«Begira, horko hori ni naiz». Kartelak egin ditu UEMAk Egin nirekin euskaraz! kanpainaren berri emateko, haur eta nerabeak agertzen dira horietan, eta aurpegi horien guztien artean berea zein den erakutsi nahi du Anastasia Tserak. Datorren ikasturtean hasiko da LH Lehen Hezkuntzan: 5 urte ditu. Andriy anaiak, 9; datorren ikasturtean amaituko du LH. Atzo kanpainaren aurkezpenean hitza hartu zuten haurretako bi izan ziren. Ibarran bizi dira biak, hango Uzturpe eskolako ikasleak dira, euskaraz jori egiten dute, baina gurasoak Ukrainan sortuak dituzte, etajatorriagatik usu sortzen diren aurreiritzien zama sentitu dute behin baino gehiagotan.
«Gu biok Donostian jaioak gara, baina inguruko pertsonek askotan pentsatzen dute gu Ukrainakoak garela; baina hori ez da horrela», azaldu du anaiak. Hizkuntza hautuan sentitu du maiz besteen begiradak zelan ikusten dituen: «Jendea askotan hasten zaigu erdaraz; niri ez zait gustatzen». Haurrek sarri sentitzen dute helduei gauzarik oinarrizkoenak ere azaldu behar zaizkiela, eta bere hitzetan ere agerikoa du sentipen hori. «Gure gurasoak dira ukrainarrak: gu Euskal Herrikoak gara». Etxean jaso gabe euskaraz noiz eta nola ikasi duten argitzen ere ez daki: naturala izan da. «Gure hizkuntza da». Dakizkiten gainerakoak ere harro zerrendatu dituzte bi umeek.
Aldaketa betean
Ondoan ikastetxeko zuzendaria dute haurrek, Aitor Bengoa. Uzturpe ikastolan ondo asko igartzen ari dira atzerritik heldutako familien premiak, berezitasunak. «Gure familietan lautik bat gurasoak kanpotik etorritakoak dira», azaldu du. Urruneko herrialdeetatik etorriak dira asko. Ondorioak ditu horrek, gero eta argiagoak: «Urte gutxitan aldaketa handia egon da ikastolako geletan hizkuntzari dagokionez. Eta urte gutxi diodanean, benetan dira urte gutxi: guk 2 urtetik 16 urte arteko ikasleak ditugu, eta adin tarte horretan ja antzematen dugu aldea: ikasle zaharrenetan, DBHko azken mailetan-eta, kanpotik etorritako ikasle eta familiak baditugu, baina ez hainbeste. Haur Hezkuntzan-eta, berriz, beste errealitate bat daukagu».
UEMAk eta Huhezik euskara eta kulturartekotasuna lantzeko duten egitasmoari horregatik erreparatu zioten artaz. «Proiektu horrek baditu adar ezberdinak, eta hortxe ari gara», azaldu du Bengoak. Egiteko lan handia dagoela uste du, «elkar ezagutzan», bereziki. Euskararen gainekoak eskolaren eginkizuna direlako, baina harago ere egin behar delako ezinbestean. «Gurasoekin, familiekin, lan egin beharra dago, haiei adierazteko non gauden, gure hizkuntza zein den eta abar. Gurasoekin lan egiten ez badugu, ikasleekin egiten dugun lana ez da hain nabarmena izango».
«Jendea hasten zaigu erderaz; ez zait gustatzen»
Hizkuntza hautuez aritzean erreparatu egin behar zaie jatorria atzerrian duten herritarrei ere. Ederki azaldu zuten atzo hori Andriy eta Anastasia Tsera anai-arrebek eta Aitor Bengoa haien eskolako zuzendariak: beren bizipenetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu