Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat David Foster Wallacek Harper's aldizkariaren enkarguz 1995ean Kariben barrena egindako luxuzko itsas bidaldi baten kronika da. Danele Sarriugartek itzuli du, eta Pasazaite argitaletxeak kaleratu, estatubatuar literatura euskarara ekarriko duen sail berri bati hasiera emanez.
Kontrazaleko azken esaldiak jadanik aditzera ematen duen bezala, muturreko kontrasteetan eraikitako testua da: «Nola bestela bilaka daiteke amesgaizto hasiera batean paradisu zirudiena?». Izan ere, autoreari itsasoratzeak, bizipen atsegina baino gehiago, entretenimenduaren kultura eta, oro har, kontsumo-gizartearen lotsak agerian uzteko aitzakia paregabea eskaintzen dio.
Foster Wallace irakurleongan kontraesanak eragiten dituen idazlea da. Alde batetik, deskribatzaile zorrotza —tematia ere zenbaitetan— delako zalantza-izpirik ez da. Bere begirada originala baliatuta, itsasontziko txoko guztiak aztertu, materialen kalitateari buruzko iruzkinak egin edo egun oso bateko jardueren berri emateko gai da. Amorruak gainezka egiten dion istant urriak kenduta, etsipenetik sortzen zaion umore garratz xamar bat darabil bere kritikak dotoretzeko. Ironia beltz horrek ahalbidetzen dio, bortitzegi jokatu beharrik gabe, egurra barra-barra banatzea.
Foster Wallace, ordea, maitagarria bezain jasangaitza irudi dakioke ñabardurekiko lilura berezirik ez duen irakurleari. Izan ere, itsasontzi barruko testuinguru itxiak objektu edo gai beraren inguruko hausnarketa amaigabeak bultzatzen ditu, askotan narratzailea kiribil batean erori dela sentiaraziz —idazleak berez horretarako joera nabarmena ez balu bezala...—. Kasuren batean orrialde osoa hartzen duten oin-oharrak ere, idazlearen bereizgarri izan arren, alferrikakotzat joko dituzte batzuek; ez hainbeste komentario ironikoak egin edo bizitako pasarte dibertigarriak kontatzeko baliatzen baditu, bai aldiz haietan azalpen teknikoak jasoz gero. Zenbait erreferentzia arrotzak egingo zaizkio askori —produktu estatubatuarrak aipatzen dituenean, gehienbat—, baina gainerakoan, egileak partekatzen dituen sentipenak eta gogoetak unibertsalak eta, aldi berean, nahiko bakanak direla esango nuke.
Kronikan zehar David Foster Wallacek bere bertsiorik onena erakusten digu: xelebrea, obsesiboa, desengainatua, pentsamendu-kate harrigarrienak osatzeko gai dena... Baina baita ausarta eta argi-argia ere. Tarteka bere burua antiheroi batek bakarrik aurkeztu dezakeen bezain kontzienteki patetiko eta, hortaz, erakargarri agertzen da. Serio jarrita, eredugarria da estatubatuar eta turista izatearen inplikazioak aztertzean egiten duen autokritika. Halere, horretan ere ezinezkoa da harekin identifikatuta sentitu eta irribarre maltzurren batek ihes ez egitea.
Obrak, funtsean, sistemak berak bultzatzen duen zoriontasun behartuaren zentzugabekeria adierazten du, neurriz gaindiko eraginkortasuna erakusten duten langileek, haien irribarre profesionalek —hots, artifizial eta interesatuek— edota gehiegizko adeitasunak eta «heriotzarainoko mainatzeak» eragin dezaketen deserosotasunaz jabetu gaitezen. Paradoxa erraldoi bat dirudi: opor-esperientzia asegarria uste genuena, egiatan, aldi baterako fantasia hutsa baino ez da.
'Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat'
Irribarre profesionalak
Idazlea: David Foster Wallace. Itzultzailea: Danele Sarriugarte. Argitaletxea: Pasazaite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu