0-13ko partziala eginda, Bigarren Mailako txapela irabazi du Mikel Olaetxeak

Sake-erremateari eta Merino I.aren urduritasunari esker, 22-18 gailendu da Lizartzako aurrelaria

jon eskudero
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mikel Olaetxeak Bigarren Mailako buruz buruko txapela jantzi zuen atzo Logroñoko Adarraga pilotalekuan, Miguel Merinori 22-18 irabazita. Harrigarria izan zen Lizartzakoak egin zuena. Gaizki ari zen jokatzen, aurkariari erraztasun ugari emanez. Partida osoan atzetik joan zen markagailuan (0-6, 2-8, 5-12, 9-18), baina garaiz esnatu, eta ezustekoa eman zuen. 0-13ko partzialari eta Merinoren urduritasunari esker, partidan sartzen joan zen, eta, azkenerako, tanto ederrak ere egin zituen. Aurkariarena baino pilota motelagoa aterata, sake-errematea bikain baliatu zuen garaipena lortzeko.

Merino bikain sartu zen partidan, oso kontzentratuta. Olaetxeari ez zion bere jokoa egiteko inolako aukerarik eman, eta errebote bat baino gehiago jo zuen, gainera. Azken txanpan, ordea, urduritasunak asko eragin zion, eta garesti atera zitzaion. Lizartzakoak behetik gora egin zuen, eta botilleroak zein zaleek lagundurik, norgehiagoka ezin hobeto amaitu zuen. Lehenik binakako txapela irabazi zuen, eta orain banakakoa. Urte biribila ari da osatzen Asegarceko aurrelaria, eta enpresak badu aurrerantzean norekin kontatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.