Milioi bat lagun itsasadarrean

Milioi bat athleticzale inguru espero dituzte bihar gabarrari ongietorria egiteko. Bilboko itsasadarraren ertzetan eta uretan 1.300 pertsona ariko dira lanean, segurtasuna bermatzeko.

Gizon bat gabarrari begira. LUIS TEJIDO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 9a
13:25
Entzun

Berrogei urteren ostean ontziratuko dira berriro ere Athleticeko jokalariak Gabarran, Kopako garaipena ospatzeko. Etzi izango da, 16:30etik aurrera. Jokalarien eta zaleen segurtasuna bermatzeko, 1.300 pertsonak osatutako segurtasun dispositibo bat jarriko da martxan, itsasadarraren ertzetan eta uretan arreta berezia jartzeko. Milioi bat pertsona inguru espero dituzte, duela 40 urte bezainbeste.

Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak, eta Amaia Arregi eta Nora Abete Segurtasun eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziek agerraldia egin dute gaur Bilboko udaletxeko prentsa aretoan, Athleticek lortutako Koparen ospakizunak direla-eta aurreikusitako operatiboen berri emateko. «Zentzuz eta erantzukizunez» jokatzeko eskatu diete zaleei. Frantziako Tourreko irteerarako iaz egindako ereduari jarraituz egin dute dispositiboa. Ertzaintzako, Udaltzaingoetako, Osakidetzako, Gurutze Gorriko, suhiltzaileetako eta babes zibileko kideek lan egingo dute, besteak beste.

Getxoko Abrako kirol portutik aterako da gabarra ostegunean. 16:30ak aldera hasiko da desfilea, eta bi ordu inguruko ibilbidea egingo du Bilboko udaletxeraino. Gutxi gorabehera, handik ordubetera iritsiko da taldea hurrengo geldialdira, autobusez: Bizkaiko Foru Aldundira. Espazio batzuk itxita egongo dira gaur gauetik aurrera, eta egoiliarrei eta larrialdietako zerbitzuei soilik utziko zaie igarotzen. Helburua da ibilgailuek gabarraren ikuspen eremuan ez aparkatzea.

Era berean, instituzioek 47 eremu kritiko eta 28 kontingentzia gune detektatu dituzte ibilbidean zehar. Hori dela eta, «behar bezala seinaleztatu eta zainduko dira», inbaditzea saihesteko. Desgaitasunen bat dutenek toki erreserbatua izango dute.

Itsasadarrean mota guztietako elementuekin bainatzea edo nabigatzea debekatuta dago, izena emanda daudenentzat izan ezik. Gainera, arrapalak, ontziralekuak, eskailerak eta itsasadarrerako beste sarbide batzuk libre mantendu beharko dituzte, segurtasuna bermatzeko. Bestalde, gomendioen artean, garraio publikoan mugitzeko eskatu dute. Baina kontuan izan behar da metroaren geltoki batzuk itxi egingo direla, erabiltzaile asko bilduko direlakoan. Material piroteknikoa erabiltzea ere galarazi dute.

Probak eginda

Bihar ibilbideari ekin aurretik, atzo itsasadarra zeharkatzen hasi zen gabarra, goizean goizetik. 04:30ean, Portugaletetik atera ziren portuko amarratzaileak, eta Bilborantz jo zuten gabarra prest jartzeko probei ekiteko. Herenegun uretaratu zuten ontzia, eta atzo goizean dena prest zegoen, gabarrak lehen metroak egiteko. 

Atoiontzi batek eraman zuen, atzo, Bilboko portura, eta bertan itxarongo du ostegunean Areetako Abrako itsas klubera eraman arte. Plataforma flotatzailea da gabarra, propultsiorik gabea, eta, beraz, ontzi bat behar da hura bultzatzeko eta beharrezko maniobrak egiten laguntzeko. Hortaz, hiru ontzik beteko dute lan hori. Pasaiako portuko Facal Once atoiontziak egingo dio tira gabarrari.

Negozioarekin tupust

Lorpenak negozioarekin ere egin du tupust. Kirol ekitaldiek jende asko biltzen duten garai honetan, dirua ere sartu da tartean. Hori gertatu da gabarraren atzetik joango diren ontziekin. Athleticek, Bilboko Portuko Agintaritzak, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak eta Bilboko Itsas Kapitaintzak 160ra mugatu zituzten gabarrarekin batera itsasadarrean gora joko duten ontziak. Horietatik 110 pribatuak izango dira, eta, horretarako, 250 eurotik 3.000 eurora bitarteko kanona ezarri zuen klubak. Hasieran, amarratzaileek planto egin zuten, baina jada bete dira toki guztiak.

Bada Kopako lorpenari etekina atera nahi dionik ere. Negozio aukera ezin hobea ikusi dute ikuspegi pribilegiatua duten balkoi, pisu eta hotelen jabeek. Adibidez, balkoiak alokairuan jarri dituzte zenbaitek, gabarra bertatik bertara ikusteko. 300 eurotik gorako prezioak dituzte gehienek, eta Interneten aurkitu daitezke.

Bilbon dagoen eromena erabatekoa da. Eta kontua ez da negozioa egitea soilik. Mobilizazioaren ondorioz, ikastetxe askok iragarri dute eskola eguna murriztuko dutela. Alegia, osteguneko eskolak bertan behera utzi dituzte bazkalostean, eta gehienek azterketak eta eskolaz kanpoko ekintzak atzeratu dituzte ikasleek festan parte hartzeko aukera izan dezaten.

GaBARRARI BURUZKO DATUAK

Noiz sortu zen?
1960an egin zuten, Celaya ontzioletan, Bilboko Portuko Agintaritzaren enkarguz.

Zertarako erabiltzen zen?
Material pisutsuak eramateko eta Bizkaiko industria elikatzen zuen burdina garraiatzeko.

Noiz erabili zuten lehenengoz ospakizunerako?
1983an, Athleticek Espainiako Liga irabazi zuenean.

 

Noiz izan zen azken aldia?
1984an, Liga eta Kopa irabazi zituztela ospatzeko.

Non egon da geroztik?
Bilboko Itsasmuseumen egon da gordeta.

 

Aldaketak egin dizkiote?
Konpontze lanak egin zizkioten, 200.000 euro ingurukoak.

Zenbat neurtzen du?
18,5 metroko luzera dauka, eta 8,5 metroko erruna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500