Koronabirusa

Jaurlaritza «kezkatuta» dago kutsatzeek goranzko joera hartu dutelako

Zupiriak ohartarazi du prebentzio neurriak «urratzen» ari direla. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %16k jotzen dute izurria arazo larritzat

edurne begiristain
Gasteiz
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Bi aste dira COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaile gehienak arindu zituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina pandemiak azken egunetan hartutako bilakaerarekin «kezkatuta» dago Eusko Jaurlaritza. Astelehenean argitaraturiko txosten epidemiologikoak agerian utzi zuen joan den astetik kutsatze kopuruak eta intzidentziak gora egin dutela hiru lurraldeetan —iragan aste hasieran 111 zen intzidentzia metatua, eta, herenegun, 123,5era igo zen—, eta horri buruz galdetu zioten atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Intzidentziaren gorakada ez da oraingoz islatu ospitaletan, baina izurriaren bilakaera kezka iturria bada Jaurlaritzarentzat, Zupiriaren arabera.

Gobernuko bozeramailearen esanetan, herritarrak «lasaitu» egin dira neurri murriztailerik gabe «ia normaltasunera» itzultzeko era izan dutenetik. Haatik, birusa ez da oraindik desagertu,eta prebentzio neurriei eustea ezinbestekoa da, ohartarazi zuenez. Zupiriaren hitzetan, intzidentziaren eta kutsatzeen gorakadak agerian uzten dute oinarrizko neurri batzuk «nabarmen urratzen» ari direla, besteak beste, jende pilaketetan maskara ez delako behar bezala erabiltzen ari: «Oinarrizko osasun arauak ez dira betetzen ari. Jende pilaketak gertatzen dira, eta horietan ez da maskara erabiltzen».

Soziometroa

Euskal Soziometroaren azken inkestak ere azaleratu du azken hilabeteotan birusarekiko kezka apaldu dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean. Hain justu, inkesta horren arabera, azken bost hilabeteotan erdira jaitsi da hiru lurraldeetako herritarren artean izurriak eragiten duen ezinegona. Maiatzean, hamar herritarretik lauk arazo «oso larritzat» zuten pandemia, eta orain %16k baino ez dute arazotzat jotzen.

Gizartearen lasaitze horren «arriskuaz» ohartarazi zuen Zupiriak, eta kirol ikuskizunetan gertatzen dena adibidetzat jarri zuen. Horietan debekatuta dago elikagaiak kontsumitzea, baina «ohikoa da harmailetan hamarnaka pertsona ogitartekoak jaten egotea». Ez zuen argitu Jaurlaritzak osasun arauak betearazteko asmorik ote duen, baina ohartarazi zuen arauak betearazteko eta betetzeko erantzukizuna ekitaldien antolatzaileek eta ikusleek dutela. Gobernu kontseiluaren atzoko bileran gaia hizpide izan zuten, baina Jaurlaritzak oraingoz ez dauka neurriok aldatzeko asmorik: «Momentu honetan ez dira betetzen indarrean dauden neurriak aldatzeko baldintzak».Halaber, hezkuntza protokoloaez dutela gehiago malgutuko berretsi zuen bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.