11 jokalarirekin ez da nahikoa

Athletic denboraldi bikaina egiten ari da, baina, Europarako sailkatzeko, ezinbesteko da aulkitik ateratzen direnen ekarpena. Talde zuri-gorriak gabeziak ditu postu batzuetan.

Dani Garcia
Dani Garcia Athleticekin sartutako lehen gola ospatzen. Almeriari sartu zion, orain aste batzuk. MIGUEL TOÑA / EFE
haritz gallastegi
2023ko azaroaren 23a
05:05
Entzun

Hamar hilabeteko txapelketa bati aurre egin eta helburuak betetzeko, gauza asko hartu behar dira aintzat. Horietako bat da entrenatzailearen hasierako asmoetan lekurik ez duten futbolarien ekarpena neurtzea. Izan ere, hamaikakoan lekurik ez duten jokalarien maila izaten da arrakastaren giltzetako bat: lesioek, zigorrek, kirolarien sasoi puntuak, selekzioen deialdiak… Faktore askok eragiten dute talde baten jardunean. Horregatik, ezinbestekoa da aulkian dauden futbolarien ekarpena ona izatea. Talde askok dituzte hamaikako indartsuak eta lehiakorrak, baina klub batzuek beste batzuek baino baliabide hobeak dituzte sortzen diren zuloak tapatzeko. Hor dago taldeen arteko alde nagusia. Athleticen ere nabari da ohiko jokalarien eta astero jokatzen ez dutenen artean dagoen aldea. Postu batzuk ondo beteta ditu Valverdek, baina beste batzuetan asko nabaritzen da aldea.

Atea ondo zainduta

Unai Simonek oso ondo jokatu du denboraldiaren lehen herenean. Lan asko izan du, eta bikain erantzun du. Erabakigarria izan da partida askotan, eta puntuak eman dizkio taldeari. Egun, ordezkaezina da, baina murgiarrak huts egiten duen egunean Valverde ez da asko estutuko. Ordezko atezain oso ona dago aukeraren zain; Julen Agirrezabalak erakutsi du gorengo mailan lehiatzeko gaitasuna duela. Athleticen atea zaintzea egokitu zaion bakoitzean oso ondo aritu da. Gaztea izan arren, patxadaz jokatzen du. Lasaitasuna ematen dio inguruari. Kezka sor dezakeen bakarra zera da, astero ez jokatzeak eta aukera duen bakoitzean barruan daukan guztia erakutsi beharrak eragin diezaiokeen presioa. Espainiako Kopan jokatuko du, baina prest dago ardura handiagoak hartzeko. Zelairatzea egokituz gero konfiantza handia ematen duen atezaina izateaz gain, Lezamako egunerokoan bere onena ematera behartuko du Simon. Lehia horrek aberastu egiten du Athleticek atean duen maila.

Atzean daude gabezia nagusiak

Bai kopuruz, baita talentuz ere, defentsan dauka Athleticek gabezia gehien. Iñigo Martinezen agurrak eta Yeray Alvarezen lesioak eragindako zuloa bete ezinda dabil teknikaria. Egiari zor, konponbide nekeza dauka arazoak. Gaitza baita bi jokalari oso onen hutsunea aldi berean betetzea. Valverdek Aitor Paredesen aldeko apustua egin du, Dani Vivianekin bikotea osatu dezan. Paredes gaztea da, eskarmentu gutxi dauka, eta, gainera, arazo fisikoekin ari da jokatzen. Horri guztiari gehituz gero aurrekoek langa goian jarri zutela, lana pilatzen ari zaio futbolari gazteari. Gainera, Athleticek arrisku handiak hartzeko joera dauka, eta horrelakoetan gehiago nabaritzen dira futbolarien gabeziak. Babes falta dute. Hegaletarako, berriz, Lekue da apustua. Ordezko ona da. Eskuinean zein ezkerrean ondo erantzuten du. Imanol Garcia de Albenizek, Beñat Pradosek eta Peru Nolaskoainek osatzen dute ordezkoen zerrenda. Valverdek ez du fede handirik erakutsi haien jokoan. Beste aukerarik izan ez duenean zelairatu ditu.

Zelai erdia egoki osatuta

Euskarriko bi postuetarako lau jokalari ditu Athleticek. Eskarmentu handikoak dira laurak, jarraitutasuna izanez gero ondo erantzungo dutela bermatzen duten futbolariak. Mikel Vesga eta Iñigo Ruiz de Galarreta ari dira gehien jokatzen. Gasteiztarraren ordezkoa Dani Garcia da. Teknikariaren konfiantza duen futbolaria, hain zuzen ere. Aurrera egin, eta erasoan taldeari laguntzeko joera gehitu dio denboraldi honetan ohiko grinari eta taldearen mesedetan egiten duen lan zikin guztiari. Ander Herrerak, berriz, sormenean laguntzeko ardura dauka. Bilbora itzuli zenetik, gurutze bidea izan du lesioekin, baina segidan jokatzeko moduan izan duen denbora apurrean ondo aritu da. Haren jokoaren kalitatea jakina da, eta zuri-gorriak aritzen diren erritmoari segitzeko gaitasuna badauka, asko emango dio taldeari.

Aurrean, Muniain eta Berenguer dira alternatibak

Athleticeko erasoko jokalariak bezain ondo aritzea ez da erraza. Iñaki Willimas, Nico Williams eta Oihan Sancet oso jokalari onak dira. Haien jokoa berdintzeko eskatzea asko eskatzea den arren, Alex Berenguerrek zein Iker Muniainek lagundu diezaiokete taldeari. Bakoitza bere gaitasunak ditu, baina biak dira ordezko onak. Beste aukera Adu Ares da. Oso denbora gutxian iritsi da lehen taldera, baina gorengo mailan dagoenetik ia ez du jokatu. Egin gabe dagoen futbolaria dela dirudi. Erdiko aurrelari posturako bigarren eta hirugarren aukerak Raul Garcia eta Asier Villalibre dira, hurrenez hurren. Iruñekoa bere kirol ibilbideko azken txanpan dago, eta Gernikakoak txapelketa hasi zenean baino gutxiago jokatzen du. Ez batak, ez besteak ez dute Valverde konbentzitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.