Teresa Errandoneak (Irun, Gipuzkoa, 1994) ez du galdu bere kirol ibilbidearen hasieran zuen naturaltasuna eta gertutasuna. Hain zuzen ere, izaera horrekin helduko die lehen aldiz Olinpiar Joko batzuei. 100 metro hesidunetan ariko da. Bihar du sailkatze proba: 03:45ean Euskal Herrian.
Lehen aldiz arituko zara Olinpiar Joko batzuetan. Ilusioa da duzun sentipen nagusia?
Dudarik gabe. Duela lau urte, pentsatzen nuen ezinezkoa zela hemen egotea. Baina entrenatzailea aldatu nuen, eta Ramon Cidekin hasi nintzen entrenatzen. Hark hasieratik esan zidan lana ondo eginez gero Tokion egon gintezkeela, eta hemen gaude.
Zertan lagundu dizu Cidek?
Neure buruarengan konfiantza izaten. Askotan berak gehiago sinetsi du nigan, nik neuk baino. Teknikoki, berriz, bi alorretan hobetu dut hari esker: hesi artean korrika egiten eta horiei heltzeko orduan.
Zer du Cidek bere esku dauden atletek halako maila onean lehiatzeko?
Nik uste dut gakoa dela bera atleta izan zela, eta horrek gu ulertzen laguntzen dio. Gainera, kontzeptuak oso argi azaltzen dizkigu.
Neguan pista estalian aritzen zara, eta 60 metro hesidunak korritzen dituzu; udan, berriz, 100 metroak. Oso proba desberdinak dira?
Bai, jendeak pentsa dezake 40 metro gehiago ez direla asko. baina badago aldea. Lehenak indarra eta potentzia eskatzen ditu, eta bigarrenak, erresistentzia.
Zein duzu gustukoago?
Orain arte pista estalian hobeto moldatzen nintzen, baina azkenaldian 100 metroetan ere emaitza onak lortzen ari naiz, eta distantzia horretan hobetzeko tarte handiagoa dudala uste dut. 100 metroetan, bizkor joan behar dugu; gauzak sinpleago egin behar dira, amaierara askeago iristeko.
Otsailean kanporatua izan zinen Espainiako Txapelketan, epaileek zure irteera baliogabetzat jo eta gero. Beldurrik eragiten dizu halako zerbait gertatzeak bihar?
Egia esan, ez. Irteerak beti izan dira nire indargunea. Espainiako Txapelketa izan baino aste batzuk lehenago, nire kirol ibilbideko lehen irteera baliogabea egin nuen, eta horrek, agian, zalantza txiki batzuk eragin zizkidan. Baina, kasu honetan, uste dut epaileek huts egin zutela, eta irteera ez zela baliogabea izan.
Nolako sailkatze lasterketa espero duzu?
Buruan dudana urte hauetan egindako lana islatuko duen lasterketa egitea da, eta hamahiru segundotik jaistea. Espainiako Txapelketan, haizea aurka izan arren, gertu izan nuen.
Hori lortuz gero finalerdietan egongo zarela uste duzu?
Zaila izango da, 40 parte hartzaileetatik hamasei sailkatzen baitira. Baina nire esku dagoena hori da. Hortik aurrera, aurkariek egiten dutena ikusi beharko da. Sailkatu ez arren, hamahiru segundotik jaistea lortuko banu, pozik geratuko nintzateke.
Nolako proba egin beharko zenuke hori lortzeko?
Azken hilabeteetan egin ditudanaren parekoak. Ondo atera behar dut, eta hesien artean bizkor ibili.
Lau urtetako lana, hamahiru segundorako, pentsatuko dute askok. Nola bizi duzu zuk hori?
Hain zuzen ere, hori gustatzen zait niri. Adrenalina asko askatzen duzu. Izugarria da amaieran sentitzen duzuna. Gainerakoan, distantzia luzeagoko proba bat aukeratuko nuke.
Oso urduri jartzen zara lehiatu bezperetan?
Bai. Bezperako gauean apenas egiten nuen lo. Korritu izan ditut lasterketak ordu eta erdi eskas lo eginda. Hori dela eta, orain lotarako pilula bat hartzen dut.
Nolakoak dira aurreko uneak?
Bai estadioan, bai hotelean, lasai egotea gustatzen zait. Ez zait inporta inguruan jendea egotea. Baina nigan izaten dut arreta osoa.
Eta zer jaten duzu lasterketa egunean?
Gose gutxiago izaten dut, baina saiatzen naiz normalean jaten dudana jaten: gosaltzeko jogurta, oloa eta fruta jaten ditut; eta, bazkaltzeko, pasta oilaskoarekin.
Aurkariak asko aztertzen dituzu?
Egia esan, ez. Batez ere Europakoekin maiz lehiatzen naiz. Beraz, ondo ezagutzen ditut. Besteak, berriz, telebistatik ezagutzen ditut. Irrikaz nago AEBetako atletekin lehiatzeko, munduko onenak baitira. Dena den, garrantzitsuena arreta zure lanean jartzea da.
Eta, behin Olinpiar Jokoak igarota, zer asmo duzu?
Atseden hartu, mentalki zein fisikoki. Lesio txiki bat dut tibian. Duela aste batzuk jakin nuen, eta kolpea izan zen. Min pixka bat ematen dit, baina ondo zaindu dugu, eta lehiatzeko eta nire onena emateko moduan nago.
Lan ere egiten duzu. Nola daramazu biak uztartzea?
Ondo. Salto Systemsen egiten dut lan: 32,5 ordu astean. Erraztasun asko ematen dizkidate.
Tokio 2020. Teresa Errandonea. Atleta
«13 segundotik jaitsiz gero, pozik geratuko nintzateke»
Duela lau urte «sinestezina» iruditzen zitzaion Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea. Baina, Ramon Ciden eskutik, bilakaera handia izan du haren kirol ibilbideak, eta bihar onenekin izango da lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu