zuen hautatzeko, eta Saralegik errieta egin zion.
Urte berean jaiotakoak, gazte mailetan behin baino gehiagotan egin zuten topo. Euren urteko aurrelari onenak ziren, bata nafarra eta bestea gipuzkoarra. 1995ean, Elgetako lau t'erdiko kadete mailako torneoko finala jokatu zuten. «Nik irabazi nion. Urte hartan nire anaiak 23 urtez azpikoa irabazi zuen. Ordurako Saralegi ere nabarmentzen hasia zen». Aurkariak ere ez du ahaztu. «Galdutakoekin ez al da oroitzen? 18-9 irabazi zidan, bai. Ordurako ikusten zen oso pilotari ona zela».
Afizionatuetan buruz buru jokatu zuten aldi bakarra izan zen, baina binaka gehiagotan egin zuten topo. «GRAVNko finala irabazi nion, gazte kategorian», azaldu du Saralegik. «Olaizolak partida asko irabazten zituen garai haietan; ikusten zen ona izango zela. Barriolarekin jokatzen zuen, gainera. Bikote handia egiten zuten». Biek bide oparoa egin zuten afizionatuetan. Saralegik, besteak beste, DV torneoa irabazi zuen behin, eta bitan Antiguakoa. Olaizolaren lorpen handiena, berriz, debut goiztiarra izan zen, 1998an, 19 urterekin.
Saralegik hiru urte gehiago behar izan zituen Asegarceren deia jasotzeko. «Ekaitz asko gustatzen zaidan pilotaria da, oso polita da ikusteko. Bide ona egin du profesionaletan. Pilotari guztiek ezin dituzte txapel asko irabazi, eta berak maila oso ona eman du. Begira orain, bi urte jarraian lau t'erdiko finalerdietan».
Binaka hainbat partida jokatu izan dituzte, eta gehienak Olaizolak irabazi. Lau t'erdian, baina, bakarra, iazkoa, txapelketako finalerdietan. 22-18 irabazi zuen Olaizola II.ak. Ederra izan zen. 67 minutu iraun zuen, 366 pilotakada, biek 11na tanto egin zituzten jokoan, sei berdinketa egon ziren, eta Saralegi 16-18 aurreratu zen. «Txiripaz irabazi nuen. Arazo fisikoekin nenbilen, eta Ekaitzek asko jokatu zuen egun hartan».
Oroitzapenerako geldituko dira ikusleek galtzaileari bota zizkioten txapelak, aspaldian ikusi gabeko keinua. «Nahiago nuke larunbat honetan edalontziak botako balizkidate eta irabaziko banu. Nire ibilbideko egunik politenetarikoa izan zen, baina, hala ere, galdu. Pena eman zidan nirekin etorritakoei poz hura ezin emana; ea larunbat honetan...».
Hura, dena den, ez da izan elkarrekin kaiolan sartu diren azken aldia. «Pentsa, aurten ere lau entrenamendu egin ditugu elkarrekin», azaldu du Olaizola II.ak. Biak finalerdietan sartuta, bata bestearen sparring izatea egokitu zaie. «Gure artean ez dago sekreturik, urte gehiegi dira elkar ezagutzen dugula», gaineratu du.
1979ko uztaldikoak
Urte berean jaiotakoak dira, eta «ez dago sekreturik» Ekaitz Saralegi eta Aimar Olaizolaren artean. Afizionatu mailan maiz jokatu zuten elkarren aurka, eta profesionaletan, lau t'erdikoak elkartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu