AEBetako hauteskundeak

295 ordezkari eskuratu ditu Trump buru duen Alderdi Errepublikanoak

Estatu erabakigarrietan, presidentegai errepublikanoak irabazi du, nahiz eta zenbaketa ez den oraindik amaitu. Senatuko gehiengoa ere eskuratuko dute errepublikanoek, beharrezkoak zituzten lau eserlekuak lortu baitituzte. Gertutik jarraitzeko, ikus BERRIAren mapa interaktiboa.

Jarraitzaile errepublikanoek Palm Beachen igaro zuten Trum garaile egin duen hauteskunde gaua. CRISTOBAL HERRERA ULASHKEVICH / EFE
Jarraitzaile errepublikanoek Palm Beachen igaro zuten Trum garaile egin duen hauteskunde gaua. CRISTOBAL HERRERA ULASHKEVICH / EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Jon Ordoñez Garmendia - Nerea Intxausti Castiñeira
2024ko azaroaren 6a
05:15
azken momentuan

Maine, demokrata; Alaska, errepublikanoa

Ezer gutxi balio du jada, baina Kamala Harrisek botoen gehiengoa eskuratu du Mainen. 

Errepublikanoek gainditu dute gehiengoaren langa aspaldi, baina zenbait estatutan irabazten jarraitzen dute, esaterako, Alaskan hiru ordezkari irabazi berri dituzte. Aldea are gehiago handitzen ari da: 295 ordezkari Trumpentzat, eta 226, Harrisentzat. 

Nevadako sei ordezkariak eta Arizonako hamaikak norentzan joango diren jakitea soilik falta da. Hasiera batean errepublikanoentzat izango lirateke, eta horrela geratuko lirateke ordezkariak: 312 Trumpentzat; 226, Harrisentzat. 

Kamala Harris: «AEBetako promesaren argiak beti egingo du dir-dir, amore ematen ez dugun bitartean»

Kamala Harris AEBtako presidenteordeak hauteskundeak galdu ditu, eta oraintxe egin du porrot egin eta ondorengo agerraldia: «Emaitzak ez dira izan guk espero genituenak, baina promesa estatubatuarraren argiak beti egingo du dir-dir, amore ematen ez dugun bitartean».

Jendetza bildu da Howard unibertsitatean, Washingtonen, nahiz eta atzo baino gutxiago. Haien txalo artean azaldu da Harris, Beyonce abeslariaren Freedom abestia entzuten zen bitartean. Harro azaldu da 107 egun iraun dituen kanpainaz. Bertan zeudenei esan die ulertzen duela etsipenak jota egotea, baina borrokan jarraitzea dela garrantzitsuena: «Batzuetan, zerbait lortzeak denbora behar izaten du».

Harris lehen emakumezko presidente beltza litzateke eta, horren aurrean, mezua bidali du: «Ez entzun zerbait lehendik egin ez delako ezinezkoa dela esaten dizuten horiei». Jendeari esan dio presidente bati ala alderdi bati leialak izatea baino, beti izango direla fidelak AEBtako Konstituzioari.

Hasi dira Trumpen kondenak ezkutatzen saiatzen

Presidente izango denaren kontrako bi kasu federalak isteko modua bilatzen ari da Jack Smith fiskal berezia, Trumpek urtarrilean kargua hartu baino lehen. Izan ere, Justizia estatubatuarraren protokoloak ezartzen du jarduneko presidente bat ezin dela auzipetua izan, Associated Press agentziaren arabera. 

Smithek iaz Trumpi leporatu zion 2020ko hauteskunde presidentzialen emaitzak iraultzeko konspiratzea eta Mar-a-Lagon dokumentu batzuk legez kanpo biltzea.

Bidenek Etxe Zurira gonbidatu du Trump

Joe Bidenek Trumpi deitu dio telefonoz, zoriondu egin du eta Etxe Zurira gonbidatu du. Oraindik presidente denak konpromisoa hartu du agintari batetik besterako trantsizioa arina izan dadin, eta Trumpi nabarmendu dio herrialdea bateratzeko lan egitearen garrantzia. Aurreragorako utzi du Trumpen bisitari data jartzea.

Bidenek Kamala Harrisi ere deitu dio, eta «egindako kanpaina historikoagatik» zoriondu du presidenteordea.

Lehen aldiz

Trump irabazle izendatu dute jada askok; halere, emaitzak gora behera, zenbait mugarri lortu ditu hauteskunde hauetan.

Esaterako, azken 20 urtetan lehen aldiz, botoetan irabazi duen lehen errepublikanoa izan daiteke. AEBetako hauteskunde sistema dela eta, ordezkari gehien irabazten dituenak lortzen du garaipena, eta ez boto kopuru gehien irabazten dituenak. Aipatzekoa da Trumpek lortu duena, azkenekoz George W Bushek lortu baitzuen 2004an.

Bide beretik, hautagai errepublikanoak XIX. mendeaz geroztik inork lortutakoa eskuratu du: presidente bigarren aldiz izatea, baina jarraian izan gabe, hau da, beste presidente bat tartean sartuta. 1885. urtean lortu zuen Grover Clevelandek eta, orain, Donald Trumpek, 2024ean.

Lehen aldiak aipatzen hasita, lehen aldia da kriminal kondenatu batek irabazi dituela Etxe Zurian bizitzeko hauteskundeak.

Kamala Harrisek Donald Trumpi deitu dio

Kamala Harrisek Donald Trumpi deitu dio telefonoz 2024ko hauteskunde presidentzialak irabazteagatik zoriontzeko. Komunikazio kanpainaren buru Steven Cheungek adierazi du Trumpek Harrisi aitortu diola «indarra, profesionaltasuna eta irmotasuna kanpainan zehar»; gaineratu du ados agertu direla «herrialdea bateratzeak» duen garrantzian.

Dei horrek bukaera eman diezaioke hauteskundeetako lehiari.

Pradales, Europaren eta demokraziaren alde

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Europa sendoago baten alde egin du, eta demokrazia hobetzearen alde. Artikulu bat idatzi du hori adierazteko. Iritzi du gaur egungo indar antidemokratikoak «demokrazia barnetik erasotzen» ari direla, «ondo antolatutako, aski finantzatutako eta kanpotik laguntza duten proiektu europarren kontra» egiten, hain zuzen.

«Ezin dugu onartu», esan du lehendakariak, eta ohartarazi du «oso-oso adi eta kontuz» ibiliko direla «irtenbide gisa planteatzen diren joera autoritario, bidegabe eta sinplistekin».

Pradalesek aurreikusi du nazioarteko harremanetan, merkataritzan eta ekonomian «ondorio nabarmenak» izan ditzaketen neurriak hartuko dituela Trumpek, eta esan du ikusi beharko dela nola eragiten duten Europaren eta Atlantikoko bi aldeetan. Halere, uste du datorren mundua «are ziurgabeagoa eta bidegabeagoa» izan daitekeela.

Trumpek Michiganen irabazi du

Michigan zen estatu giltzarri horietako bat, eta Trumpek bertan ere irabazi du, botoen %49,7rekin —%95 dago jada zenbatuta—. Bertako ordezkariekin Trumpek, oraingoz, 292 ordezkari lortu ditu.

Milioi bat boto demokrata gutxiago, New Yorken

Historian zehar demokratek irabazi izan dute New Yorken, baina, oraingoetan, iamilioi bat boto galdu dituzte, 2020ko hauteskundeekin konparatuta. Harrisek 4.330.195 boto lortu ditu hirian; aldiz, Bidenek orain lau urte, 5.244.886 lortu zituen.

Trumpek, bere aldetik, 3.251.997 boto lortu zituen 2020an, eta 3.428.381 atzo —%97 kontatu dute oraingoz—.

Netanyahuk Trumpekin hitz egin du telefonoz

Benjamin Netanyahuk Donald Trumpi deitu dio hauteskundeak irabazi dituela jakin eta gero. Netanyahuren taldeak esan du presidente izango dena zoriondu zuela, eta biek adostu zutela «elkarrekin lan egitea Israelen segurtasuna bermatzeko». «Iranen mahatxuaz» ere hitz egin zutela adierazi dute komunikazio batean. 

Zorion mezuak jaso eta jaso ari da errepublikanoa: Jeff Bezos Amazonen sortzaileak eta Washington Post egunkariaren jabeak zoriondu du «iraulketa politiko apartagatik eta garaipen erabakigarriagatik». X sare sozialean egindako txio batean erantsi du ez dagoela aukera gehiago duen naziorik, eta Trumpi «arrakasta» opatu dio, «guztiok maite dugun Amerika gidatzeko eta batzeko».

 

Harrisek gaueko hamarretan hitz egingo du

Hauteskundeak galdu ondoren, Kamala Harrisek gaueko hamarretan hitz egingo duela iragarri dute, Amerikako Estatu Batuetan arratsaldeko laurak izango direnean. Howard unibertsitatean izango da, Washingtonen.

Orain arte ez du agerraldirik egin.

Trumpek urtarrilaren 20ra arte itxaron beharko du

Trumpek datorren urteko urtarrilaren 20an hartuko du kargua. Bien bitartean, Joe Bidenek jarraituko du Etxe Zurian (Washington, AEBak), baina ez du neurriak hartzeko eta akordioak adosteko botererik izango.

Pandemiatik izan duen gorakada handiena izan du dolarrak, eta Bitcoinak beste errekor bat ezarri du

Zehazki, euroarekin alderatuta, %1,7 igotzen ari da AEBetako diruaren balioa: euro bat erosteko 1,0703 dolar behar dira gaur goizean. Atzo, 1,093 behar ziren. 2020. urtetik dolarrak izan duen hazkunde handiena da.

Errepublikanoaren garaipenak ez dio dolarraren balioari soilik eragin: Bitcoin bat erostea ere inoiz baino garestiagoa da orain. Atzotik, %8 igo da kriptodiru horren kotizazioa, eta lehen aldiz 70.000 euro baino gehiago balio ditu. Azken urteetan, Bidenen gobernuak zenbait muga ezarri dizkio kriptodiruen merkatuari, eta adituek aurreikusia zuten Trumpen garaipena mesedegarria izango zela horientzat.

Trumpek igaro du 270ko langa

AEBak Donald Trumpen bigarren agintaldia nahi duela erabaki du. Alderdi Errepublikanoko hautagaiak Ipar Carolinan, Georgian, Pennsylvanian eta Wisconsin garaipena eskuratu, eta AEBetako presidentetza ematen duten 270 botoen langa gainditu du. «Herrialde honetan gaizki dagoen guztia konponduko dugu».

«Arrakasta eta bedeinkazioak», Mileiek Trumpi

Javier Milei Argentinako presidenteak ere zorion mezuak bidali dizkio Trumpi. Horrez gain, Argentinarekin konta dezakeela adierazi dio Alderdi Errepublikanoaren hautagaiari.

 

 

Interesgarria izango zaizu
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.