Neskato beltz bat, familia beltz batean, Albanyn, AEBetako hegoaldean, arraza bereizkeria bete-betean. Alice Coachman. Gustuko zuen korrika eta jauzi egitea; baina ez zioten uzten azpiegitura publikoak erabiltzen, beltza zelako. Errepide zikinetan hasi zen korrika. Berak egiten zituen gainditu beharreko hesiak, egurrekin eta oihalekin. Oinutsik korrika egiten zuen, etxean ez zutelako dirurik korrika egiteko oinetakoak erosteko. Eskolara joateaz gain, lan egiten zuen, kotoia eta fruta biltzen.
Trebea zen korrika, eta hesiak gainditzen. «Neska horrek Ilargiaren gainetik jauzi egingo du», esan zion ezagun batek amari. «Lepoa hautsiko du», erantzun zion amak. Etxean ez zuten nahi korrika eta jauzika aritzerik, baina ezin izan zuten haren grina apaldu.
1939tik 1948ra arteko AEBetako gorako jauziko txapelketa guztiak irabazi zituen. 50 metrokoak ere bai 1943tik 1947ra. Ezin izan zuen 1940ko (Helsinki) eta 1944ko (Londres) Olinpiar Jokoetan parte hartu, bertan behera geratu baitziren, Bigarren Mundu Gerragatik. 1948koetara joan zen, Londresera. Urrezko domina irabazi zuen gorako jauzian, 1,68 metroko altuera gaindituta. Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen lehen emakume beltza izan zen. Charlote Cooperrek emakume baten lehen urrezko domina irabazi eta 48 urtera.
Ongietorria egin zioten AEBetan. Harry Truman presidenteak Etxe Zurira gonbidatu zuen. Coachamen jaioterrian, Albanyn, omenaldia antolatu zuten haren omenez, baina, ohi bezala, zuriak eta beltzak bereiztuz. Alkateak —zuria— uko egin zion eskua emateari. Coachman albo bateko atetik sarrarazi eta aterarazi zuten haren omenaldia egin zuten auditoriumean.
Olinpiar Jokoetatik itzuli, eta atletismoa utzi zuen, oraindik gazte. Ikur bihurtu zen beltzentzat. Iragarkiak egin zituen Coca Colarentzat. Irakasle izan zen, entrenatzaile, beltzen eskubideen aldeko ekintzaile eta atleta gazteen eta erretiratuen babesle. «Jokoetara joan eta kale egin banu, ez litzateke inor egongo nire oinatzei jarraitzeko», esaten zuen, bere garaipenaren garrantziaren neurria emateko.
ERAZTUN MOREA. Alice Coachman
1948. urtea
Beltzen eta emakumeen kontrako bazterkeriari aurre egin eta urrezko domina lortu zuen lehen emakume beltza izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu